ADDAWk euskarara egindako itzulpen ez-ofiziala da hau. Akatsak izan ditzake: dokumentu ofizial eta arauemaile bakarra W3Cren Web Content Accessibility Guidelines (WCAG) 2.2 jarraibideen ingelesezko jatorrizkoa da. Gaztelaniaz ere irakur dezakezu.
Azpitituluak eta testu-irudiak salbu, testu guztia laguntza-teknologiarik gabe ehuneko 200eraino handitu daiteke, edukirik edo funtzionaltasunik galdu gabe.
Betetze-irizpide honen asmoa da bisualki errendatutako testua —testuan oinarritutako kontrolak barne (ikusteko moduan aurkeztu diren testu-karaktereak, oraindik datu moduan dauden testu-karaktereen aldean, ASCII adibidez)— handitu ahal izatea, ikusmen-arazoak dituzten pertsonek irakurri ahal izan dezaten pantaila-handigailuak bezalako laguntza-teknologiarik erabili beharrik gabe. Erabiltzaileek web-orriko eduki guztia handitu ahal izatea ere onuragarria da haientzat, baina testua da garrantzitsuena.
Edukiaren tamaina handitzea, lehenik eta behin, erabiltzaile-agenteen ardura da. UAAG 1.0 Checkpoint 4.1 betetzen duten erabiltzaile-agenteek testuaren tamaina konfiguratzeko aukera ematen diete erabiltzaileei. Egilearen ardura da erabiltzaile-agenteak testua benetan handitzea eragozten ez duen web-edukia sortzea. Egileek betetze-irizpide hau bete dezakete edukiak erabiltzaile-agenteak testuaren tamaina (testuan oinarritutako kontrolena barne) handitzeko duen gaitasuna oztopatzen ez duela egiaztatuta, edo testuaren tamaina edo orriaren diseinua aldatzeko euskarri zuzena emanez. Euskarri zuzenaren adibide bat izan daiteke estilo-orri desberdinak aplikatzeko aukera ematen duen zerbitzariko script bat.
Egileak ezin du erabiltzaile-agentearen mende utzi HTML edukiaren kasuan betetze-irizpide hau betetzea, baldin eta erabiltzaileek ez badute edukia handitzeko gai den erabiltzaile-agenterik eskura. Adibidez, Internet Explorer 6 edo Firefox erabiltzera behartzen dituen ingurune batean lan egiten badute.
Egileak erabiltzen duen teknologiaren erabiltzaile-agenteek edukia handitzeko aukerarik ematen ez badute, egileari dagokio funtzionaltasun hori zuzenean ematea edo erabiltzaile-agenteak eskaintzen duen funtzionaltasunarekin dabilen edukia ematea. Erabiltzaile-agenteak zoom-funtzionaltasunik ematen ez badu, baina testuaren tamaina aldatzeko aukera ematen badio erabiltzaileari, egileari dagokio bermatzea edukiak erabilgarria izaten jarraitzen duela testuaren tamaina aldatzen denean.
Etiketa gisa funtzionatzen duten eta edukietara iristeko erabiltzaileak aktibatu behar dituen erabiltzaile-interfazeko osagai batzuk ez dira nahikoa zabalak etiketaren edukia hartzeko. Adibidez, web bidezko posta-aplikazioetan, baliteke gaiaren zutabea gai-izenburu posible guztiak hartzeko adina zabala ez izatea, baina gai-izenburua aktibatuz gero, erabiltzailea mezu osora eramaten da, gai-izenburu osoarekin. Web bidezko kalkulu-orrietan, zutabe batean erakusteko luzeegia den gelaxka-edukia moztu egin daiteke, eta gelaxkaren eduki osoa erabiltzailearen eskura dago gelaxkak fokua jasotzen duenean. Erabiltzaile-interfazeko osagai baten edukia zabalegia ere gerta daiteke erabiltzaileak zutabeen zabalera alda dezakeen erabiltzaile-interfazeetan. Mota horretako erabiltzaile-interfazeko osagaietan, lerro-jauzia ez da beharrezkoa; moztea onargarria da, baldin eta osagaiaren eduki osoa eskuragarri badago fokua jasotzean edo erabiltzaileak aktibatu ondoren, eta informazio hori eskura daitekeela adierazten bazaio erabiltzaileari nolabait, moztuta dagoela ikusteaz gain.
