ADDAWk euskarara egindako itzulpen ez-ofiziala da hau. Akatsak izan ditzake: dokumentu ofizial eta arauemaile bakarra W3Cren Web Content Accessibility Guidelines (WCAG) 2.2 jarraibideen ingelesezko jatorrizkoa da. Gaztelaniaz ere irakur dezakezu.
Datuak sartzean errore bat automatikoki detektatzen bada, errorea duen elementua identifikatzen da eta errorea testu bidez deskribatzen zaio erabiltzaileari.
Betetze-irizpide honen xedea da ziurtatzea erabiltzaileei jakinarazten zaiela errore bat aurkitu dela eta errorea zein den zehaztu dezaketela. Erabiltzaileei errorearen berri ematen dien mezuak ahalik eta zehatzena izan behar du. Formulario bat behar bezala bete ez denean, formularioa berriro erakustea eta erroreak dituzten eremuak adieraztea soilik ez da nahikoa erabiltzaile batzuek erroreak aurkitu direla hauteman dezaten. Pantaila-irakurgailuak erabiltzen dituzten pertsonek, adibidez, ez dute jakingo non egin duten huts adierazle horietako bat aurkitu arte. Baliteke formularioa zuzenean baztertzea errore-adierazlea aurkitu aurretik, orriak behar bezala funtzionatzen ez duela pentsatuta.
Errore baten identifikazioa eta deskribapena software bidezko informazioarekin konbina daiteke, laguntza-teknologiek eta erabiltzaile-aplikazioek erroreak identifikatzeko eta erabiltzaileei dagokien informazioa emateko erabil dezaketena. Adibidez, teknologia batzuek zehaztu dezakete erabiltzaileak sartutako datuek ez dutela tarte jakin bat gainditu behar edo eremu jakin bat derrigorrezkoa dela. Gaur egun, teknologia gutxik eman dezakete informazio mota hori, baina betetze-irizpide honek ez ditu ez eskatzen ez baztertzen.
Guztiz onargarria da errorea testu-deskribapenaz gain beste bitarteko batzuen bidez adieraztea, hala nola irudien, koloreen eta abarren bidez.
Ikus, halaber, 3.3.3 Erroreak zuzentzeko iradokizunak betetze-irizpidea ulertzea.
Datuak sartzean egindako erroreei buruzko informazioa testu moduan emateak erabiltzaile itsuei edo daltonikoei laguntzen die errore bat egin dutela hautematen.
Betetze-irizpide honek lagun diezaieke ikonoen eta beste arrasto bisual batzuen esanahia ulertzeko zailtasunak dituzten urritasun kognitiboak, hizkuntza-urritasunak edo ikasteko urritasunak dituzten pertsonei.
Formulario bateko erroreak identifikatzea
Aire-konpainia baten webguneak hegaldietan deskontu-promozio berezi bat eskaintzen du. Erabiltzaileari formulario erraz bat betetzeko eskatzen zaio, datu pertsonalekin: izena, helbidea, telefono-zenbakia, eserlekuen hobespena eta helbide elektronikoa. Formularioko eremuren bat bete ez bada edo gaizki bete bada, ohar bat erakusten da, erabiltzaileari jakinaraziz zein eremu ez diren bete edo ez diren zuzenak.
Oharra: Betetze-irizpide honek ez du esan nahi ezin direla koloreak edo testu-estiloak erabili erroreak adierazteko. Erroreak testuaren bidez ere identifikatzea besterik ez du eskatzen. Adibide honetan, bi izartxo erabiltzen dira koloreaz gain.
Hainbat arrasto ematea
Erabiltzaileak huts egiten du formulario bateko bi eremu betetzean. Errorea deskribatzeaz eta eremuak errazago aurkitzeko karaktere bakar bat aurkezteaz gain, eremuak horiz nabarmentzen dira, bilaketa bisuala ere errazteko.
Gaztelaniazko bideoa, euskarazko azpitituluekin. Ikusi YouTuben (WCAG 3.3.1 Erroreak identifikatzea)
W3Ck betetze-irizpide honi lotzen dizkion teknika nahikoak, teknika gomendatuak eta ohiko akatsak, ADDAWk itzuliak. Teknika nahiko bat bakarrik nahikoa da adierazitako egoeran irizpidea betetzeko; gomendatuek gutxienekoa baino harago egiten dute; akatsek irizpidea betetzen ez duten egoerak deskribatzen dituzte.
Ikusi erreferentzia Teknikak eta hutsegiteak (W3C, ingelesez)