Addaw, joan hasierara Egin dohaintza
wcag2.1

Irizpidea 4.1.3 - Egoera-mezuak (AA)

ADDAWk euskarara egindako itzulpen ez-ofiziala da hau. Akatsak izan ditzake: dokumentu ofizial eta arauemaile bakarra W3Cren Web Content Accessibility Guidelines (WCAG) 2.2 jarraibideen ingelesezko jatorrizkoa da. Gaztelaniaz ere irakur dezakezu.

Markaketa-lengoaietan inplementatutako edukian, egoera-mezuak softwarearen bidez zehaztu daitezke beren funtzioaren edo propietateen bidez, laguntza-produktuen erabiltzaileari aurkeztu ahal izateko fokua jaso gabe.

Betetze-irizpide honen helburua

Betetze-irizpide honen helburua da erabiltzaileak fokua ez duen edukian gertatzen diren aldaketa garrantzitsuez jabetzea, eta hori haien lana alferrik eten gabe egitea.

Aurreikusitako onuradunak pantaila-irakurketako gaitasunak dituzten laguntza-teknologiak erabiltzen dituzten erabiltzaile itsuak eta ikusmen-desgaitasuna dutenak dira. Onura gehigarri bat da desgaitasun kognitiboak dituzten erabiltzaileentzako laguntza-teknologiek egoera-mezuak adierazteko modu alternatibo bat lor dezaketela (edo baita mezu horiek atzeratu edo ezabatu ere), erabiltzaileak nahiago duenaren arabera.

Betetze-irizpide honen eremua egoera-mezuak dakartzaten edukiaren aldaketetara mugatzen da. Egoera-mezua WCAGen definitutako termino bat da. Bi irizpide nagusik zehazten dute zerbaitek egoera-mezuaren definizioa betetzen duen ala ez:

  1. Mezuak informazioa ematen dio erabiltzaileari ekintza baten arrakastari edo emaitzei, aplikazio baten itxaron-egoerari, prozesu baten aurrerapenari edo erroreak egoteari buruz.
  2. Mezua ez da testuinguru-aldaketa baten bidez ematen.

Betetze-irizpide honek zehazki lantzen ditu orrian eduki berria gehitzen den agertokiak, erabiltzailearen testuingurua aldatu gabe. Testuinguru-aldaketek, berez, erabiltzailea eteten dute fokua hartzean. Laguntza-teknologiek dagoeneko hautematen dituzte; beraz, dagoeneko bete dute erabiltzaileari eduki berriaz ohartarazteko helburua. Hortaz, testuinguru-aldaketak dakartzaten mezuak ez dira kontuan hartu behar, eta ez daude betetze-irizpide honen eremuan. Testuingurua aldatuz eduki berria gehitzen duten agertokien adibideak ematen dira jarraian, «Egoera-mezuak ez diren aldaketen adibideak» izeneko atalean.

4.1.3 betetze-irizpidearen onura zehatzak:

4.1.3  betetze-irizpidearen adibideak

Egoera-mezuen adibideak

  1. Erabiltzaile batek bilaketa-botoi bat sakatu ondoren, orriko edukia eguneratu egiten da bilaketaren emaitzak sartzeko, eta bilaketa-botoiaren azpiko atal batean erakusten dira. Edukiaren aldaketak «5 emaitza aurkitu dira» mezua ere badakar, eduki berri horren goiko aldetik hurbil. Testu horri egoera-mezu baterako funtzio egokia esleitzen zaio. Pantaila-irakurgailu batek hau iragartzen du: «Bost emaitza aurkitu dira».
  2. Erabiltzaile batek «Gehitu erosketa-saskira» botoia sakatu ondoren, erosketa-saskiaren ikonotik hurbil dagoen eduki-atal batek «5 artikulu» testua gehitzen du. Pantaila-irakurgailu batek hau iragartzen du: «Bost artikulu» edo «Erosketa-saskia, bost artikulu».
  3. Erabiltzaile batek «Posta-kodea» izeneko sarrera-eremu batean testu okerra sartu ondoren, «Sarrera baliogabea» dioen mezu bat agertzen da eremuaren gainean. Pantaila-irakurgailuak hau iragartzen du: «Sarrera baliogabea» edo «Posta-kodea, sarrera baliogabea».
  4. Erabiltzaile batek prozesu bat aktibatu ondoren, aplikazioa lanpetuta dagoela adierazten duen ikono bat agertzen da. Pantaila-irakurgailuak hau iragartzen du: «Aplikazioa lanpetuta».
  5. Aplikazio batek aurrerapen-barra bat erakusten du eguneratze baten egoera adierazteko. Elementuari funtzio egokia esleitzen zaio. Pantaila-irakurgailuak aldizkako iragarpenak egiten ditu aurrerapenari buruz.
  6. Erabiltzaile batek formulario bat bidali ondoren, «Zure formularioa behar bezala bidali da» dioen testua gehitzen zaio lehendik dagoen formularioari. Pantaila-irakurgailuak mezu bera iragartzen du.
  7. Erabiltzaile batek formulario bat oker betetzen du, datu batzuk formatu okerrean daudelako, eta ondoren «5 errore orrian» dioen testua gehitzen zaio lehendik dagoen formularioari. Pantaila-irakurgailuak mezu bera iragartzen du.
  8. Erabiltzaile batek lineako argazki-aplikazio bateko album batera argazki bat gehitu ondoren, «‘Ezkontza’ albumean gordeta» dioen mezu bat erakusten da alboko barra batean, eta pantaila-irakurgailu batek ere irakurtzen du.

