ADDAWk euskarara egindako itzulpen ez-ofiziala da hau. Akatsak izan ditzake: dokumentu ofizial eta arauemaile bakarra W3Cren Web Content Accessibility Guidelines (WCAG) 2.2 jarraibideen ingelesezko jatorrizkoa da. Gaztelaniaz ere irakur dezakezu.
Testua edo testu-irudiak dituzten etiketak dituzten interfaze-osagaietan, izen irisgarriak bisualki aurkezten den testua du.
Jardunbide egoki bat da etiketaren testua izen irisgarriaren hasieran jartzea.
Betetze-irizpide honen helburua da bermatzea osagai bat bisualki etiketatzen duten hitzak direla, era berean, osagaiari programazio bidez lotutako hitzak. Horrek laguntzen du bermatzen desgaitasunak dituzten pertsonek etiketa ikusgarrietan konfiantza izan dezaketela osagaiekin elkarreragiteko bide gisa.
Kontrol gehienek testu-etiketa ikusgarri bat izaten dute. Etiketa horiek berek izen programatiko bat dute, izen irisgarria ere deitua. Erabiltzaileek, oro har, esperientzia askoz hobea izaten dute kontrol baten etiketa ikusgarriko hitzak eta karaktereak izen irisgarriarekin bat badatoz edo haren barruan badaude. Bat datozenean, ahots bidezko sarreraren erabiltzaileek (hau da, ahots-ezagutzako aplikazioen erabiltzaileek) nabigatu dezakete pantailan agertzen diren osagaien testu-etiketa ikusgarriak esanez, hala nola menuenak, estekenak eta botoienak. Testua ahots bihurtzeko teknologia (adibidez, pantaila-irakurgailuak) erabiltzen duten ikusmen-desgaitasuna duten erabiltzaileek ere esperientzia hobea izango dute entzuten duten testua pantailan ikusten duten testuarekin bat badator.
Nabarmentzekoa da betetze-irizpide hau ez zaiela aplikatzen testu-etiketa ikusgarririk ez duten osagaiei.
Testu-etiketak daudenean eta erabiltzaile-interfazeko osagaiei behar bezala lotuta daudenean ezarritako egile-jardunbideen bidez, etiketa eta izena bat etorri ohi dira. Bat ez datozenean, testu-etiketa ikusgarria nabigatzeko edo hautatzeko bide gisa erabili nahi duten ahots bidezko sarreraren erabiltzaileek (adibidez, «joan Pasahitza eremura») ez dute lortuko. Ahotsean oinarritutako nabigazioak huts egiten du erabiltzaileek ahoz esandako etiketa ikusgarria ez datorrelako bat ahots bidezko sarrerako agindu gisa gaituta dagoen izen irisgarriarekin (edo ez delako haren parte). Gainera, izen irisgarria etiketa ikusgarriaren desberdina denean, ahots bidezko sarreraren erabiltzaileek nahi gabe aktiba dezaketen agindu ezkutu gisa funtziona dezake.
Kontrolen etiketa ikusgarrien eta izen programatikoen arteko desadostasunak are problematikoagoak dira erronka kognitiboak ere badituzten ahots bidezko sarreraren eta testua ahots bihurtzeko teknologiaren erabiltzaileentzat. Desadostasunek karga kognitibo gehigarria sortzen diete ahots bidezko sarreraren erabiltzaileei, kontrol batean ikusten duten etiketa ikusgarriaz bestelako ahots-agindu bat esan behar dutela gogoratu behar baitute. Halaber, karga kognitibo gehigarria sortzen dio testua ahots bihurtzeko teknologiaren erabiltzaile bati etiketa ikusgarriarekin bat ez datorren ahots-irteera jaso eta ulertzeak.
Etiketaren testua eta izen irisgarria bat etor daitezen, lehenik zehaztu behar da pantailako zein testu hartu behar den kontrol jakin baten etiketatzat. Askotan, erabiltzaile-interfaze batean kontrol baterako garrantzitsuak izan daitezkeen testu-kate anitz egoten dira. Hala ere, badaude arrazoiak etiketa hurbil-hurbil dagoen testua soilik dela modu kontserbadorean interpretatzea hobea izateko.
Ohituraz, erabiltzaile-interfazeko osagaien etiketa ondoko testu-katea da. Ezkerretik eskuinera idazten diren hizkuntzetan, ohiko kokapena hau da:
Garrantzitsua da ondoko testua soilik etiketatzat hartzearen alde egitea, testu-etiketa zer den interpretazio zabalek betetze-irizpide honen balioa arriskuan jar dezaketelako, aurreikusgarritasuna murriztuz. Etiketa osagaitik hurbil-hurbil dagoen testu-kate bakarrera mugatzeak errazten die garatzaileei, probatzaileei eta azken erabiltzaileei irizpide honetan ebaluatu beharreko etiketa identifikatzea. Etiketaren interpretazio aurreikusgarriari esker, ahots-ezagutzako teknologien erabiltzaileek elementuarekin elkarreragin dezakete ohiko lekuan kokatutako haren etiketaren bidez, eta pantaila-irakurketako teknologien erabiltzaileek koherentzia izan dezakete hurbileko etiketa ikusgarriaren eta osagaiaren iragarritako izenaren artean.
