ADDAWk euskarara egindako itzulpen ez-ofiziala da hau. Akatsak izan ditzake: dokumentu ofizial eta arauemaile bakarra W3Cren Web Content Accessibility Guidelines (WCAG) 2.2 jarraibideen ingelesezko jatorrizkoa da. Gaztelaniaz ere irakur dezakezu.
Testuaren eta testu-irudien aurkezpen bisualak gutxienez 7:1eko kontraste-erlazioa du, kasu hauetan izan ezik:
Testu handiak: Tamaina handiko testuek eta tamaina handiko testu-irudiek gutxienez 4.5:1eko kontraste-erlazioa dute.
Gertakizunezkoa: Erabiltzaile-interfazeko osagai inaktibo baten parte diren testuek edo testu-irudiek, apaingarri hutsak direnek, inork ikusten ez dituenek edo beste elementu bisual esanguratsu batzuk dituen irudi baten parte direnek ez dute kontraste-betekizunik.
Logotipoak: Logo baten edo marka-izen baten parte den testuak ez du gutxieneko kontraste-betekizunik.
Betetze-irizpide honen asmoa da hondoaren eta testuaren artean kontraste nahikoa ematea, ikusmena neurri batean murriztuta duten pertsonek (kontrastea areagotzeko laguntza-teknologiarik erabiltzen ez dutenek) erraz irakurri ahal izan dezaten. Kolore-pertzepzioan urritasunik ez duten pertsonentzat, ñabardurak eta saturazioak eragin txikia edo batere ez dute irakurgarritasunean, irakurketa-errendimenduaren ebaluazioaren arabera (Knoblauch et al., 1991). Kolore-urritasunek eragin txiki bat izan dezakete argitasun-kontrastean. Horregatik, gomendatzen da kontrastea kolorea funtsezko faktorea ez izateko moduan kalkulatzea, ikusmen-urritasunak dituzten pertsonek ere hondoaren eta testuaren arteko kontraste egokia izan dezaten.
Kanpoan geratzen dira informaziorik transmititzen ez duten edo apaingarri hutsak diren testuak. Adibidez, ausazko hitzak erabiltzen badira hondo bat sortzeko eta haien ordena alda badaiteke esanahia aldatu gabe, apaingarritzat joko dira eta ez dute irizpide hau bete beharko.
Tamaina handiko eta trazu lodiko testuak errazago irakurtzen dira kontraste txikiarekin; horregatik, kontraste-betekizunak txikiagoak dira tamaina handiko testuetarako. Horri esker, egileek kolore-sorta zabalagoa erabil dezakete testu handietarako, bereziki izenburuetarako, eta hori praktikoa da web-orriak diseinatzerakoan. 18 puntuko testuak edo 14 puntuko testu lodiak nahikoa handitzat jotzen dira kontraste txikia behar izateko. (Ikus The American Printing House for the Blind Guidelines for Large Printing eta The Library of Congress Guidelines for Large Print, Baliabideak atalean). '18 puntu' eta 'letra lodia' esanahi desberdinekoak diren arren letra-tipoaren arabera, nahikoak izan behar dute, oso letra-tipo mehe edo ezohikoetan izan ezik. Letra-tipo desberdin gehiegi daudenez, neurri orokorrak erabiltzen dira, eta letra-tipo mehe edo apaingarriei buruzko ohar bat gehitzen da.
1. oharra: Letra-tipoei antialiasing prozesuak aplikatzen zaizkienean leunago ikus daitezen, iluntasuna edo argitasuna gal dezakete. Hala, benetako kontrastea murriztu egin daiteke. Trazu lodiagoek efektu hori murriztuko dute (letra-tipo meheetan, trazu osoa argitu daiteke, eta ez muturrak bakarrik). Gomendatzen da tamaina handiagoko letra-tipoak erabiltzea eta irakurgarritasun-probak egitea erabiltzaile-agenteetan, letra-tipoen leuntzea aktibatuta dagoela.
2. oharra: Irudiak editatzeko aplikazioek pixel-dentsitate desberdinak ezartzen dituztenez lehenespenez (adib. 72 PPI edo 96 PPI), irudiak editatzeko aplikazio batetik letra-tipoen neurriak puntutan zehaztea fidagarritasun txikikoa izan daiteke testu bat tamaina jakin batean aurkezteko. Tamaina handiko testu-irudiak sortzean, egileek ziurtatu behar dute irudiko testua dokumentuaren gorputzeko testuaren lehenetsitako tamainaren 1.2 edo 1.5 em-en edo % 120 edo % 150en baliokidea dela gutxi gorabehera. Adibidez, 72 PPI-ko irudi baterako, egile batek gutxi gorabehera 19 eta 24 puntuko letra-tipoak erabili beharko lituzke tamaina handiko irudiak erabiltzaileari behar bezala aurkezteko.
