ADDAWk euskarara egindako itzulpen ez-ofiziala da hau. Akatsak izan ditzake: dokumentu ofizial eta arauemaile bakarra W3Cren Web Content Accessibility Guidelines (WCAG) 2.2 jarraibideen ingelesezko jatorrizkoa da. Gaztelaniaz ere irakur dezakezu.
Elementu hauen aurkezpen bisualak gutxienez 3:1eko kontraste-erlazioa du ondoko koloreekin:
Betetze-irizpide honen helburua da erabiltzaile-interfazeko osagai aktiboak (hau da, kontrolak) eta grafiko esanguratsuak ikusmen neurriz urria duten pertsonek bereizteko modukoak izatea. Betekizunak eta justifikazioa 1.4.3 Kontrastea (gutxienekoa) irizpideko testu handiarenen antzekoak dira.
Kontraste txikiko kontrolak zailagoak dira hautematen, eta ikusmen-desgaitasuna duten pertsonei guztiz oharkabean pasa dakizkieke. Era berean, web-orriko edukia edo funtzionaltasuna ulertzeko grafiko bat behar bada, ikusmen urria edo beste desgaitasun batzuk dituzten pertsonek hauteman ahal izan behar dute, kontrastea hobetzen duen laguntza-teknologiarik behar izan gabe.
Oharra
Betetze-irizpide honetan aipatzen diren 3:1eko kontraste-erlazioak atalase-balio gisa hartu behar dira. Kalkulatutako kontraste-erlazioa betetze-irizpidearen erlazioarekin alderatzean, kalkulatutako balioak ez dira biribildu behar (adibidez, 2,999:1ek ez luke 3:1eko atalasea beteko).
Erabiltzaile-interfazeko osagai aktiboak
Kontrol aktiboetan, erabiltzaileak kontrol bat dagoela eta nola erabili identifikatzeko behar duen informazio bisual orok gutxienez 3:1eko kontraste-erlazioa izan behar du ondoko koloreekin. Gainera, egoera adierazteko behar den informazio bisual orok ere (adibidez, osagai bat hautatuta edo fokuarekin dagoen), egoera horretan kontrola identifikatzeko erabiltzen den informazioak gutxienez 3:1eko kontraste-erlazioa duela bermatu behar du.
Betetze-irizpide honek ez du eskatzen osagai bakar baten egoerak bereizten dituzten kolore-aldaketek 3:1eko kontraste-erlazioa betetzea, elkarrekin agertzen ez direnean. Adibidez, ez dago betekizun berririk bisitatutako estekek kolore lehenetsiarekin kontrastea izateko, ezta sagua gainetik pasatzean agertzen diren adierazleek egoera lehenetsiarekin kontrastea izateko ere. Hala ere, osagaiak ez du kontrasterik galdu behar ondoko koloreekin, eta testua ez diren adierazleek, hala nola kontrol-lauki bateko egiaztatze-markak edo menu bat hautatuta edo irekita dagoela adierazten duen gezi-grafikoak, kontraste nahikoa izan behar dute ondoko koloreekin.
Mugak
Betetze-irizpide honek ez du eskatzen kontrolek klik-eremua adierazten duen muga bisualik izatea, baina kontrolaren adierazle bisuala kontrola identifikatzeko modu bakarra bada, adierazle horrek kontraste nahikoa izan behar du. Botoi baten barruko testua (edo ikonoa) edo testua sartzeko eremu baten barruko leku-markako testua ikusgai badago eta klik-eremuaren adierazpen bisualik ez badago, betetze-irizpidea betetzen da. Testua duen botoi batek ertz koloreduna ere badu, ertzak ez duenez adierazpen bakarra ematen, ez dago testuaren kontrastetik haratago doan kontraste-betekizunik (1.4.3 Kontrastea (gutxienekoa)). Gomendagarria da kontrolen muga marraztea, kontrolak ezagutzen laguntzeko eta, beraz, desgaitasun kognitiboak dituzten pertsonei jarduerak egiten laguntzeko.