Nabarmentzekoa da sarrera-eremu baten barruko leku-markako testua ez dela etiketa bat emateko bide egokitzat hartzen. HTML5 espezifikazioak ezartzen du leku-markako atributua ez dela etiketaren ordezko gisa erabili behar. Hala ere, merezi du aipatzea HTML5en adierazpen horretan «etiketa» kode-markez inguratuta dagoela eta label elementura estekatzen duela. Etiketa izenean betetze-irizpide honen ondorioetarako, «etiketa» ez da zentzu programatikoan erabiltzen; osagai batetik bisualki hurbil dagoen testu-kate bati egiten dio erreferentzia, besterik gabe. Hortaz, inguruan beste testu-katerik ez badago (aurreko zerrendan deskribatzen den bezala), sarrera-eremu batek leku-markako testua badu, testu hori Etiketa izenean irizpiderako hautagaitzat har daiteke. Horren alde daude bai izen irisgarriaren kalkulua (aurrerago aztertzen da), bai zentzu praktikoa: etiketa ikusgarririk beste modu batean ematen ez denean, litekeena da ahots bidezko sarreraren erabiltzaile bat leku-markako testuaren balioa erabiltzen saiatzea sarrerarekin elkarreragiteko bide gisa.
Testu-etiketek «zerbait giza hizkuntzan adierazten dute»
Testu-karaktere sinbolikoak
Irizpide honen ondorioetarako, testua ez da etiketa ikusgarritzat hartu behar modu sinbolikoan erabiltzen bada, zuzenean giza hizkuntzan zerbait adierazi beharrean, Web Edukien Irisgarritasunerako Jarraibideetan (WCAG, ingelesezko siglen arabera) testuari ematen zaion definizioaren arabera. Adibidez, 1.4.5 Testu-irudiak betetze-irizpideak «testu-karaktere sinbolikoei» buruzko gogoetak deskribatzen ditu. Testu-irudien adibidean, «B», «I» eta «ABC» testu-editore bateko ikonoetan agertzen dira, eta Lodia, Etzana eta Ortografia funtzioen ikur gisa erabiltzen dira, hurrenez hurren. Kasu horretan, izen irisgarriak botoiak betetzen duen funtzioa izan beharko luke (adibidez, «Berrikusi ortografia» edo «Egiaztatu ortografia»), ez karaktere sinboliko ikusgarriak. Antzeko testu-editore bat erakusten da hurrengo irudian.
![]()
1. irudia. Github-eko testu aberastuko editorearen xehetasuna; etiketarik gabeko hainbat ikono erakusten ditu, testu-karaktereen antza duten ikonoak barne.
Era berean, egile batek handiago ikurra («>») erabili duenean eskuinera begira dagoen gezi baten itxura imitatzeko, testuak ez du giza hizkuntzan ezer adierazten. Ikur bat da, eta egoera horretan, ziurrenik, «Erreproduzitu» botoi baterako edo «Hurrengoa» gezi baterako erabiltzen diren ikonoak imitatzeko asmoa du.
Puntuazioa eta maiuskulak
Etiketetan puntuazioa eta maiuskulak erabiltzea ere aukerakotzat har daiteke arrazoi berarengatik. Adibidez, ohituraz sarrera-etiketen amaieran gehitzen diren bi puntuek ez dute giza hizkuntzan ezer adierazten, eta etiketa bateko hitz bakoitzaren lehen letra maiuskulaz idazteak ez du normalean hitzen esanahia aldatzen. Hori bereziki garrantzitsua da irizpide honen testuinguruan, batez ere ahots-ezagutzaren erabiltzaileei zuzenduta baitago; maiuskulak eta puntuazio gehiena alde batera uzten dira normalean erabiltzaile batek etiketa bat ahoz esaten duenean kontrol batekin elkarreragiteko bide gisa.
Izen irisgarrian bi puntuak eta maiuskulak sartzea akatsa ez den arren, «Izena» kalkulatutako izen bat ez da «Izena:» etiketaren akatstzat hartu behar.
Era berean, botoi batean ikusgai erakusten den «Hurrengoa...» testuak «Hurrengoa» izan dezake izen irisgarri gisa. Zalantzarik badago, etiketa ikusgarri esanguratsu bat badago, egin izen irisgarriaren katea harekin zehazki bat etor dadin.
