ADDAWk euskarara egindako itzulpen ez-ofiziala da hau. Akatsak izan ditzake: dokumentu ofizial eta arauemaile bakarra W3Cren Web Content Accessibility Guidelines (WCAG) 2.2 jarraibideen ingelesezko jatorrizkoa da. Gaztelaniaz ere irakur dezakezu.
Testuinguru-aldaketak erabiltzaileak eskatuta soilik abiarazten dira, edo aldaketa horiek gelditzeko mekanismo bat ematen da.
Betetze-irizpide honen xedea da diseinatzaileak bultzatzea erabiltzaileei testuinguru-aldaketen gaineko kontrol osoa ematen dien web-edukia sortzera. Betetze-irizpide honek ustekabeko testuinguru-aldaketak gertatzen direnean sor daitezkeen nahasmenak ezabatu nahi ditu; esate baterako, leiho berri bat automatikoki irekitzen denean, formulario bat automatikoki bidaltzen denean zerrenda bateko elementu bat hautatu ondoren, eta abar. Ustekabeko testuinguru-aldaketa horiek arazoak sor diezazkiekete zailtasun motorrak dituzten pertsonei, ikusmen urria dutenei, itsuei eta muga kognitibo jakin batzuk dituzten pertsonei.
Testuinguru-aldaketa mota batzuek ez dituzte erabiltzaile batzuk asaldatzen; are gehiago, onuragarriak ere izan daitezke haientzat. Adibidez, etengailu bakarreko gailuak erabiltzen dituztenak sistemak eragindako testuinguru-aldaketetan oinarritzen dira, eta ikusmen-zailtasunak dituzten erabiltzaileen hobespenak alda daitezke aldi berean zenbat eduki ikus dezaketen eta zenbat egitura gogoan har dezaketen kontuan hartuta. Eduki mota batzuek, diapositiba-aurkezpenek adibidez, testuingurua aldatzeko gaitasuna behar dute erabiltzaileari esperientzia baliodun bat emateko. Testuinguru-aldaketak automatikoki abiarazten dituen edukiak, erabiltzailearen hobespenek hala ahalbidetzen dutenean soilik, betetze-irizpide hau bete dezake.
Oharra: Esteka batean klik egitea 'erabiltzaileak eskatuta soilik abiarazitako' ekintza baten adibidea da.
Testuinguru-aldaketak hautemateko zailtasunak dituzten pertsonak agian ez dira ohartuko testuingurua aldatu dela, eta, horregatik, aukera gehiago dituzte webgune batean nabigatzean desorientatzeko. Adibidez:
itsuek edo ikusmen urria dutenek zailtasunak izan ditzakete testuinguru bisualean aldaketa bat noiz gertatu den jakiteko, adibidez leiho gainerakor berri bat irekitzen denean. Kasu horretan, testuinguru-aldaketen berri erabiltzaileei aldez aurretik ematen bazaie, txikiagotu egingo da 'atzera' botoiak espero bezala funtzionatzen ez duela ohartzean senti dezaketen nahasmena.
Ikusmen-zailtasunak, adimen-urritasuna edo irakurtzeko arazoak dituzten erabiltzaile batzuek, edo arrasto bisualak interpretatzeko arazoak dituztenek, onura atera dezakete testuinguru-aldaketak hautemateko arrasto gehigarriak ematen badira.
Muga kognitibo jakin batzuk dituzten pertsonak ez dira nahastuko orriaren birbideratze automatikoa web-zerbitzariak egiten badu, nabigatzailearen bidez egin beharrean.
'Eguneratu orain' botoi bat
Edukia automatikoki eguneratu beharrean, egileak 'Eguneratu orain' botoi bat eskaintzen du edukien eguneratze bat eskatzeko.
Birbideratze automatiko bat
Erabiltzaile bat orri batetik bestera automatikoki birbideratzen da, birbideratze bat gertatu dela inoiz ohartu ez dadin moduan.
Gaztelaniazko bideoa, euskarazko azpitituluekin. Ikusi YouTuben (WCAG 3.2.5 Eskaera bidezko aldaketak)
W3Ck betetze-irizpide honi lotzen dizkion teknika nahikoak, teknika gomendatuak eta ohiko akatsak, ADDAWk itzuliak. Teknika nahiko bat bakarrik nahikoa da adierazitako egoeran irizpidea betetzeko; gomendatuek gutxienekoa baino harago egiten dute; akatsek irizpidea betetzen ez duten egoerak deskribatzen dituzte.
G110: Nabigatzailetik berehala birbideratzea, zerbitzaritik ezin denean, honako teknika hauetako bat erabiliz:
Leiho gainerakorrak sartzea, honako teknika hauetako bat erabiliz:
Ikusi erreferentzia Teknikak eta hutsegiteak (W3C, ingelesez)