1. irudia: Muga bisualik gabeko botoi bat (kontrol aktiboa) eta botoi bera, zuriaren ondoan dagoen muga bisual gris argi (#949494) bat den foku-adierazle batekin.
Ondoko koloreak
Erabiltzaile-interfazeko osagaietan, «ondoko koloreak» osagaiaren ondoan dauden koloreak dira. Adibidez, sarrera-eremu batek barneko hondo zuria, ertz iluna eta kanpoko hondo zuria baditu, osagaiaren «ondoko kolorea» kanpoko hondo zuria izango litzateke.
![]()
2. irudia: Testua sartzeko eremu estandar bat, ertz grisarekin (#767676) eta osagaitik kanpo ondoko kolore zuriarekin.
Osagaiek hainbat kolore erabiltzen badituzte, kontraste-erlazioa neurtzeko alde batera utz daitezke osagaia identifikatzea oztopatzen ez duten koloreak. Adibidez, sarrera-eremu bateko 3D itzala edo kontrastea duten hondoen arteko ertz-lerro ilun bat distiraz (hautematen den luminantziaz) hurbilen dagoen kolorearen barruan sartzen dela jotzen da.
Hurrengo adibidean, sarrera-eremu batek hondo argia du barruan eta hondo iluna inguruan. Sarrera-eremuak ertz gris ilun bat ere badu, eta hondo ilunaren barruan sartzen dela jotzen da. Ertzak ez du osagaia identifikatzea oztopatzen; beraz, hondo zuriaren eta hondo urdin ilunaren arteko kontraste-erlazioa neurtzen da.

3. irudia: Sarrera-eremuaren hondoaren (zuria) eta kontrolaren ondoko kolorearen (urdin iluna, #003366) arteko kontrastea nahikoa da. Osagaiak ertz bat ere badu (zilar kolorekoa), eta ez du bietako batekin ere kontrastea izan beharrik.

4. irudia: Kontrol-lauki pertsonalizatu bat, egiaztatze-marka gris argiarekin (#E5E5E5); 5.6:1eko kontraste-erlazioa du koadro morearekin (#6221EA).
Diseinu laua erabil daiteke, egoera-adierazlea osagaian txertatuta eta bien artean kontraste nabarmenik gabe, betiere adierazleak osagaiaren inguruko koloreekiko nabarmentzen badu.

