Addaw, joan hasierara Egin dohaintza
wcag2.0

Irizpidea 1.4.8 - Aurkezpen bisuala (AAA)

ADDAWk euskarara egindako itzulpen ez-ofiziala da hau. Akatsak izan ditzake: dokumentu ofizial eta arauemaile bakarra W3Cren Web Content Accessibility Guidelines (WCAG) 2.2 jarraibideen ingelesezko jatorrizkoa da. Gaztelaniaz ere irakur dezakezu.

Testu-blokeen aurkezpen bisualean, mekanismoren bat ematen da honako hau lortzeko: 

  1. Erabiltzaileak hauta ditzake hondoko eta aurreko planoko koloreak.

  2. Zabalera ez da 80 karaktere edo zeinu baino handiagoa (40, CJK bada).

  3. Testua ez dago justifikatuta (ezkerreko eta eskuineko marjinetan aldi berean lerrokatuta).

  4. Lerroen arteko tartea (lerroartea) gutxienez espazio eta erdikoa da paragrafoen barruan, eta paragrafoen arteko tartea lerroen arteko tartea baino gutxienez 1.5 aldiz handiagoa da.

  5. Testuaren tamaina laguntza-teknologiarik gabe ehuneko 200eraino doi daiteke, pantaila osoko leiho batean testu-lerro bat irakurtzeko korritze horizontalik behar izan gabe.

Betetze-irizpide honen helburua

Betetze-irizpide honen asmoa da testua hauteman ahal izateko moduan aurkeztea, diseinuak haren irakurgarritasuna oztopatu gabe. Zailtasun kognitibo, hizkuntza-zailtasun edo ikaskuntza-zailtasun jakin batzuk dituzten pertsonek eta ikusmen urria duten erabiltzaile batzuek ezin dute testua hauteman, edo irakurtzen ari ziren lekua galtzen dute, testua irakurtzea zailtzen dien moduan aurkezten bada.

Ikusmen- edo kognizio-zailtasun jakin batzuk dituzten pertsonek testuaren kolorea eta hondoaren kolorea hautatzeko aukera izan behar dute. Batzuetan, zailtasun berak ez dituztenei ez oso intuitiboak iruditzen zaizkien konbinazioak aukeratzen dituzte. Batzuetan, kontraste oso txikiko konbinazioak dira; beste batzuetan, kolore-konbinazio oso zehatz batzuk baino ezin dituzte erabili. Pertsona horientzat oso garrantzitsua da koloreak eta testuen aurkezpenaren beste alderdi batzuk kontrolatu ahal izatea.

Ikusmen- edo irakurketa-zailtasun jakin batzuk dituzten pertsonentzat, testu-lerro oso luzeak oztopo handia bihur daitezke, arazoak baitituzte kokatzeko eta testuaren jarioari jarraitzeko. Testu-bloke estuek errazten diete blokeko hurrengo testu-lerroarekin jarraitzea. Lerroek ez dute 80 karaktere edo zeinu baino gehiago izan behar ((40, CJK bada), zeinuak testuaren idazkera-sistemako idazketa-elementua izanik. Ikerketek erakutsi dute txinerazko, japonierazko eta koreerazko (CJK) karaktereak CJK ez diren karaktereak baino bi aldiz zabalagoak direla gutxi gorabehera, bi karaktere motak irakurtzeko erraztasun bera lortzen duten ezaugarriekin erakusten direnean; horregatik, CJK karaktereen gehieneko lerro-zabalera CJK ez diren karaktereena baino erdia da.

