ADDAWk euskarara egindako itzulpen ez-ofiziala da hau. Akatsak izan ditzake: dokumentu ofizial eta arauemaile bakarra W3Cren Web Content Accessibility Guidelines (WCAG) 2.2 jarraibideen ingelesezko jatorrizkoa da. Gaztelaniaz ere irakur dezakezu.
Edukiaren funtzionaltasun guztia teklatu-interfaze baten bidez eragin daiteke, tekla-sakatze bakoitzerako abiadura jakin bat eskatu gabe, salbu eta barneko funtzioak erabiltzailearen mugimenduen ibilbidearen mende dagoen sarrera bat behar duenean, eta ez hasierako eta amaierako puntuen mende soilik.
1. oharra: Salbuespen hau azpiko funtzioari dagokio, ez datuak sartzeko teknikari. Adibidez, testua eskuz idatziz sartzen bada, sartzeko teknika (eskuzko idazketa) trazuaren (marraztutako ibilbidearen) mende dago, baina barneko funtzioa (testua sartzea) ez.
2. oharra: Horrek ez die debekatzen egileei, ezta haien gogoa kendu beharko ere, sagu bidezko sarrera edo datuak sartzeko beste metodo batzuk ematea teklatu bidezko eragingarritasunaz gain.
Betetze-irizpide honen asmoa da, ahal den guztietan, edukia teklatuaren edo teklatu-interfaze baten bidez eragin ahal izatea (teklatu alternatibo bat erabili ahal izateko moduan). Horri esker, webgunea eragingarria da pertsona itsuentzat (begi-eskuen koordinazioa eskatzen duten sagua bezalako gailuak erabili ezin dituztenentzat), bai eta teklatu alternatiboak edo teklatu-emulatzaile gisa jarduten duten sarrera-gailuak erabili behar dituzten pertsonentzat ere. Azken horien artean daude ahots bidezko sarrera-softwarea, 'sip-and-puff' softwarea (aire-presioaren bidez seinaleak bidaltzen dituena), pantailako teklatuak, eskaneatze-softwarea eta askotariko laguntza-teknologiak. Ikusmen urria duten pertsonek ere arazoak izan ditzakete saguaren erakusleari jarraitzeko, eta askoz errazagoa (edo, besterik gabe, posible) zaie programa bat erabiltzea teklatuarekin kontrola badaiteke.
'Tekla-sakatze bakoitzerako abiadura jakin baten' adibideak dira erabiltzaileari denbora-tarte labur batean tekla-sakatze anitz errepikatzeko edo egiteko eskatzen zaion egoerak, edo tekla denbora luzez sakatu behar den egoerak erregistratu aurretik.
'Salbu eta barneko funtzioak erabiltzailearen mugimenduen ibilbidearen mende dagoen sarrera bat behar duenean, eta ez hasierako eta amaierako puntuen mende soilik' esaldia teklatutik arrazoiz kontrolatu ezin diren kasuak bereizteko sartzen da.
Erakusle-gailu batekin egiten diren ekintza gehienak teklatuaren bidez ere egin daitezke (adibidez, klik egitea, hautatzea, mugitzea, tamaina aldatzea). Hala ere, badaude sarrera mota gutxi batzuk teklatutik lor ezin direnak, tekla-sakatze kopuru neurrigabe batera jo gabe. Esku librez marraztea, akuarelaz margotzea eta helikoptero bat oztopoen artean gidatzea ibilbidearen mendeko sarrera behar duten funtzioen adibideak dira. Lerro zuzenak marrazteak, forma geometriko erregularrak egiteak, leihoen tamaina aldatzeak eta objektuak arrastatzeak (ibilbidea garrantzitsua ez denean) ez dute ibilbidearen mendeko sarrerarik behar.
MouseKeys erabiltzeak (sagua teklatuko zenbaki-teklatuaren bidez emulatzeko aukera ematen du) ez du betetze-irizpide hau betetzen, aplikazioarentzat ez baita teklatuaren baliokidea; saguaren baliokidea da (hau da, aplikazioak sagutzat hartzen ditu)
Erabiltzaileak datuak sartzeko aplikazioen diseinuan kontuan hartzen dela suposatzen da sistema eragileak teklatuaren irisgarritasunerako dituen aukerak erabiltzen ari daitezkeela. Adibidez, tekla berezien blokeoa aktibatuta egon daiteke. Kasu horietan, edukiak funtzionatzen jarraituko du, tekla horien blokeoa oztopa dezaketen eta ustekabeko emaitzak eragin ditzaketen gertaerak bidali gabe.
Pertsona itsuak (begi-eskuen koordinazioa eskatzen duten sagua bezalako gailuak erabili ezin dituztenak)
Ikusmen urria duten pertsonak (pantailan erakusle bat aurkitzeko edo hari jarraitzeko zailtasunak izan ditzaketenak)
Eskuetan dardara duten pertsona batzuei oso zaila egiten zaie sagua erabiltzea, eta, horregatik, nahiago dute teklatua erabili.
1. adibidea: Marrazketa-programa bat.
Marrazketa-programa batek objektuak sortzeko, eskalatzeko, kokatzeko eta biratzeko aukera ematen die erabiltzaileei teklatutik.
2. adibidea: Arrastatu eta jareginen funtzioak.
Arrastatu eta jareginen funtzioak dituen aplikazio batek 'ebaki' eta 'itsatsi' ere egiteko aukera ematen du, edo objektuak mugitzeko kontrolak dituen formulario bat du.
3. adibidea: Puntuak hautatu eta lotzea.
Puntuak lotzeko programa batek pantailan kokatutako puntuen artean mugitzeko eta bi puntu elkarrekin lotzeko zuriune-barra erabiltzeko aukera ematen die erabiltzaileei.
4. adibidea: Salbuespena - Margotzeko programa.
Akuarelaz irudiak margotzeko programa bat salbuespena da, pintzelkadak mugimenduen abiaduraren eta iraupenaren arabera aldatzen baitira.
5. adibidea: Salbuespena - Helikoptero-hegaldien simulagailua.
Helikoptero-hegaldien simulagailu bat salbuespena da, simulagailuaren izaera baita helikoptero-eredu baten portaera denbora errealean irakastea.
6. adibidea: Aukerako teklatua duen PDA bat.
Normalean arkatz optiko baten bidez erabiltzen den PDA gailu batek aukerako teklatu bat konektatzeko aukera du. Teklatuari esker, webgune oso batean nabiga daiteke modu estandarrean. Webguneko edukiak eragingarriak dira, teklatu bidezko sarbidearekin soilik funtzionatzeko diseinatu zirelako.
Gaztelaniazko bideoa, euskarazko azpitituluekin. Ikusi YouTuben (WCAG 2.1.1 Teklatua)
W3Ck betetze-irizpide honi lotzen dizkion teknika nahikoak, teknika gomendatuak eta ohiko akatsak, ADDAWk itzuliak. Teknika nahiko bat bakarrik nahikoa da adierazitako egoeran irizpidea betetzeko; gomendatuek gutxienekoa baino harago egiten dute; akatsek irizpidea betetzen ez duten egoerak deskribatzen dituzte.
Teklatu bidezko kontrola ziurtatzea, honako teknika hauetako bat erabiliz:
G90: Saguarekin egiten den guztia teklatuarekin egiteko aukera ematea, honako teknika hauetako bat erabiliz:
Ikusi erreferentzia Teknikak eta hutsegiteak (W3C, ingelesez)