5. irudia: Lehenengo aukera-botoiak egoera lehenetsia erakusten du, zirkulu gris batekin (#949494). Bigarren eta hirugarren botoiek aukera-botoia hautatuta erakusten dute, osagaiaren ondoko kolorearekin kontrastea duen kolore batez beteta. Azken adibideak egoera-adierazlea osagaiaren koloreekin kontrastean erakusten du.
Kolorearen erabilerarekiko lotura
«Kolorearen erabilera» betetze-irizpideak objektu edo testu baten kolorea (ñabardura) soilik aldatzea lantzen du, objektuaren forma beste inola aldatu gabe. Printzipioa da kontraste-erlazioa (distira-aldea) testua edo grafikoak bereizteko erabil daitekeela. Adibidez, G183 teknika («Gutxienez 3:1eko kontraste-erlazioa erabiltzea lerro barneko testu-estekak inguruko testutik bereizteko») inguruko testuarekin 3:1eko kontraste-erlazioa erabiltzeko modu bat da, estekak eta kontrolak bereizteko. Kasu horretan, Lan Taldearen ustez, esteka ez den testuaren kolorearekiko 3:1eko kontraste-erlazioa betetzen duen esteka-kolore batek 1.4.1 betetze-irizpidea (Kolorearen erabilera) betetzen du, testua esteka bat dela adierazteko kontraste-erlazioan eta kolorean (ñabarduran) oinarritzen baita.
«Foku ikusgarria» irizpidearekiko lotura
2.4.7 betetze-irizpidearekin Foku ikusgarria batera, osagai baten foku-adierazle bisualak kontraste nahikoa izan behar du ondoko hondoarekin osagaiak fokua duenean, salbu eta osagaiaren itxura erabiltzaile-agenteak zehazten duenean eta egileak aldatzen ez duenean.
Foku-adierazle gehienak osagaitik kanpo agertzen dira; beraz, osagaia kokatuta dagoen hondoarekin kontrastea izan behar dute.
Beste kasu batzuetan, foku-adierazleak honelakoak dira:
Erabiltzaile-interfazeko osagai aktiboen adibideak
Argi hauteman behar diren foku-adierazleak, hautapen-adierazleak eta erabiltzaile-interfazeko osagaiak diseinatzeko.
Erabiltzaile-interfazeko osagai inaktiboak.
Erabiltzaileak elkarreragiteko erabilgarri ez dauden erabiltzaile-interfazeko osagaiek (adibidez, HTMLko kontrol desgaitu batek) ez dute WCAG 2.1eko kontraste-betekizunak bete beharrik. Erabiltzaile-interfazeko osagai inaktibo bat ikusgai dago, baina une horretan ezin da erabili. Adibide bat formulario baten beheko aldeko bidaltzeko botoia izango litzateke: ikusgai dago, baina ezin da aktibatu formularioko derrigorrezko eremu guztiak bete arte.
Osagai inaktiboak, HTMLko kontrol desgaituak adibidez, ez daude erabiltzaileak elkarreragiteko erabilgarri. Kontrol inaktiboak kontraste-betekizunetatik salbuesteko erabakia hainbat gogoetatan oinarritu zen. Pertsona batzuentzat onuragarria izango litzatekeen arren kontrol inaktiboak bereiztea, oso zaila izan da guztientzat balio duen irtenbide bat ezartzea. Etorkizunean aurrerapauso bat izatea espero da kontrol desgaituen aurkezpena erabiltzailearen hobespenen arabera aldatzeko metodo bat, hala nola kontrol desgaituei ikono bat gehitzea.
Objektu grafikoak
«Objektu grafiko» terminoa ikono independenteei aplikatzen zaie, hala nola inprimatzeko ikono bati (testurik gabe), baita diagrama konplexuago baten zati garrantzitsuei ere, adibidez grafiko bateko lerro bakoitzari. Grafiko sinpleetan, kolore bakarreko ikonoetan adibidez, irudi osoa da objektu grafiko bat. Lerro, kolore eta forma anitzez osatutako irudiak objektu grafiko anitzez osatuta egongo dira, eta horietako batzuk beharrezkoak izango dira irudia ulertzeko.
Objektu grafiko guztiek ez dute beren ingurunearekin kontrastea izan beharrik; grafikoak transmititzen duena erabiltzaileak ulertzeko beharrezkoak direnek bakarrik. Gestalt printzipioak, hala nola «jarraitutasunaren legea», beste objektu grafiko edo kolore batzuekiko gainjartze txikiak alde batera uzteko erabil daitezke.
Ulertzeko beharrezkoa
«Ulertzeko beharrezkoa» terminoa betetze-irizpidean erabiltzen da irudi askok ez dutelako kontraste-betekizunak bete beharrik. Pertsona batek irudi bat edo irudi baten zati bat (objektu grafiko bat) hauteman behar badu edukia ulertzeko, irudi horrek kontraste nahikoa izan behar du. Hala ere, hau ez da betekizuna kasu hauetan:
Oharra: Irudi grafiko baten barruko testuak 1.4.3 betetze-irizpidea Kontrastea (gutxienekoa) bete behar du.
Gradienteak
Gradienteek eremuen arteko itxurazko kontrastea murriztu dezakete eta probatzea zailagoa egin dezakete. Printzipio orokorra da ulertzeko beharrezkoa den objektu grafikoa edo objektu grafikoak identifikatzea eta eremu horren erdiko kolorea hartzea. Kontraste nahikoa ez duen ondoko kolorea kentzen bada, objektu grafikoa identifikatu eta uler daiteke oraindik?

17. irudia: Kontraste nahikoa ez duen hondoa kentzean, agerian geratzen da objektu grafikoa («i»-a) jada ez dela ulergarria.
Adibide dinamikoak
Grafiko batzuek kontrastea aldatzen duten elkarreraginak izan ditzakete, edo informazioa testu gisa erakutsi objektu grafiko bakoitzaren gainean kurtsorea jartzean, hura ukitzean edo hari fokua ematean. Norbaitek grafikoak badaudela antzeman ahal izateko, fokurik gabeko bertsio lehenetsiak berak izan behar ditu kontraste nahikoa duten koloreak edo testua. Fokua jasotzen duen eremuan, informazioa testu gainerakor gisa eskura daiteke modu dinamikoan, edo kontrastea handituz nabarmendu daiteke modu dinamikoan.

