Addaw, joan hasierara Egin dohaintza
wcag2.0

Irizpidea 3.3.2 - Etiketak edo argibideak (A)

ADDAWk euskarara egindako itzulpen ez-ofiziala da hau. Akatsak izan ditzake: dokumentu ofizial eta arauemaile bakarra W3Cren Web Content Accessibility Guidelines (WCAG) 2.2 jarraibideen ingelesezko jatorrizkoa da. Gaztelaniaz ere irakur dezakezu.

Etiketak edo argibideak ematen dira edukiak erabiltzaileak datuak sartzea eskatzen duenean.

Betetze-irizpide honen helburua

Betetze-irizpide honen xedea da erabiltzaileei laguntzea erroreak ez egiten datuak sartzeko eskatzen zaienean. Erroreak saihesten laguntzeko, komeni da informazioa sartzeko argibide eta arrasto errazak ematen dituzten erabiltzaile-interfazeak diseinatzea. Desgaitasuna duten erabiltzaile batzuek beste erabiltzaile batzuek baino aukera gehiago dituzte erroreak egiteko, eta zailagoa egiten zaie haiek zuzentzea; beraz, erroreak saihestea estrategia garrantzitsua da haientzat. Desgaitasuna duten pertsonak ondo dokumentatutako formularioen eta prozeduren mende daude orriarekin elkarreragiteko. Itsuek zehatz-mehatz jakin behar dute zer informazio sartu behar duten eremuetan eta zein diren aukera erabilgarriak. Formularioetako kontrolekin bisualki lotutako argibide errazek lagun diezaiekete urritasun kognitiboak dituzten erabiltzaileei edo orrira pantaila-handigailu baten bidez sartzen direnei.

Betetze-irizpide honen xedea ez da orriak beharrezkoa ez den informazioz gainezka jartzea, baizik eta desgaitasuna duten pertsonei onura ekarriko dieten arrastoak eta argibideak ematea. Informazio edo argibide gehiegi emateak ere oztopo bihur daiteke. Helburua da ziurtatzea behar adina informazio ematen dela, erabiltzaileak zeregina bete dezan nahasmen handirik edo gehiegizko nabigaziorik gabe.

3.3.2 betetze-irizpidearen onura zehatzak:

  • input elementuekin lotutako label elementuei esker, pantaila-irakurgailuek sarrera-eremuari buruzko informazioa irakur dezakete eremuak fokua jasotzen duenean.

  • Lotutako eremuetatik gertu dauden etiketek pantaila-handigailuen erabiltzaileei laguntzen diete, eremua eta etiketa orriaren eremu handituaren barruan ikusgai egon daitezkeelako.

  • Datuen espero den formatuaren adibideak emateak urritasun kognitiboak, hizkuntza-urritasunak eta ikasteko urritasunak dituzten erabiltzaileei laguntzen die informazioa zuzen sartzen.

  • Derrigorrezko eremuak argi identifikatzeak saihesten du teklatua soilik erabiltzen dutenek formulario osatu gabe bat bidaltzea eta formulariora berriro nabigatu behar izatea osatu gabeko eremuak aurkitu eta falta den informazioa emateko.

3.3.2 betetze-irizpidearen adibideak

Bideo azalpena

Gaztelaniazko bideoa, euskarazko azpitituluekin. Ikusi YouTuben (WCAG 3.3.2 Etiketak edo argibideak)

Irizpide hau betetzeko teknikak

W3Ck betetze-irizpide honi lotzen dizkion teknika nahikoak, teknika gomendatuak eta ohiko akatsak, ADDAWk itzuliak. Teknika nahiko bat bakarrik nahikoa da adierazitako egoeran irizpidea betetzeko; gomendatuek gutxienekoa baino harago egiten dute; akatsek irizpidea betetzen ez duten egoerak deskribatzen dituzte.

Teknika nahikoak

Aurreko zerrendaren amaierako teknikak «azken baliabidetzat» hartu behar dira, eta beste teknikak orrian aplikatu ezin direnean soilik erabili. Aurreko teknikak hobesten dira, erabiltzaile-talde zabalago baten irisgarritasuna handitzen dutelako.

Teknika gomendatuak

Ohiko akatsak

Ikusi WCAG teknika guztiak euskaraz

Ikusi erreferentzia Teknikak eta hutsegiteak (W3C, ingelesez)