Adierazpen matematikoak eta formulak
Adierazpen matematikoak karaktere sinbolikoei buruzko aurreko atalaren salbuespen bat dira. Ikur matematikoak etiketa gisa erabil daitezke; adibidez, «11x3=33» eta «A>B» adierazpenek esanahi bat transmititzen dute. Etiketa ez da izen irisgarrian aldatu behar, eta formula bat erabiltzen den lekuan hitzez ordeztea saihestu behar da, ekuazio bera adierazteko hainbat modu baitaude. Adibidez, izena «hamaika bider hiru hogeita hamahiruren baliokidea da» bihurtzeak esan nahi lezake «hamaika bider hiru berdin hogeita hamahiru» esan duen erabiltzaile batek ez duela bat-etortzerik lortzen. Hobe da formulak etiketan erabiltzen diren bezala uztea eta erabiltzaileak bere ahots-ezagutzako softwarearekin duen ohituran konfiantza izatea bat-etortzea lortzeko. Gainera, formula matematiko bateko etiketa idatzizko baliokide den izen irisgarri bihurtzeak itzulpen-arazoak sor ditzake. Izenak etiketako formula-testuarekin bat etorri behar du. Kontuan izan egileentzako gogoeta bat formulan ikur egokia erabiltzea dela. Adibidez, «11x3» (x letra minuskulaz edo maiuskulaz), «11*3» (izartxo ikurrarekin) eta «11×3» (× ikurrarekin) errazak dira interpretatzen ikusmena duten erabiltzaileentzat, baina baliteke ahots-ezagutzako softwareak guztiak «11 bider 3» gisa ez ezagutzea. Eragile-ikur egokia erabili behar da (kasu honetan, biderketa-ikurra)
Izen eta deskribapen irisgarriaren kalkulu-espezifikazioa
Garrantzitsua da izen irisgarria nola eratortzen den ulertzea. Accessible Name and Description Computation 1.1 espezifikazioak eta HTML Accessibility API Mappings 1.0 dokumentuak deskribatzen dute nola kalkulatzen den izen irisgarria, baita zein atributu hartzen diren kontuan kalkulu horretan eta zein lehentasun-ordenatan ere. Osagai batek bere izen irisgarri gisa erabil litezkeen atributu-balio posible anitz baditu, balio horietatik lehenetsiena bakarrik kalkulatuko da. Lehentasun txikiagoko beste balioetako bat ere ez da izenaren parte izango. Gehienetan, espezifikazioak indartu egiten ditu etiketen eta kontrolen artean dauden harreman programatiko ezarriak.
1.3.1 betetze-irizpidea: Informazioa eta erlazioak betetzeko behar bezala kodetuta dauden pantailako beste testu batzuk ez dira normalean kontuan hartzen erabiltzaile-interfazeko osagai baten izen irisgarria kalkulatzean, egileak esku hartzen ez badu (ARIA etiketatze-tekniken bidez). Ohikoenak hauek dira:
Testu-informazio hori osagaiaren deskribapenaren parte izan daiteke. Beraz, ikuspegi programatikotik eta «ondoko testu-etiketa» bakarrik etiketatzat hartzeko taktika kontserbadoretik, ez izenburuak, ez argibideak, ez taldeko «etiketak» ez dira normalean etiketatzat hartu behar betetze-irizpide honen ondorioetarako.
Garrantzitsua da kontuan hartzea espezifikazioak aukera ematen diela egileei semantika natiboaren bidez kalkulatutako izena gainidazteko. Bai aria-label-ek bai aria-labelledby-k lehentasuna dute izenaren kalkuluan, eta testu ikusgarria gainidazten dute izen irisgarri gisa, testu-etiketa ikusgarria kontrolari programazio bidez lotuta dagoenean ere. Horregatik, etiketa ikusgarri bat dagoeneko badagoenean, aria-label erabiltzea saihestu edo kontuz erabili behar da, eta aria-labelledby kontuz erabili behar da osagarri gisa.
Azkenik, aria-describedby ez da izen irisgarriaren kalkuluan sartzen (deskribapen irisgarriaren kalkuluaren parte da). Ohituraz, pantaila-irakurgailuek izen irisgarriaren ondoren berehala iragartzen dute aria-describedby bidez kontrol bati lotutako testua. Beraz, izenburuen, argibideen eta talde-etiketen testuingurua deskribapen irisgarriaren bidez eman daiteke, pantaila-irakurgailuen erabiltzaileei laguntzeko, ahots-ezagutzako softwarea erabiliz nabigatzen dutenen esperientziari eragin gabe.
Gaztelaniazko bideoa, euskarazko azpitituluekin. Ikusi YouTuben (WCAG 2.5.3 Etiketa izenean)
W3Ck betetze-irizpide honi lotzen dizkion teknika nahikoak, teknika gomendatuak eta ohiko akatsak, ADDAWk itzuliak. Teknika nahiko bat bakarrik nahikoa da adierazitako egoeran irizpidea betetzeko; gomendatuek gutxienekoa baino harago egiten dute; akatsek irizpidea betetzen ez duten egoerak deskribatzen dituzte.
Ikusi erreferentzia Teknikak eta hutsegiteak (W3C, ingelesez)