18. irudia: Grafiko dinamiko bat, non uneko «zatia» nabarmentzen den sagua haren gainetik pasatzean edo fokua ematean; horrek balioei lotutako testua erakusten du eta seriea nabarmentzen du.
Infografiak
Infografia datuak transmititzen dituen edozein grafiko izan daiteke, hala nola grafiko bat edo diagrama bat. Weban, askotan baieztapen, irudi, grafiko edo datuak transmititzeko beste modu askotako grafiko handi bat adierazteko erabiltzen da. Grafikoen kontrastearen testuinguruan, infografia horren barruko elementu bakoitza objektu grafikoen multzo gisa tratatu behar da, fitxategi bakarrean edo fitxategi bereizietan egon.
Infografiek sarritan ez dituzte betetzen WCAGen AA mailako zenbait irizpide, besteak beste:
1.4.3 Kontrastea (gutxienekoa)
Infografia batek beste irizpideak betetzen dituen testua erabil dezake, hura ulertzeko behar diren objektu grafikoen kopurua ahalik eta txikiena izan dadin. Adibidez, kontraste nahikoa duen testua erabiltzea grafiko bateko balioak emateko. Deskribapen luze bat ere nahikoa izango litzateke, horrela infografia ez baita haren ulermenean oinarritzen.
Funtsezkotasun-salbuespena
Objektu grafikoek ez dituzte kontraste-betekizunak bete behar «grafikoen aurkezpen jakin bat transmititzen ari den informaziorako funtsezkoa» denean. Funtsezkotasun-salbuespena aplikatzen da grafikoa kontraste nahikoarekin aurkezteko modurik ez dagoenean haren esanahia hondatu gabe. Adibidez:
Webgune bat nolakoa zen erakusteko pantaila-argazkiak.
Biologian dauden koloreak erabiltzen dituzten informazio medikoko diagramak
Neurketa bat irudikatzen duten kolore-gradienteak, hala nola bero-mapak.
Proba-printzipioak
Web-orri batean testua ez diren grafikoak aurkitzeko eta ebaluatzeko goi-mailako prozesuaren laburpena:
Identifikatu orriko erabiltzaile-interfazeko osagai bakoitza (esteka, botoia, formularioko kontrola) eta:
Identifikatu osagaiaren adierazle bisualak (testua ez direnak), kontrol bat dagoela identifikatzeko eta uneko egoera adierazteko beharrezkoak direnak. Egoera lehenetsian (orria kargatzean), probatu ondoko koloreekiko kontraste-erlazioa.
Probatu kontraste-adierazle horiek egoera bakoitzean.
Identifikatu orriko grafiko bakoitza, edukia ulertzeko beharrezkoa den informazioa duena (hau da, informazio bererako testu ikusgarria duten grafikoak edo apaingarriak direnak kanpo utzita), eta:
Jarraian dauden teknikek proba-irizpideak dituzte, eta Foku ikusgarria (2.4.7), Kolorearen erabilera (1.4.1) eta Kontrastea (gutxienekoa) lotutako irizpideek ere badituzte teknikak.
Ikusmen urria duten pertsonek sarritan zailtasunak izaten dituzte kontraste nahikoa ez duten grafikoak hautemateko. Hori okerragoa izan daiteke pertsonak koloreak ikusteko urritasun bat badu, kontrastea are gehiago murrizten duena. 3:1eko edo handiagoko luminantzia erlatiboa (argitasun-aldea) emateak elementu horiek bereizgarriagoak egin ditzake pertsonak kolore-espektro osoa ikusten ez duenean.
Grafiko zirkularrak
Grafiko zirkularrak adibide ona dira betetze-irizpide honen objektu grafikoei buruzko zatirako; hurrengo grafiko zirkularren asmoa nabigatzaile bakoitzak duen merkatu-kuotaren proportzioa transmititzea da. Kontuan izan: zifrak asmatuak dira, ez dira benetako merkatu-kuotak.

19. irudia: Ez du betetzen: Grafiko zirkularrak etiketak ditu zati bakoitzerako (beraz, 1.4.1 araua Kolorearen erabilera betetzen du), baina zatien proportzioak ulertzeko, zatien ertzak (funtsezko informazioa transmititzen duten objektu grafikoak) bereizi behar dira, eta zatien arteko kontrastea ez da 3:1 edo handiagoa.

20. irudia:
Ez da aplikatzen: Grafiko zirkularrak etiketa eta balio ikusgarriak ditu, objektu grafikoen (grafiko zirkularreko zatien) informazio baliokidea transmititzen dutenak.
Gaztelaniazko bideoa, euskarazko azpitituluekin. Ikusi YouTuben (WCAG 1.4.11 Testua ez den kontrastea)
W3Ck betetze-irizpide honi lotzen dizkion teknika nahikoak, teknika gomendatuak eta ohiko akatsak, ADDAWk itzuliak. Teknika nahiko bat bakarrik nahikoa da adierazitako egoeran irizpidea betetzeko; gomendatuek gutxienekoa baino harago egiten dute; akatsek irizpidea betetzen ez duten egoerak deskribatzen dituzte.
Erabiltzaile-interfazeko osagaiak identifikatzea, honako teknika hauek erabiliz:
Erabiltzaile-interfazeko osagai baten foku-egoera identifikatzea, honako teknika hauek erabiliz:
Eduki grafikoa ulergarri egitea, honako teknika hauek erabiliz:
Ikusi erreferentzia Teknikak eta hutsegiteak (W3C, ingelesez)