ADDAWk euskarara egindako itzulpen ez-ofiziala da hau. Akatsak izan ditzake: dokumentu ofizial eta arauemaile bakarra W3Cren Web Content Accessibility Guidelines (WCAG) 2.2 jarraibideen ingelesezko jatorrizkoa da. Gaztelaniaz ere irakur dezakezu.
Edukia ulertzeko eta erabiltzeko ematen diren argibideak ez daude soilik osagaien ezaugarri sentsorialen mende, hala nola haien forma, tamaina, kokapen bisuala, orientazioa edo soinua. (A maila)
Oharra: Koloreari lotutako betekizunetarako, ikus 1.4 jarraibidea.
Betetze-irizpide honen asmoa da erabiltzaile guztiek edukia erabiltzeko ematen diren argibideak ulertu ahal izatea, formak eta tamaina hauteman ezin dituztenean edo edukiaren kokapen espaziala edo orientazioa antzeman ezin dutenean ere. Eduki batzuk objektuen forma edo posizioa ezagutzearen mende daude, eta datu horiek ezin dira edukiaren egituratik bertatik ondorioztatu (adibidez, 'botoi biribila' edo 'eskuineko botoia'). Desgaitasuna duten erabiltzaile batzuek ezin dute edukiaren forma edo posizioa hauteman, erabiltzen dituzten laguntza-teknologien ezaugarriengatik. Betetze-irizpide honek eskatzen du mota horretako informazioaren mende dagoen guztia argitzeko behar den informazio gehigarria ematea.
Hala ere, formak eta/edo kokapena erabiliz informazioa ematea metodo eraginkorra da erabiltzaile askorentzat, muga kognitiboak dituztenentzat barne. Irizpide honek ez du mota horretako laguntzen erabilera eragotzi behar, betiere informazioa beste modu batzuetan ere ematen bada.
Hizkuntza batzuetan, 'goian' testuaren puntu horren aurreko edukiari dagokiola ulertzen da, eta 'behean', puntu horren ondoren datorren edukiari. Hizkuntza horietan, aipatzen den edukia irakurketa-ordena egokian kokatuta badago eta erreferentzia anbiguoa ez bada, 'aukeratu beheko esteketako bat' edo 'goiko guztiak' bezalako esaldiek betetze-irizpide hau beteko dute.
Baliteke itsuek edo ikusmen urria duten pertsonek elementuen formaren eta/edo kokapenaren bidez transmititzen den informazioa ulertu ezin izatea. Formaz eta kokapenaz gain informazio gehigarria emanez gero, informazio guztia ulertu ahal izango dute.
1. adibidea: Gertaera bakoitzaren ordutegia bereizteko kolorea eta forma erabiltzen dituen gertaera-programa bat
Taula batek orduen zerrenda bat aurkezten du goiko errenkadan eta gertaeren zerrenda bat lehen zutabe bertikalean. Gertaera jakin baten ordutegiari dagokion gelaxkak hondoko kolore berezi bat eta diamante formako ikono bat ditu, kolorearen eta formaren bidez identifikatu ahal izateko.
2. adibidea: Hainbat orritako lineako inkesta bat
Hainbat orritako lineako inkesta batek edukiaren beheko eskuinaldean kokatutako gezi berde baten ikonoa erabiltzen du inkestaren orri batetik bestera igarotzeko esteka gisa. Geziak 'Hurrengoa' etiketa du argi eta garbi, eta argibideek hau diote: 'Inkestaren hurrengo atalera igarotzeko, sakatu beheko eskuineko izkinan, inkestaren azken galderaren azpian, 'Hurrengoa' dioen gezi berdea'. Adibide honek kokapena, kolorea eta testu-etiketa erabiltzen ditu aldi berean ikonoa identifikatzeko.
Gaztelaniazko bideoa, euskarazko azpitituluekin. Ikusi YouTuben (WCAG 1.3.3 Ezaugarri sentsorialak)
W3Ck betetze-irizpide honi lotzen dizkion teknika nahikoak, teknika gomendatuak eta ohiko akatsak, ADDAWk itzuliak. Teknika nahiko bat bakarrik nahikoa da adierazitako egoeran irizpidea betetzeko; gomendatuek gutxienekoa baino harago egiten dute; akatsek irizpidea betetzen ez duten egoerak deskribatzen dituzte.
Ikusi erreferentzia Teknikak eta hutsegiteak (W3C, ingelesez)