ADDAWk euskarara egindako itzulpen ez-ofiziala da hau. Akatsak izan ditzake: dokumentu ofizial eta arauemaile bakarra W3Cren Web Content Accessibility Guidelines (WCAG) 2.2 jarraibideen ingelesezko jatorrizkoa da. Gaztelaniaz ere irakur dezakezu.
Aurkezpenaren bidez transmititzen diren informazioa, egitura eta erlazioak programazio bidez zehaztu daitezke edo testu gisa eskuragarri daude.
Betetze-irizpide honen asmoa da formatu bisualean edo entzumenezkoan inplizituki dauden informazioa eta erlazioak mantentzea aurkezpenaren formatua aldatzen denean. Adibidez, aurkezpenaren formatua aldatu egiten da pantaila-irakurgailu batek edukia irakurtzen duenean edo egileak emandako estilo-orria ordezten denean.
Ikusten duten pertsonek hainbat adierazle bisualen bidez hauteman dezakete egitura. Adibidez, izenburuek letra-tipo handiagoa izan ohi dute, letra lodiz egoten dira eta paragrafoetatik zuriuneekin bereizita; zerrenda bateko elementuen aurretik buleta bat egoten da, eta litekeena da koska izatea; paragrafoak lerro zuri batez bereizita daude; ezaugarri komunak dituzten elementuak errenkadatan edo zutabetan antolatuta daude; formularioko eremuak etiketen testuak partekatzen dituzten taldetan antola daitezke; hondoko kolore desberdin bat erabil daiteke hainbat elementu elkarren artean lotuta daudela adierazteko; esanahi berezia duten hitzak beste letra-tipo batekin, letra lodiz, letra etzanez edo azpimarratuta markatzen dira, etab.
Soinu-adierazpenak ere erabil daitezke. Adibidez, kanpai-hots batek atal berri baten hasiera adieraz dezake; ahotsaren abiadura edo tonua aldatzea informazio garrantzitsua nabarmentzeko edo testua aipu bat dela adierazteko erabil daiteke, etab.
Erlazio horiek erabiltzaile talde batek hauteman ditzakeenean, erabiltzaile guztiek hauteman ditzaten lor daiteke. Informazioa erabiltzaile guztientzat irisgarria dela egiaztatzeko metodo bat informazioa modalitate desberdinak erabiliz eskuratzea da.
Glosario bateko terminoetarako estekak aingurak (edo erabiltzen ari den teknologiarako link elementu egokia) erabiliz ematen badira eta letra-tipo desberdin batekin identifikatzen badira, pantaila-irakurgailuen erabiltzaileek entzun ahal izango dute elementua esteka bat dela glosarioko termino bat aurkitzen dutenean, letra-tipoaren aldaketari buruzko informazioa jasotzen ez badute ere. Lineako katalogo batek produktuen prezioak letra-tipo handiagoan eta gorriz aurkez ditzake. Pantaila-irakurgailu batek edo kolore gorria hautematen ez duen pertsona batek informazio bera jasotzen du, betiere prezioaren aurrean dirua adierazten duen ikurra badago.
Teknologia batzuek ez dute informazio eta erlazio mota batzuk automatikoki zehazteko bitartekorik ematen. Kasu horietan, informazioaren eta erlazioen testu-deskribapen bat eman behar da. Adibidez, 'derrigorrezko eremu guztiak izartxo batez (*) markatuta daude'. Testu-deskribapenak deskribatzen duen informaziotik gertu egon behar du (orria linealki antolatuta dagoenean), dela elementu gurasoan, dela ondoko elementuan.
Halaber, kasu batzuetan erabaki beharko da zer informazio agertu behar den testuan eta zer informazio lotu behar den zuzenean, eta egokia izango ote den informazioa bikoiztea (adibidez, HTML taula batean, laburpen bat ematea taularen aurreko paragrafoan eta baita taularen beraren summary atributuan ere). Hala ere, ahal den guztietan, hobe da informazioa programazio bidez zehaztu ahal izatea, taularen aurretik testu-deskribapen bat ematea baino.
