ADDAWk euskarara egindako itzulpen ez-ofiziala da hau. Akatsak izan ditzake: dokumentu ofizial eta arauemaile bakarra W3Cren Web Content Accessibility Guidelines (WCAG) 2.2 jarraibideen ingelesezko jatorrizkoa da. Gaztelaniaz ere irakur dezakezu.
Etiketak edo argibideak ematen dira edukiak erabiltzaileak datuak sartzea eskatzen duenean.
Betetze-irizpide honen xedea da erabiltzaileei laguntzea erroreak ez egiten datuak sartzeko eskatzen zaienean. Erroreak saihesten laguntzeko, komeni da informazioa sartzeko argibide eta arrasto errazak ematen dituzten erabiltzaile-interfazeak diseinatzea. Desgaitasuna duten erabiltzaile batzuek beste erabiltzaile batzuek baino aukera gehiago dituzte erroreak egiteko, eta zailagoa egiten zaie haiek zuzentzea; beraz, erroreak saihestea estrategia garrantzitsua da haientzat. Desgaitasuna duten pertsonak ondo dokumentatutako formularioen eta prozeduren mende daude orriarekin elkarreragiteko. Itsuek zehatz-mehatz jakin behar dute zer informazio sartu behar duten eremuetan eta zein diren aukera erabilgarriak. Formularioetako kontrolekin bisualki lotutako argibide errazek lagun diezaiekete urritasun kognitiboak dituzten erabiltzaileei edo orrira pantaila-handigailu baten bidez sartzen direnei.
Betetze-irizpide honen xedea ez da orriak beharrezkoa ez den informazioz gainezka jartzea, baizik eta desgaitasuna duten pertsonei onura ekarriko dieten arrastoak eta argibideak ematea. Informazio edo argibide gehiegi emateak ere oztopo bihur daiteke. Helburua da ziurtatzea behar adina informazio ematen dela, erabiltzaileak zeregina bete dezan nahasmen handirik edo gehiegizko nabigaziorik gabe.
input elementuekin lotutako label elementuei esker, pantaila-irakurgailuek sarrera-eremuari buruzko informazioa irakur dezakete eremuak fokua jasotzen duenean.
Lotutako eremuetatik gertu dauden etiketek pantaila-handigailuen erabiltzaileei laguntzen diete, eremua eta etiketa orriaren eremu handituaren barruan ikusgai egon daitezkeelako.
Datuen espero den formatuaren adibideak emateak urritasun kognitiboak, hizkuntza-urritasunak eta ikasteko urritasunak dituzten erabiltzaileei laguntzen die informazioa zuzen sartzen.
Derrigorrezko eremuak argi identifikatzeak saihesten du teklatua soilik erabiltzen dutenek formulario osatu gabe bat bidaltzea eta formulariora berriro nabigatu behar izatea osatu gabeko eremuak aurkitu eta falta den informazioa emateko.
Ameriketako Estatu Batuetako estatu baten bi karaktereko laburdura sartzea eskatzen duen eremu batek esteka bat du ondoan, estatuen izen guztiak beren laburdurarekin ordena alfabetikoan dituen zerrenda bat irekitzen duena.
Data bat sartu behar den eremu batek hasierako testu bat du, data idazteko formatu zuzena zein den adierazten duena.
Erabiltzaileak bere izena sartu behar duen eremu batek argi dio 'Izena', eta abizena sartzeko eremuak 'Abizena' etiketa du, zein izen eskatzen den nahasmenik egon ez dadin.
Ameriketako Estatu Batuetako telefono-zenbaki batek eremu-kodea, telefono-zentralea eta zenbakia hiru eremu desberdinetan bereizten ditu. Eremu-kodearen eremua parentesi artean dago, eta telefono-zentralearena eta zenbakiarena marratxo batez bereizita daude. Puntuazioak arrasto bisual bat ematen badie ere Estatu Batuetako telefono-zenbakien formatua ezagutzen dutenei, puntuazioa ez da nahikoa eremuak etiketatzeko. 'Telefono-zenbakia' etiketa ere ez da nahikoa hiru eremuak identifikatzeko. Egoera hori konpontzeko, hiru eremuak fieldset elementu batean biltzen dira, 'Telefono-zenbakia' dioen legend elementuarekin. Diseinuan ezin denez eremuetarako etiketa bisualik eman (puntuazioaz harago), 'title' atributuaren bidez etiketa ikusezinak ematen zaizkie hiru eremu horietako bakoitzari. Eremu bakoitzaren atributuaren balioa, hurrenez hurren, 'Eremu-kodea', 'Telefono-zentralea' eta 'Zenbakia' da.
Gaztelaniazko bideoa, euskarazko azpitituluekin. Ikusi YouTuben (WCAG 3.3.2 Etiketak edo argibideak)
W3Ck betetze-irizpide honi lotzen dizkion teknika nahikoak, teknika gomendatuak eta ohiko akatsak, ADDAWk itzuliak. Teknika nahiko bat bakarrik nahikoa da adierazitako egoeran irizpidea betetzeko; gomendatuek gutxienekoa baino harago egiten dute; akatsek irizpidea betetzen ez duten egoerak deskribatzen dituzte.
G131: Zer datu eskatzen den esaten duten etiketak idaztea ETA honako teknika hauetako bat:
Ikusi erreferentzia Teknikak eta hutsegiteak (W3C, ingelesez)