Pantailan testu berririk gehitzen ez duten egoera-mezuen adibideak

Betetze-irizpide hau nahita idatzi zen batez ere orrian testu ikusgarria gehitzen denean (edo bertan ikusgai bihurtzen denean) aplika dadin. Horren arrazoia da testu berria erakusten denean erabiltzaile guztiek ikus dezaten nahi dela. Testua laguntza-teknologien bidez ere irisgarria dela ziurtatzeko bitarteko programatiko bat emanez, betetze-irizpideak informazio bera ematen die hura ikusi ezin dutenei edo ikusten ez dutenei. Hala ere, edukiaren aldaketa guztiek ez dakarte pantailan testua gehitzea. Jarraian, betetze-irizpide honetarako garrantzitsuak diren gogoeta batzuk aurkezten dira:

Laguntza-teknologien erabiltzaileentzako berariazko testu ikusezina

Baliteke kasu batzuetan testu ikusgarria gehitzeak berak bakarrik informazio nahikoa ez ematea laguntza-teknologien erabiltzaileari. Adibidez, eduki berria pantailako beste informazio-zati batzuetatik hurbil egoteak testuak berak bakarrik ez duen testuinguru bisual bat eman dezake.

Halakoetan, egileek eduki gehigarria izenda dezakete egoera-mezuan sartzeko, baita laguntza-teknologiei testuingurua gehitzeko eman dakiekeen testu ikusezina ere. Teknika horiek behar bezala erabiltzeari buruzko gogoeta garrantzitsuak xehetasunez aztertzen dira Teknika nahikoetan.

Egoera-testua aldatzea

Egoera-mezu batek orrian irauten badu, testu horri egindako aldaketak egoera-mezu berri baten baliokideak izan ohi dira. Adibide bat testua «0 artikulu»-tik «3 artikulu»-ra eguneratzen duen erosketa-saski bat izango litzateke. Orriko edukian halako aldaketak idazteko ohiko metodoen ondorioz, aldatutako testu-kate osoa aldaketa berritzat hartzen da eta, beraz, laguntza-teknologiek irakurri egiten dute. Hala ere, kate horretako zenbakia bakarrik kodetzen bada eguneratutako eduki-zati gisa, pantaila-irakurgailuen erabiltzaileentzat esperientzia «hiru» bakarrik entzutea izan liteke, eta baliteke hori nahikoa ez izatea erabiltzaileari testuingurua emateko. Egoera horietan, «3 artikulu» kate osoa egoera-testu gisa markatzea irtenbide hobea izango litzateke normalean. Ikus Teknika nahikoak informazio gehiago lortzeko, aria-atomic erabiltzea barne. Kasu honetan, adeitsua ere izango litzateke pantailatik kanpoko testua gehitzea mezuari, hala nola «erosketa-saskian».

