ADDAWk euskarara egindako itzulpen ez-ofiziala da hau. Akatsak izan ditzake: dokumentu ofizial eta arauemaile bakarra W3Cren Web Content Accessibility Guidelines (WCAG) 2.2 jarraibideen ingelesezko jatorrizkoa da. Gaztelaniaz ere irakur dezakezu.
Erabiltzen ari diren teknologiekin nahi den aurkezpen bisuala lor badaiteke, informazioa transmititzeko testua erabiltzen da testu-irudien ordez, kasu hauetan izan ezik:
Konfiguragarria: Testu-irudia bisualki konfigura daiteke erabiltzailearen eskakizunen arabera.
Funtsezkoa: Testua aurkezteko modu jakin bat funtsezkoa da transmititzen den informaziorako.
Oharra: Logotipoak (logo baten edo marka-izen baten parte diren testuak) funtsezkotzat jotzen dira.
Betetze-irizpide honen asmoa da aurkezpen bisual zehatz bat lortzeko gai diren teknologiak erabiltzen dituzten egileak bultzatzea testuaren aurkezpen jakin bat behar duten pertsonek beren beharretara egokitu ahal izan dezaten. Horien artean daude testua tamaina jakin batean, aurreko planoko eta hondoko kolore jakin batzuekin, letra-familia, lerroarteko tarte edo lerrokatze jakin batekin behar duten pertsonak.
Egileak testua erabil badezake efektu bisual bera lortzeko, informazioa testu gisa aurkeztu behar du, irudirik erabili beharrean. Testu-irudi bat erabil daiteke egileak, arrazoiren batengatik, ezin duenean testua erabili efektu bera lortzeko, edo efektua ezin denean modu fidagarrian aurkeztu ohiko erabiltzaile-agenteetan, edo irizpide hau betetzeko teknologia bat erabiltzeak beste irizpide batzuk oztopa ditzakeenean, 1.4.4 adibidez. Horren barruan sartzen dira testuaren aurkezpen jakin bat transmititutako informaziorako funtsezkoa den kasuak, hala nola letra-tipoen laginak, logotipoak, marka-izenak eta abar. Testu-irudiak erabil daitezke oso zabalduta ez dagoen letra-tipo jakin bat erabili behar denean edo egileak letra-tipo horren banaketa-eskubiderik ez duenean, edo testua erabiltzaile-agente guztietan leundua agertuko dela ziurtatzeko.
Testu-irudiak erabil daitezke, halaber, erabiltzaileek irudia beren beharretara pertsonaliza dezaketenean.
Betetze-irizpide hau betetzeko teknikak 1.4.9 betetze-irizpidearenak berak dira, salbu eta egileak erabiltzen dituen teknologiekin aurkezpen bisuala lor badaiteke soilik aplikatu behar direla. 1.4.9 betetze-irizpidearen kasuan, teknika nahikoak erabiltzaileak irteera pertsonaliza dezakeenean soilik aplikatuko lirateke.
Ikusmen urria duten pertsonak (egileak zehaztutako letra-tipoarekin, tamainarekin edo kolorearekin testua irakurtzeko arazoak izan ditzaketenak).
Ikusmen-ibilbidean arazoak dituzten pertsonak (egileak zehaztutako lerroartearekin edo lerrokatzearekin testua irakurtzeko arazoak izan ditzaketenak).
Irakurketan eragina izan dezaketen urritasun kognitiboak dituzten pertsonak.
Estiloak dituzten izenburuak
Izenburuak tamaina jakin bateko letra-tipo zehatz batean aurkezteko irudi bat erabili beharrean, egile batek CSS erabiltzen du emaitza bera lortzeko.
Dinamikoki sortutako irudiak
Web-orri batek zerbitzariko scriptak erabiltzen ditu testua irudi gisa aurkezteko. Orriak kontrolak ditu, erabiltzaileek sortutako irudiaren letra-tamaina eta koloreak doitu ahal izan ditzaten.
Aipu literal bat
Web-orri batek aipu literal bat du. Aipuaren testua letra etzanez aurkezten da, ezkerreko marjinan koska batekin. Aipuaren egiletzat jotzen den pertsonaren izena azpian dago, 1.5x-eko lerroarteko tartearekin eta marjinan koska handiagoarekin. CSS erabiltzen da testua kokatzeko, lerroarteko tartea zehazteko, eta testuaren letra-tipoa, tamaina, kolorea eta apainketa zehazteko.
Nabigazio-elementuak
Web-orri batek nabigazio-menu bat du, esteka bakoitza deskribatzeko ikono bat eta testu bat erabiltzen dituena. CSS erabiltzen da letra-tipoa, tamaina eta koloreak zehazteko, bai eta nabigazio-esteken arteko tartea ere.
Testua duen logotipo bat
Webgune batek enpresaren logoa du orri bakoitzaren goiko ezkerreko izkinan. Logoak testua du (logoaren zati gisa edo logo osoa). Testu horren aurkezpen bisuala funtsezkoa da logotipoa identifikatzeko, eta testuaren ezaugarriak aldatzen uzten ez duen gif irudi bat erabiltzen da. Irudiak testu alternatiboa du.
Letra-tipo baten erakusgarria
Web-orri batek letra-familia jakin bati buruzko informazioa du. Letra-tipoa beste batekin ordezkatuko balitz, erakusgarriaren helburua deuseztatuko litzateke. Aurkezpena testuaren ezaugarriak aldatzen uzten ez duen jpeg irudi batekin egiten da. Irudiak testu alternatiboa du.
Gutun baten erakusgarria
Web-orri batek gutun baten jatorrizkoaren erakusgarri bat du. Gutuna jatorrizko formatuan erakustea funtsezkoa da idatzi zen garaiari buruzko informazioa transmititzeko. Gutuna testuaren ezaugarriak aldatzen uzten ez duen gif irudi gisa sartzen da. Irudiak testu alternatiboa du.
Testu-karaktere sinbolikoak
Formulario batek testu-blokeak sartzeko aukera ematen die erabiltzaileei. Formularioak testuaren estiloa aldatzeko eta ortografia zuzentzeko botoiak ditu. Botoi horietako batzuek esanahidun sekuentziarik osatzen ez duten testu-karaktereak erabiltzen dituzte. Adibidez, 'B' letra lodia jartzeko, 'I' letra etzana jartzeko eta 'ABC' ortografia berrikusteko. Karaktere sinbolikoak testuaren ezaugarriak aldatzen uzten ez duten gif irudi gisa sartzen dira. Botoiek testu alternatiboak dituzte.
Testu-irudietarako letra-tipo konfiguragarriak
Webgune batek letra-tipo baten ezaugarriak zehazteko aukera ematen die erabiltzaileei, eta webgunean agertzen diren testu-irudi guztiak konfigurazio horretan oinarritzen dira.
Gaztelaniazko bideoa, euskarazko azpitituluekin. Ikusi YouTuben (WCAG 1.4.5 Testu-irudiak)
W3Ck betetze-irizpide honi lotzen dizkion teknika nahikoak, teknika gomendatuak eta ohiko akatsak, ADDAWk itzuliak. Teknika nahiko bat bakarrik nahikoa da adierazitako egoeran irizpidea betetzeko; gomendatuek gutxienekoa baino harago egiten dute; akatsek irizpidea betetzen ez duten egoerak deskribatzen dituzte.
Ikusi erreferentzia Teknikak eta hutsegiteak (W3C, ingelesez)