ADDAWk euskarara egindako itzulpen ez-ofiziala da hau. Akatsak izan ditzake: dokumentu ofizial eta arauemaile bakarra W3Cren Web Content Accessibility Guidelines (WCAG) 2.2 jarraibideen ingelesezko jatorrizkoa da. Gaztelaniaz ere irakur dezakezu.
Web-orri bakoitzaren hizkuntza lehenetsia programazio bidez zehatz daiteke.
Betetze-irizpide honen asmoa da bermatzea eduki-garatzaileek web-orrian ematen dutela erabiltzaile-agenteek testuak eta gainerako hizkuntza-edukiak behar bezala aurkezteko behar duten informazioa. Bai laguntza-teknologiek, bai ohiko erabiltzaile-agenteek testuak fideltasun handiagoz prozesa ditzakete orriko edukiaren hizkuntza identifikatu denean. Pantaila-irakurgailuek ahoskera-arau egokiak karga ditzakete. Nabigatzaile bisualek karaktereak eta idazkerak behar bezala erakuts ditzakete. Multimedia-erreproduzitzaileek azpitituluak behar bezala erakuts ditzakete. Horri esker, desgaitasuna duten erabiltzaileek aukera gehiago izango dituzte edukia ulertzeko.
Web-orri baten hizkuntza lehenetsia testuaren prozesamenduaren hizkuntza lehenetsia da, Internationalization Best Practices: Specifying Language in XHTML & HTML Content dokumentuan azaltzen den bezala. Web-orri batek hainbat hizkuntza erabiltzen dituenean, gehien erabiltzen dena izango da hizkuntza lehenetsia. (Guztiak neurri berean erabiltzen badira, erabilitako lehen hizkuntza aukeratu beharko da hizkuntza lehenetsi gisa.)
Oharra: A maila bete nahi duten webgune eleanitzetan, Lan Taldeak irmoki eskatzen die garatzaileei 3.1.2 betetze-irizpidea ere betetzeko, AA mailako betetze-irizpidea izan arren.
Betetze-irizpide honek hauei laguntzen die:
pantaila-irakurgailuak edo testua ahots sintetiko bihurtzen duten beste teknologia batzuk erabiltzen dituzten pertsonei;
idatzizko materiala jariotasunez eta zehaztasunez irakurtzeko zailtasunak dituzten pertsonei, adibidez, karaktereak eta alfabetoak ezagutzeko edo hitzak deskodetzeko;
ahots-sintesiko programak erabiltzen dituzten eta zailtasun kognitibo, hizkuntza-zailtasun eta ikaskuntza-zailtasun jakin batzuk dituzten pertsonei;
multimedia-aurkezpen sinkronizatuetan azpitituluen mende dauden pertsonei.
1. adibidea. Bi hizkuntzatako edukia duen web-orri bat
Ingalaterran egindako eta HTMLz idatzitako web-orri batek ingelesezko eta gaztelaniazko edukia du, baina eduki gehiena ingelesez dago. Hizkuntza lehenetsia ingelesa (en) dela identifikatzen da, HTML elementuko lang atributuaren bidez.
Gaztelaniazko bideoa, euskarazko azpitituluekin. Ikusi YouTuben (WCAG 3.1.1 Orriaren hizkuntza)
W3Ck betetze-irizpide honi lotzen dizkion teknika nahikoak, teknika gomendatuak eta ohiko akatsak, ADDAWk itzuliak. Teknika nahiko bat bakarrik nahikoa da adierazitako egoeran irizpidea betetzeko; gomendatuek gutxienekoa baino harago egiten dute; akatsek irizpidea betetzen ez duten egoerak deskribatzen dituzte.
Ikusi erreferentzia Teknikak eta hutsegiteak (W3C, ingelesez)