ADDAWk euskarara egindako itzulpen ez-ofiziala da hau. Akatsak izan ditzake: dokumentu ofizial eta arauemaile bakarra W3Cren Web Content Accessibility Guidelines (WCAG) 2.2 jarraibideen ingelesezko jatorrizkoa da. Gaztelaniaz ere irakur dezakezu.
Multimedia sinkronizatuko edukian dagoen audio-eduki grabatu guztirako keinu-hizkuntzako interpretazioa ematen da.
Betetze-irizpide honen asmoa da keinu-hizkuntza erabiltzen duten gorrek edo entzumen-zailtasunak dituzten pertsonek multimedia-aurkezpen sinkronizatuetako audioaren edukia ulertu ahal izatea. Testu idatziak, azpitituluetakoa adibidez, bigarren hizkuntza izaten dira askotan pertsona horientzat. Keinu-hizkuntzak intonazioak, emozioak eta audioaren berezko beste informazio batzuk adierazteko aukera ematen du, eta informazio hori hobeto islatzen da keinu-hizkuntzako interpretazioan azpitituluetan baino. Horregatik, nahiago izaten da keinu-hizkuntzako interpretazio bat, multimedia-aurkezpenen baliokide zehatzagoa baita. Gainera, keinu-hizkuntza erabiltzen duten pertsonak azkarragoak dira komunikazio-modu horrekin, eta hobeto jarrai ditzakete denboran garatzen diren multimedia-aurkezpenak.
Ama-hizkuntza keinu-hizkuntza bat duten pertsonek irakurtzeko trebetasun mugatuak izaten dituzte batzuetan. Baliteke pertsona horiek azpitituluak irakurri eta ulertu ezin izatea, eta, beraz, keinu-hizkuntzako interpretazio bat behar izatea multimedia-aurkezpenen edukia eskuratu ahal izateko.
1. adibidea. Enpresa bat iragarpen garrantzitsu bat egiten ari da langile guztientzat. Bilera egoitza nagusian egiten da, eta webaren bidez transmititzen da. Bileraren lekuan keinu-hizkuntzako interprete bat jartzen da. Zuzeneko bideoan interpretea eta hizlaria osorik ikusten dira.
2. adibidea. 1. adibidean deskribatutako iragarpen bera webaren bidez ere transmititzen zaie langileei. Pantaila bakarra dagoenez, keinu-hizkuntzako interpretea pantailaren izkina batean erakusten da.
3. adibidea. Unibertsitate batek hitzaldi baten lineako bertsio bat eskaintzen du, irakaslea azalpenak ematen ageri den multimedia-aurkezpen bat sortuz. Aurkezpenean irakaslea hizketan eta esperimentu zientifiko bat erakusten ageri da. Hitzaldiaren keinu-hizkuntzako interpretazio bat sortu da, eta webaren bidez erakusten da multimedia-aurkezpenarekin batera.
Gaztelaniazko bideoa, euskarazko azpitituluekin. Ikusi YouTuben (WCAG 1.2.6 Keinu-hizkuntza (grabatua))
W3Ck betetze-irizpide honi lotzen dizkion teknika nahikoak, teknika gomendatuak eta ohiko akatsak, ADDAWk itzuliak. Teknika nahiko bat bakarrik nahikoa da adierazitako egoeran irizpidea betetzeko; gomendatuek gutxienekoa baino harago egiten dute; akatsek irizpidea betetzen ez duten egoerak deskribatzen dituzte.
G81: Keinu-hizkuntza aparteko bideo sinkronizatu batean eskaintzea, honako teknika hauetako bat erabiliz:
Ikusi erreferentzia Teknikak eta hutsegiteak (W3C, ingelesez)