ADDAWk euskarara egindako itzulpen ez-ofiziala da hau. Akatsak izan ditzake: dokumentu ofizial eta arauemaile bakarra W3Cren Web Content Accessibility Guidelines (WCAG) 2.2 jarraibideen ingelesezko jatorrizkoa da. Gaztelaniaz ere irakur dezakezu.
Denboraren araberako multimediarako alternatiba bat ematen da, bai multimedia sinkronizatuko eduki grabatu guztietarako, bai bideoa soilik duen multimedia grabatu guztirako.
Betetze-irizpide honen asmoa da ikus-entzunezko materiala irisgarria izatea ikusmenagatik azpitituluak behar bezala irakur ezin dituzten eta entzumenagatik elkarrizketak eta audio-deskribapena entzun ezin dituzten pertsona guztientzat. Hori denboraren araberako multimediarako alternatiba bat emanez lortzen da.
Metodo hau multimedia-eduki sinkronizatuari buruzko informazio guztia (bisuala zein entzumenezkoa) testu gisa ematea da. Denboraren araberako multimediarako alternatiba batek multimedia-eduki sinkronizatuan gertatzen den guztiaren deskribapen paralelo bat ematen du. Denboraren araberako multimediarako alternatiba zinemako gidoi bat edo liburu bat bezala irakurtzen da. Audio-deskribapenetan ez bezala, bideo-zatien deskribapena ez dago elkarrizketen arteko etenaldietara mugatuta. Deskribapen osoek informazio bisual guztia jasotzen dute, baita testuinguru bisuala, aktoreen ekintzak eta aurpegierak eta beste edozein material bisual ere. Gainera, hitzezkoak ez diren soinu guztiak (barreak, eszenatik kanpoko ahotsak, etab.) deskribatzen dira, eta elkarrizketa guztien transkripzioak sartzen dira. Deskribapenaren eta elkarrizketen transkripzioaren sekuentzia multimedia sinkronizatuarena bera da. Ondorioz, testu-alternatiba osoak multimedia sinkronizatuaren edukiaren irudikapen askoz osoagoa eman dezake audio-deskribapen soil batek baino.
Multimedia-aurkezpen sinkronizatuaren parte gisa elkarreraginen bat badago (adibidez, 'sakatu orain galderari erantzuteko'), orduan testu-alternatiba osoak estekak edo beharrezkoa den guztia eman beharko luke funtzionaltasun bera emateko.
Ikusmenagatik azpitituluak behar bezala irakur ezin dituzten eta entzumenagatik elkarrizketak entzun ezin dituzten pertsonek denboraren araberako multimediarako alternatiba eskura dezakete braille-gailu bat erabiliz.
1. oharra: 1.2.3, 1.2.5 eta 1.2.7 irizpideetan, bideo-pistako informazio guztia audio-pistan ematen bada jada, ez da audio-deskribapenik behar.
2. oharra: Neurri batean, 1.2.3, 1.2.5 eta 1.2.8 irizpideak elkarren gainean daude. Helburua da egileari aukeraren bat ematea gutxieneko betetze-mailan, eta betekizun gehigarriak goiko mailetan ezartzea. 1.2.3 betetze-irizpidearen A mailan, egileek audio-deskribapen bat edo testu-alternatiba oso bat emateko aukera dute. AA maila bete nahi badute, 1.2.5 betetze-irizpidean egileek audio-deskribapen bat eman behar dute (betekizun hori beteta dago jada 1.2.3 irizpiderako alternatiba hori aukeratu bazen; bestela, betekizun gehigarri bat da). 1.2.8 betetze-irizpidearen AAA mailan, testu-deskribapen hedatu bat eman behar da. Hori betekizun gehigarri bat da 1.2.3 eta 1.2.5 audio-deskribapen bat soilik eskainiz betetzen badira. Hala ere, 1.2.3 testu-deskribapen bat emanez betetzen bada, eta 1.2.5 audio-deskribapen batekin, orduan 1.2.8 irizpideak ez du betekizun berririk gehitzen.
Ondo ikusten ez duten edo itsuak diren eta, gainera, ondo entzuten ez duten edo gorrak diren pertsonek ikus-entzunezko aurkezpenetako informazioa eskura dezakete.
1. adibidea. Multimedia sinkronizaturako alternatiba prestakuntza-bideo baterako
Gizarte-zentro batek prestakuntza-bideo bat erosten du bere bezeroentzat, eta zentroaren intranetera igotzen du. Bideoak teknologia berri bat nola erabili azaltzen du, eta pertsona bat ageri da hizketan eta gauzak erakusten aldi berean. Gizarte-zentroak multimedia sinkronizaturako testu-alternatiba bat ematen du, bezero guztiek, erakustaldiak ikusi edo azalpenak entzun ezin dituztenek barne, aurkezten dena ulertu ahal izan dezaten.
Gaztelaniazko bideoa, euskarazko azpitituluekin. Ikusi YouTuben (WCAG 1.2.8 Multimedia-alternatiba (grabatua))
W3Ck betetze-irizpide honi lotzen dizkion teknika nahikoak, teknika gomendatuak eta ohiko akatsak, ADDAWk itzuliak. Teknika nahiko bat bakarrik nahikoa da adierazitako egoeran irizpidea betetzeko; gomendatuek gutxienekoa baino harago egiten dute; akatsek irizpidea betetzen ez duten egoerak deskribatzen dituzte.
G69: Bideo batean gertatzen den guztia kontatzen duen testu oso bat eskaintzea, honako teknika hauetako bat erabiliz:
Denboraren araberako multimedia-edukiaren alternatiba estekatzea, honako teknika hauetako bat erabiliz:
Ikusi erreferentzia Teknikak eta hutsegiteak (W3C, ingelesez)