Testurako aipatutako kontraste-betekizunak testu-irudiei ere aplikatzen zaizkie (pixel bihurtu eta gero formatu grafiko batean gordetako testua), 1.4.5 betetze-irizpidean adierazten den bezala.
Betekizun horiek testu-irudiak testu gisa ulertzeko asmoa dagoen egoeretan aplikatzen dira. Ez dira sartzen ustekabean agertzen diren testuak; adibidez, ez da sartzen argazki batean kasualitatez agertzen den kartel bateko testua. Ez da sartzen, ezta ere, arrazoiren batengatik erabiltzaileentzat ikusezina izateko diseinatuta dagoen testua. Testu estilizatuak, logotipoetakoak adibidez, orrian duten funtzioaren arabera tratatu behar dira, eta funtzio horrek edukia testu alternatiboan sartzea justifika dezake edo ez. Enpresa baten jarraibide bisualak, logotipotik haratago, ez dira salbuespen honetan sartzen.
Xedapen honetan salbuespen bat dago, honela dioena: 'beste elementu bisual esanguratsu batzuk dituen irudi baten parte direnek'. Salbuespen horren helburua da testua duten irudiak bereiztea estilo jakin bat lortzeko testuaren ordez erabiltzen diren testu-irudietatik.
Betetze-irizpide hau testuari soilik aplikatzen zaion arren, antzeko irizpideak aplikatu behar zaizkie eskemetan eta grafiko estatistikoetan aurkeztutako informazioari. Aurkezpen-modu horietarako ere kolore-kontraste ona eman behar da.
3:1eko kontraste-erlazioa da [ISO-9241-3] eta [ANSI-HFES-100-1988] arauek testu estandarrerako eta ikusmenerako gomendatzen duten gutxieneko maila. Xedapen honetan 4.5:1eko erlazioa erabiltzen da ikusmen-zorrotasun neurri batean txikiaren, sortzetiko edo hartutako kolore-urritasunen edo zahartzearekin batera etorri ohi den kontrastearekiko sentikortasun-galeraren ondorioz gertatzen den kontraste-galera kontuan hartzeko.
Arrazoia hauetan oinarritzen da: a) ANSI estandarrean, 3:1eko kontraste-erlazioa behatzaile normalentzako gutxieneko kontraste onargarritzat hartzea, eta b) biztanleriaren artean 20/40ko ikusmen-zorrotasuna 1.5 inguruko kontrastearekiko sentikortasun-galerarekin lotzen dela egiaztatu izana enpirikoki [ARDITI-FAYE]. Beraz, 20/40 duen erabiltzaile batek 3 * 1.5 = 4.5 eta 1eko kontraste-erlazioa beharko luke. Antzeko emaitza enpirikoei eta logika berari jarraituz, 20/80ko ikusmen-zorrotasuna duen erabiltzaileak 7:1 inguruko kontrastea behar du.
Koloreak ikusteko urritasunak dituzten erabiltzaileek (sortzetikoak zein hartutakoak) beste modu batera hautematen dituzte ñabardurak, eta ikusmen normala duten erabiltzaileek ez bezalako koloreak eta argitasun erlatiboko kontrasteak hautematen dituzte. Horregatik, kontraste eta irakurgarritasun eraginkorrak desberdinak dira talde horrentzat. Hala ere, kolore-urritasunak hain dira askotarikoak, ezen ez baita bideragarria datu kuantitatiboetan oinarrituta erabilera orokorreko kolore-bikoteak (kontrasterako) modu eraginkorrean agintzea. Argitasun-kontraste ona eskatzeak konpontzen du hori, kolore-pertzepzioaren mendekoa ez den kontrastea eskatzen baitu. Zorionez, argitasunaren ekarpen gehiena uhin ertaineko eta luzeko hartzaileena da, eta horien erantzunak neurri handi batean gainjartzen dira espektroan. Ondorioz, argitasun-kontraste eraginkorra kalkula daiteke kolore jakin baten urritasuna kontuan hartu gabe, protanopia dutenen kasuan izan ezik, uhin-luzera luzea nagusi duten koloreak kolore ilunagoen kontra (normalean beltz ikusten direnak) erabiltzen direnean. (Horregatik, gorria beltzaren gainean saihesteari buruzko teknika gomendatu bat eskaintzen dugu). Informazio gehiago lortzeko, ikus [ARDITI-KNOBLAUCH] [ARDITI-KNOBLAUCH-1996] [ARDITI].