Oharra: Ez da eskatzen koloreen balioa programazio bidez zehaztu ahal izatea. Kolorearen bidez transmititzen den informazioa ezin da behar bezala aurkeztu balioaren bidez soilik. Horregatik, 1.4.1 betetze-irizpideak jorratzen du kolorearen kasu zehatza, 1.3.1 betetze-irizpideak baino lehen.
Betetze-irizpide honek desgaitasuna duten pertsonei laguntzen die, erabiltzaile-aplikazioek edukia erabiltzaile bakoitzaren beharretara egokitzeko aukera ematen baitu.
Erabiltzaile itsuek (pantaila-irakurgailuak erabiltzen dituztenek) onura jasotzen dute kolorearen bidez transmititzen den informazioa testuan ere eskuragarri dagoenean (informazioa transmititzeko kolorea erabiltzen duten irudien testu-alternatibak barne).
Braille-sistema erabiltzen duten erabiltzaile gor-itsuek ezin dute kolorearen mende dagoen informazioa eskuratu.
Derrigorrezko eremuak dituen formulario bat
Formulario batek derrigorrezko hainbat eremu ditu. Derrigorrezko eremuen etiketak gorriak dira. Gainera, etiketen amaieran izartxo bat dago, *. Formularioa betetzeko argibideek hau adierazten dute: 'derrigorrezko eremu guztiak gorriz daude eta izartxo batez markatuta', eta jarraian adibide bat ematen da.
Derrigorrezko eremuak adierazteko kolorea eta testua erabiltzen dituen formulario bat
Formulario batek derrigorrezko eremu batzuk eta aukerako beste batzuk ditu. Orriaren goiko aldeko argibideek azaltzen dute derrigorrezko eremuak testu gorriz markatuta daudela, baita 'Derrigorrezkoa' dioen testu-alternatiba duen ikono batez ere. Testu gorria eta ikonoa programazio bidez lotuta daude dagozkien eremuekin, laguntza-teknologien erabiltzaileek derrigorrezko eremuak identifikatu ahal izan ditzaten.
Gelaxka bakoitzaren goiburuak programazio bidez zehaztu daitezkeen autobus-ordutegien taula bat
Ordutegia taula bat da: autobus-geltokiak lehen zutabean daude zerrendatuta, bertikalki, eta autobusak lehen errenkadan, horizontalki. Gelaxka bakoitzak autobusa geltoki bakoitzetik zer ordutan igaroko den adierazten du. Autobusen eta geltokien gelaxkak dagokien errenkadaren edo zutabearen goiburu gisa identifikatuta daude, laguntza-teknologiek programazio bidez zehaztu ahal izan dezaten zer autobus eta zer geltoki dauden lotuta gelaxka bakoitzeko orduarekin.
Kontrol-laukien etiketak programazio bidez zehaztu daitezkeen formulario bat
Formulario batean, laguntza-teknologiek kontrol-lauki bakoitzaren etiketak zehaztu ditzakete.
Testu-dokumentu bat
Testu-dokumentu soil baten formatuan, lerro zuri bikoitz bat erabiltzen da izenburuen aurretik, izartxoak zerrenda bateko elementuak adierazteko eta beste konbentzio grafiko estandar batzuk, dokumentuaren egitura programazio bidez zehaztu ahal izateko.
Gaztelaniazko bideoa, euskarazko azpitituluekin. Ikusi YouTuben (WCAG 1.3.1 Informazioa eta erlazioak)
W3Ck betetze-irizpide honi lotzen dizkion teknika nahikoak, teknika gomendatuak eta ohiko akatsak, ADDAWk itzuliak. Teknika nahiko bat bakarrik nahikoa da adierazitako egoeran irizpidea betetzeko; gomendatuek gutxienekoa baino harago egiten dute; akatsek irizpidea betetzen ez duten egoerak deskribatzen dituzte.
Aurkezpenaren bidez transmititutako informazioa eta erlazioak software bidez zehaztu ahal izatea, honako teknika hauek erabiliz:
Aurkezpenaren bidez transmititutako informazioa eta erlazioak software bidez zehaztu ahal izatea edo testu gisa eskuragarri egotea, honako teknika hauek erabiliz:
Ikusi erreferentzia Teknikak eta hutsegiteak (W3C, ingelesez)