Addaw, joan hasierara Egin dohaintza
wcag2.0

Irizpidea 2.4.4 - Esteken helburua (testuinguruan) (A)

ADDAWk euskarara egindako itzulpen ez-ofiziala da hau. Akatsak izan ditzake: dokumentu ofizial eta arauemaile bakarra W3Cren Web Content Accessibility Guidelines (WCAG) 2.2 jarraibideen ingelesezko jatorrizkoa da. Gaztelaniaz ere irakur dezakezu.

Esteka bakoitzaren helburua esteka-testua soilik erabiliz zehatz daiteke, edo esteka-testua eta programazio bidez zehaztutako estekaren testuingurua erabiliz, salbu eta estekaren helburua anbiguoa litzatekeenean erabiltzaileentzat oro har.

Betetze-irizpide honen asmoa da erabiltzaileei esteka bakoitzaren helburua ulertzen laguntzea, aktibatu nahi duten ala ez erabaki dezaten. Ahal den guztietan, eman esteketarako testu bat, haien helburua testuinguru gehigarririk behar gabe identifikatzen duena. Laguntza-teknologiek web-orrian dauden esteken zerrenda bat eskain diezaiekete erabiltzaileei. Ahalik eta esanahi handiena duten testuek laguntzen diete zerrenda horretatik estekak hautatu nahi dituzten erabiltzaileei. Testu esanguratsuek laguntzen diete esteketan zehar tabulatuz nabigatu nahi dutenei. Era berean, zein esteka jarraitu erabakitzen laguntzen dute, orria ulertzeko estrategia konplikatuetara jo beharrik gabe.

Egoera batzuetan, egileek estekaren deskribapenaren zati bat estekaren testuinguruaren parte den testuan eman nahi izan dezakete. Kasu horietan, erabiltzaileak estekaren helburua identifikatzeko gai izan behar du, fokua estekatik kendu gabe. Beste modu batera esanda, esteka batera iritsi eta hari buruz gehiago jakiteko aukera izan behar lukete, hura begi-bistatik galdu gabe. Hori lor daiteke deskribapena esaldi, paragrafo edo zerrenda-elementu berean jarrita; estekaren aurre-aurreko izenburuan; esteka dagoen taula-gelaxkan edo taularen goiburuan —datu-taula bat denean—, horiek zuzenean lotuta baitaude esteka berarekin.

Testuingurua erabilgarriagoa izango da estekaren aurretik agertzen bada. (Adibidez, esteka batean testu anbiguo bat erabili behar bada, hobe da hura bere helmuga deskribatzen duen esaldiaren amaieran jartzea, esaldiaren hasieran jartzea baino.) Deskribapena estekaren ondoren badago, nahasmena eta zailtasunak sor diezazkieke orria ordenan (goitik behera) irakurtzen duten pantaila-irakurgailuen erabiltzaileei.

Helmuga bera duten estekek deskribapen berak izan behar dituzte (3.2.4 betetze-irizpidearen arabera), baina helburu eta helmuga desberdinak dituztenek deskribapen desberdinak izan behar dituzte.

Betetze-irizpideak salbuespen bat jasotzen du web-orriko informazioaren bidez helburua zehaztu ezin zaien esteketarako. Egoera horretan, desgaitasuna duen pertsona ez dago desabantailan; ez dago testuinguru gehigarririk eskuragarri estekaren helburua ulertzeko. Hala ere, estekaren helburua interpretatzeko erabil daitekeen testuinguru-informazio oro esteka-testuan eskuragarri egon behar da edo programazio bidez lotuta egon behar da, betetze-irizpide hau betetzeko.

Oharra: Egoera batzuetan, estekaren helburuak ezezaguna edo ezkutua izan behar du. Adibidez, joko batek «1. atea», «2. atea» eta «3. atea» gisa soilik identifikatutako estekak izan ditzake. Esteken testua nahikoa litzateke, esteken funtzioa erabiltzaile guztientzat suspensea sortzea baita.

Ikus, halaber, 2.4.9 Esteken helburua (esteka soilik) betetze-irizpidea ulertzea.

  • Betetze-irizpide honek laguntzen die zailtasun motorrak dituzten pertsonei interesatzen ez zaizkien estekei jaramonik ez egiten, teklatua erabiltzea saihestuz estekaren edukia bisitatu eta gero aurreko orrira itzultzeko.

  • Muga kognitiboak dituzten pertsonak ez dira desorientatuko interesatzen ez zaizkien edukietara joan eta etorri etengabe ibiltzeagatik.

  • Ikusmen-zailtasunak dituzten pertsonek esteka baten helburua zehaztu ahal izango dute haren testuingurua arakatuz.

Bideo azalpena

Gaztelaniazko bideoa, euskarazko azpitituluekin. Ikusi YouTuben (WCAG 2.4.4 Esteken helburua (testuinguruan))

Irizpide hau betetzeko teknikak

W3Ck betetze-irizpide honi lotzen dizkion teknika nahikoak, teknika gomendatuak eta ohiko akatsak, ADDAWk itzuliak. Teknika nahiko bat bakarrik nahikoa da adierazitako egoeran irizpidea betetzeko; gomendatuek gutxienekoa baino harago egiten dute; akatsek irizpidea betetzen ez duten egoerak deskribatzen dituzte.

Teknika nahikoak

Teknika gomendatuak

Ohiko akatsak

Ikusi WCAG teknika guztiak euskaraz

Ikusi erreferentzia Teknikak eta hutsegiteak (W3C, ingelesez)