Egoera-testua kentzea

Egoera-testua erabat kentzen den egoeretan, haren gabeziak berak egoerari buruzko informazioa transmiti dezake. Horren adibiderik agerikoena sistema «lanpetuta» edo «zain» dagoela adierazten duen mezu bat erakusten denean gertatzen da. Ikus dezakeen erabiltzaile batentzat, testu hori desagertzen denean, normalean egoera orain erabilgarri dagoenaren seinale da. Hala ere, ikusmenik gabeko erabiltzaileak ez lirateke aldaketa horretaz jabetuko, itxaron-egoeraren amaierak erabiltzailearentzat testuinguru-aldaketa bat eragiten ez badu behintzat. Mezu ikusgarria eguneratzea bideragarria ez denean (adibidez, «sistema erabilgarri» gisa), egoera-mezu ikusezin bat erabiltzeak, «sistema erabilgarri» adibidez, bermatzen du egoerari buruzko informazio baliokidea ematen dela. Ikus Teknika nahikoak informazio gehiago lortzeko.

Testua ez den egoera-edukia

Edukiaren aldaketak ez dira testu-aldaketetara mugatzen. Ikono batek edo soinu batek egoera-mezu bat adierazten duenean, pantaila-irakurgailuak informazio hori transmitituko du bi gauzaren konbinazioaren bidez: 1) testu-alternatibak arautzen dituzten WCAGen lehendik dauden betekizunak (1.1.1 betetze-irizpidea, Testua ez den edukia), eta 2) betetze-irizpide honek funtzio egokia emateko ezartzen duen betekizuna.

Egoera-mezuak ez diren aldaketen adibideak

Hurrengo adibideek egileak ekintza gehigarririk egin behar ez duen egoerak identifikatzen dituzte. Kasu guztiak betetze-irizpide honetatik kanpo daude, ez baitute «egoera-mezuen» definizioa betetzen.

Oharra

Gehitzen ari diren galdera horiei buruzko egoera-mezu bat sortzea, edo erabiltzaileari aldez aurretik jakinaraztea edukia alda daitekeela haren erantzunaren arabera, jardunbide egokiak dira, baina ez dira betekizunak agertoki honetan.

Eskualde bizien edo alerten beste erabilera batzuk

Eskualde biziak eta alertak modu erabilgarrian aplika daitezke betetze-irizpide honetan definitzen den egoera-mezua ez den eduki-aldaketa bat gertatzen den egoera askotan. Hala ere, arriskua dago aplikazio bat «berritsuegia» izateko pantaila-irakurgailuaren erabiltzaile batentzat. Erabiltzaileekin probak egin behar dira itzulera-informazioaren maila egokia lortzen dela ziurtatzeko. Teknika gomendatuek alertek edo eskualde biziek erabiltzailearen esperientzia nola hobe dezaketen erakusten duten adibideak ematen dituzte.

Oharra

Betetze-irizpide honen helburua ez da egileak egoera-mezu berriak sortzera behartzea. Haren asmoa da bermatzea, egoera-mezuak erakusten direnean, programazio bidez identifikatzen direla, laguntza-teknologiek erabiltzaileari aurkezteko moduan.

Bideo azalpena

Gaztelaniazko bideoa, euskarazko azpitituluekin. Ikusi YouTuben (WCAG 4.1.3 Egoera-mezuak)

Irizpide hau betetzeko teknikak

W3Ck betetze-irizpide honi lotzen dizkion teknika nahikoak, teknika gomendatuak eta ohiko akatsak, ADDAWk itzuliak. Teknika nahiko bat bakarrik nahikoa da adierazitako egoeran irizpidea betetzeko; gomendatuek gutxienekoa baino harago egiten dute; akatsek irizpidea betetzen ez duten egoerak deskribatzen dituzte.

Teknika nahikoak

A egoera: egoera-mezu batek ekintza baten arrakastaren edo emaitzen berri ematen badu, edo aplikazio baten egoeraren berri:

B egoera: egoera-mezu batek iradokizun bat edo errore bat dagoelako abisu bat ematen badu:

Aurreko teknika orokorren adibide guztiek ez dituzte egoera-mezuak erabiltzen erabiltzaileei abisuak edo erroreak helarazteko. "alert" funtzioa testuinguru-aldaketarik gertatzen ez denean soilik da beharrezkoa.

C egoera: egoera-mezu batek prozesu baten aurrerapenari buruzko informazioa ematen badu:

Teknika gomendatuak

Ohiko akatsak

Ikusi WCAG teknika guztiak euskaraz

Ikusi erreferentzia Teknikak eta hutsegiteak (W3C, ingelesez)