4.5:1eko kontraste-erlazioa AA mailarako aukeratu zen, gutxi gorabehera 20/40ko ikusmenaren baliokidea den ikusmen-galera duten erabiltzaileek izan ohi duten kontrastearekiko sentikortasun-galera konpentsatzen duelako. (20/40 4.5:1 ingurukoa dela kalkulatzen da). 20/40 izan ohi da 80 urte inguruko adinekoen ikusmen-zorrotasun tipikoa. [GITTINGS-FOZARD]
7:1eko kontraste-erlazioa AAA mailarako aukeratu zen, gutxi gorabehera 20/80ko ikusmenaren baliokidea den ikusmen-galera duten erabiltzaileek izan ohi duten kontrastearekiko sentikortasun-galera konpentsatzen duelako. Ikusmen-galera hori baino handiagoa duten pertsonek, oro har, laguntza-teknologiak erabiltzen dituzte edukira iristeko (eta laguntza-teknologiek kontraste hobetua eta handitzeko aukerak izan ohi dituzte txertatuta). Beraz, 7:1eko mailak, oro har, laguntza-teknologiarik erabiltzen ez duten ikusmen urriko erabiltzaileek jasaten duten kontrastearekiko sentikortasun-galera konpentsatzen du, eta kolore-urritasunerako kontraste-areagotzea ere ematen du.
Oharra: [ISO-9241-3] eta [ANSI-HFES-100-1988] arauetako kalkuluak gorputzeko testurako dira. Askoz handiagoa den testurako kontraste-erlazio malguagoa ematen da.
RGB balio ez-linealak balio lineal bihurtzea IEC/4WD 61966-2-1 [IEC-4WD] arauan eta 'A Standard Default Color Space for the Internet - sRGB' [sRGB] dokumentuan oinarritzen da.
Kontrasterako formula (L1/L2) [ISO-9241-3] eta [ANSI-HFES-100-1988] estandarretan oinarritzen da.
ANSI/HFS 100-1988 estandarrak eskatzen du giro-argiaren ekarpenak L1 eta L2 kalkulatzean sartzea. .05 balioa M. Stokes et al.-en [IEC-4WD] eta [sRGB] artikuluetako Typical Viewing Flare-n erabiltzen da.
Betetze-irizpide honek eta bere definizioek 'kontraste-erlazioa' eta 'argitasun erlatiboa' terminoak erabiltzen dituzte, 'argitasuna' erabili beharrean, web-edukiak argi propiorik igortzen ez duela islatzeko. Kontraste-erlazioak erakusten direnean emango luketen argitasun erlatiboaren neurria ematen du. (Erlazio bat denez, dimentsiorik gabekoa da).
1. oharra: Kontsultatu lotutako baliabideak web-edukiaren kontrastea aztertzeko kontraste-erlazioa erabiltzen duten tresnen zerrenda lortzeko.
2. oharra: Ikus, halaber, 2.4.7 Foku ikusgarria betetze-irizpidea ulertzea, teklatu-fokua adierazteko teknikak ezagutzeko.
Ikusmen urria duten pertsonek askotan zailtasunak izaten dituzte hondoarekin kontrasterik ez duten testuak irakurtzeko. Hori okerragoa izan daiteke pertsonak kontrastea are gehiago murrizten duen kolore-pertzepzioko urritasun bat badu. Testuaren eta haren hondoaren artean gutxieneko argitasun-kontrastea emanez gero, testua irakurgarriagoa izan daiteke, baita kolore-sorta osoa hauteman ezin duten pertsonentzat ere. Kolorerik batere hautematen ez duten pertsonen kasu bakanetan ere balio du.
Gaztelaniazko bideoa, euskarazko azpitituluekin. Ikusi YouTuben (WCAG 1.4.6 Kontrastea (hobetua))
W3Ck betetze-irizpide honi lotzen dizkion teknika nahikoak, teknika gomendatuak eta ohiko akatsak, ADDAWk itzuliak. Teknika nahiko bat bakarrik nahikoa da adierazitako egoeran irizpidea betetzeko; gomendatuek gutxienekoa baino harago egiten dute; akatsek irizpidea betetzen ez duten egoerak deskribatzen dituzte.
Ikusi erreferentzia Teknikak eta hutsegiteak (W3C, ingelesez)