ADDAWk euskarara egindako itzulpen ez-ofiziala da hau. Akatsak izan ditzake: dokumentu ofizial eta arauemaile bakarra W3Cren Web Content Accessibility Guidelines (WCAG) 2.2 jarraibideen ingelesezko jatorrizkoa da. Gaztelaniaz ere irakur dezakezu.
Hitzen ahoskera zehatza identifikatzeko mekanismo bat ematen da, baldin eta hitz horien esanahia, testuinguruan, anbiguoa bada haien ahoskera ezagutu gabe.
Betetze-irizpide honen xedea da itsuei, ikusmen urria dutenei edo irakurtzeko arazoak dituztenei laguntzea edukia ulertzen, esanahia ahoskeraren araberakoa den kasuetan. Askotan, hitzek edo karaktereek esanahi desberdinak izaten dituzte, eta esanahi bakoitzak bere ahoskera du. Hitz edo karaktere horien esanahia, oro har, esaldiaren testuingurutik ondoriozta daiteke. Hala ere, esaldi konplexu edo anbiguoetan, edo hizkuntza jakin batzuetan, ezin da hitz baten esanahia erabat ondorioztatu haren ahoskera zuzena jakin gabe. Pantaila-irakurgailuak gaizki ahoskatutako esaldi bat irakurtzen duenean, zailagoa izan daiteke ulertzea begiz irakurtzen denean baino. Ahoskera ezagutu gabe hitzak anbiguoak edo zehaztugabeak direnean, ahoskera zuzena zein den zehazteko bitartekoak eman behar dira.
Adibidez, ingelesez, heteronimoak modu berean idazten diren baina ahoskera eta esanahi desberdinak dituzten hitzak dira; esate baterako, 'desert' (abandonatu) eta 'desert' (eskualde idorra). Ahoskera zuzena esaldiaren testuingurutik zehaztu badaiteke, ez da beste ezer behar. Ezin bada, ahoskera zuzena zehazteko mekanismoren bat beharko litzateke. Gainera, hizkuntza batzuetan, karaktere jakin batzuk modu desberdinetan ahoska daitezke. Japonieraz, adibidez, badira zenbait karaktere, Han (Kanji) karaktereak kasu, hainbat ahoskera dituztenak. Pantaila-irakurgailuek gaizki ahoska ditzakete, haien ahoskerari buruzko informaziorik ez badute. Gaizki irakurtzen direnean, edukiak ez du zentzurik izango erabiltzaileentzat.
Betetze-irizpide honek pertsona hauei lagun diezaieke:
hitzak deskodetzeko zailtasunak dituztenei
edukia testuinguruan oinarrituta ulertzeko zailtasunak dituztenei
hitzak ozen irakurtzen dituzten programak erabiltzen dituztenei
Pertsona baten izenaren irakurketa ematea.
Japonierazko web-orri batek Han (Kanji) karaktereak erabiltzen ditu, eta kana karaktereak (karaktere silabiko fonetikoak) ematen ditu Han karaktereen ondoren idatzita, pertsona baten izenaren ahoskera erakusteko. Ahoskera parentesi artean erakusten da, hitzaren ondoren. Han karaktereekin idatzitako hitzen irakurketa emanez gero, bai erabiltzaile ikusleek, bai pantaila-irakurgailuen erabiltzaileek hitzak zuzen irakur/ahoska ditzakete. Kontuan izan pantaila-irakurgailuek bi aldiz ahoskatuko dutela hitza: lehenik Han (Kanji) karaktereak irakurtzen dira, gaizki ahoska daitezkeenak, eta ondoren kana karaktereak ahoskatzen dira, irakurketa zuzena emateko.
Hitzen irakurketa ruby elementuaren bidez erakustea.
XHTML 1.1 erabiltzen duen web-eduki batek kana karaktereak (japonierako karaktere silabiko fonetikoak) ematen ditu karaktereen gainean idatzita, hitzen irakurketa (ahoskera) erakusteko, ruby elementua erabiliz.
Ahoskera duten soinu-fitxategiak ematea.
Dokumentu batek zenbait hitz ditu, eta haien esanahia ezin da zehaztu ahoskera zuzena ezagutu gabe. Hitz bakoitza ahoskera zuzena ematen duen soinu-fitxategi bati lotuta dago. Erabiltzaileek esteka horiek hauta ditzakete hitzak nola ahoskatzen diren jakiteko.
Ahoskerari buruzko informazioa glosario batean sartzea.
Web-orri batek glosario-atal bat du. Glosarioko termino batzuek ahoskerari buruzko informazioa dute, definizioez gain. Edukiko hitzak, esanahia ahoskera ezagutu gabe zehaztu ezin zaienak, glosarioko dagokion sarrerari lotuta daude.
Hainbat hizkuntzak partekatzen dituzten baina hizkuntza bakoitzean modu desberdinean ahoskatzen diren karaktereen ahoskerari buruzko informazioa duen testua.
Japoniako unibertsitate baten webguneak hainbat esaldi labur ditu, txinerazko eta koreerazko testu akademikoen aipuekin. Aipuak japonierazko testuaren karaktere berberekin idatzita daude. Ahoskerari buruzko informazioa ematen da, txinerazko eta koreerazko karaktereen irakurketa zuzena erakusteko.
Oharra: Japonierarako, ruby elementua 'reading' erakusteko erabiltzen da, 'pronunciation' erakusteko ordez.
Gaztelaniazko bideoa, euskarazko azpitituluekin. Ikusi YouTuben (WCAG 3.1.6 Ahoskera)
W3Ck betetze-irizpide honi lotzen dizkion teknika nahikoak, teknika gomendatuak eta ohiko akatsak, ADDAWk itzuliak. Teknika nahiko bat bakarrik nahikoa da adierazitako egoeran irizpidea betetzeko; gomendatuek gutxienekoa baino harago egiten dute; akatsek irizpidea betetzen ez duten egoerak deskribatzen dituzte.
Ikusi erreferentzia Teknikak eta hutsegiteak (W3C, ingelesez)