Edukiak betetze-irizpidea betetzen du % 200eraino handitu badaiteke, hau da, zabaleraren eta altueraren bikoitzeraino. Egileek muga horretatik haratago handitzeko aukera eman dezakete; dena den, handitzea muturrekoagoa den heinean, diseinu moldagarriek erabilgarritasun-arazoak sor ditzakete. Adibidez, hitzak handiegiak izan daitezke eskuragarri dagoen espazio horizontalean sartzeko, eta moztu egin daitezke; diseinuaren mugek eragin dezakete testua edukiaren gainean jartzea handitzean, edo esaldi bateko hitz bakar bat sartzea lerro bakoitzean, eta esaldia irakurtzeko zaila den testu-zutabe bertikal gisa erakustea.
Lantaldearen ustez, % 200 egokitzapen arrazoizkoa da, diseinu ugari ahalbidetzen dituena, eta gutxienez % 200eko handitzea ematen duten pantaila-handigailu zaharren osagarria da. % 200etik gora, zooma (testuaren, irudien eta diseinuaren zatien tamaina aldatzen duena eta ikuspegi handiagoa sortzen duena, korritze horizontala eta bertikala behar izan ditzakeena) testuaren tamaina aldatzea baino eraginkorragoa izan daiteke. Zooma emateko berariazko laguntza-teknologiak erabili ohi dira egoera horretan, eta irisgarritasun hobea eman dezakete egileak erabiltzaileari zuzenean laguntzeko egiten dituen saiakerek baino.
Oharra: Testu-irudiak ez dira testua bezain ondo handitzen, pixelatu egiten baitira; horregatik, ahal den guztietan testua erabiltzea gomendatzen da. Halaber, zailagoa da testu-irudietan kolore-konbinazioak eta aurreko planoaren eta hondoaren arteko kontrastea aldatzea, eta hori beharrezkoa da erabiltzaile batzuentzat.
Betetze-irizpide honek ikusmen urria duten pertsonei laguntzen die, testuaren tamaina handitzeko aukera ematen baitie, irakurri ahal izateko.
Ikusmen urria duen erabiltzaile batek web-orri bateko testuaren tamaina 1em-etik 1.2em-era handitzen du. Erabiltzaileak ezin zuen testua jatorrizko tamainan irakurri, baina handituta irakur dezake. Orriko informazio guztia ikus daiteke letra-tipo handiagoa erabiltzen denean ere.
Web-orri batek orriaren tamaina aldatzeko aukera ematen duen kontrol bat du. Konfigurazio bat hautatzean, orriaren eskema aldatu egiten da, aukeratutako tamainarako diseinurik egokiena erabiltzeko.
Erabiltzaile batek bere erabiltzaile-agentearen zooma erabiltzen du edukiaren tamaina aldatzeko. Eduki guztia modu uniformean handitzen da, eta erabiltzaile-agenteak korritze-barrak ematen ditu, beharrezkoak badira.
Gaztelaniazko bideoa, euskarazko azpitituluekin. Ikusi YouTuben (WCAG 1.4.4 Testuaren tamaina aldatzea)
W3Ck betetze-irizpide honi lotzen dizkion teknika nahikoak, teknika gomendatuak eta ohiko akatsak, ADDAWk itzuliak. Teknika nahiko bat bakarrik nahikoa da adierazitako egoeran irizpidea betetzeko; gomendatuek gutxienekoa baino harago egiten dute; akatsek irizpidea betetzen ez duten egoerak deskribatzen dituzte.
Testuaren tamaina aldatzean testu-edukiontziek ere tamaina aldatzen dutela ziurtatzea ETA edukiaren beste neurri batzuekiko neurri erlatiboak erabiltzea, honako teknika hauetako bat edo gehiago erabiliz:
Neurri erlatiboetarako teknikak:
Testu-edukiontzien tamaina aldatzeko teknikak:
Ikusi erreferentzia Teknikak eta hutsegiteak (W3C, ingelesez)