Urritasun kognitibo jakin batzuk dituzten pertsonek zailtasunak dituzte testuari jarraitzeko lerroak oso elkarren ondoan daudenean. Lerroen eta paragrafoen arteko tarte gehigarriei esker, pertsona horiek hobeto aurki dezakete hurrengo lerroa eta paragrafo bakoitzaren amaierara iritsi direla ohartu. Are hobea da haientzat aukera desberdinak egotea, adibidez, espazio eta erdiko eta espazio bikoitzeko lerroartea. Paragrafoen barruko espazio eta erdi esatean, esan nahi dugu lerro baten goiko aldea beheko lerroaren goiko aldetik % 150 urrunduta dagoela, testua 'espazio bakarrekoa' (letra-tipoaren lehenetsitako tartea) balitz izango litzatekeenaren ordez. Paragrafoen arteko tartea lerroen artekoa baino 1,5 aldiz handiagoa izatea esatean, esan nahi dugu paragrafo bateko azken lerroaren goiko aldea hurrengo paragrafoko lehen lerroaren goiko aldetik % 250 urrunduta dagoela (hau da, bi paragrafoen artean lerro huts bakar baten tartearen % 150eko lerro huts bat dagoela).

Zailtasun kognitibo jakin batzuk dituzten pertsonek arazoak dituzte bi marjinetan justifikatutako testuak irakurtzeko. Testu justifikatuetan, hitzen arteko tarte desberdinek zuriuneko 'kaleak' sor ditzakete hainbat lerrotan zehar, eta horrek irakurketa zailtzen du eta, kasu batzuetan, ezinezko bihurtzen du. Testu justifikatuetan, gainera, hitz batzuk gehiegi hurbil daitezke, eta zaila izan daiteke hitzen arteko bereizketa aurkitzea.

Errendatutako testua (ikusteko moduan aurkeztu diren testu-karaktereak, oraindik datu moduan dauden testu-karaktereen aldean, ASCII adibidez) doitzeko aukera ematen denean, testua handitzea ahalbidetzen da, eduki guztia ikusteko alboetara korritu beharrik gabe. Hori posible denean, testua birmoldatu egiten dela esaten da, eta ikusmen urria eta arazo kognitiboak dituzten pertsonei testuaren tamaina handitzeko aukera ematen die, desorientatu gabe.

Testuak doitzea, batez ere, erabiltzaile-agenteen ardura da. UAAG-ren 4.1 kontrol-puntua betetzen duten erabiltzaile-agenteek testuen tamaina konfiguratzeko aukera ematen diete erabiltzaileei. Egileen ardura da erabiltzaile-agenteei edukia doitzea eragozten ez dieten eta edukia uneko ikuspegiaren zabaleraren barruan birmoldatzea ahalbidetzen duten web-edukiak sortzea. Kontsultatu 1.4.4 Testuaren tamaina aldatzea betetze-irizpidea ulertzea, testuen tamaina handitzeari buruzko azalpen gehiago izateko.

Korritze horizontalari buruzko betekizunak ez zaizkie aplikatzen pantaila txikiko gailuei, non hitz luzeak lerro bakar batean erakuts daitezkeen eta alboetara korritu behar izan daitekeen. Betekizun honen ondorioetarako, egileek ziurtatu behar dute edukiak ez duela korritze horizontalik beharko ordenagailu edo eramangarri estandar bateko pantailan, nabigatzailearen leihoa tamaina osoan dagoela. Ebaluazio hori egitean, hobe da azken urteetako pantaila-bereizmen ohikoenak kontuan hartzea, jendeak, oro har, urte batzuetan mantentzen baititu bere ekipoak.

Hitzak zatitzea beti izan behar da posible, baldin eta hitzak ez badira hain luzeak, non pantaila oso baten zabaleraren erdia baino gehiago hartzen duten. URI oso luzeek pantaila handitu baten mugak gaindi ditzakete, baina ez dira 'irakurtzeko' testutzat hartzen eta, ondorioz, ez lukete betekizun hau urratuko.

Betekizun honek ez du esan nahi erabiltzaileak inoiz ez duela korritze horizontala erabili behar izango. Esan nahi du, soilik, ez duela alde batetik bestera korritu behar izango testu-lerro bat irakurtzeko. Adibidez, orri bat zabalera bereko bi testu-zutabez osatuta badago, automatikoki beteko luke betekizun hau. Orria handitzean, lehen zutabea osorik sartuko litzateke pantailan, eta erabiltzaileak bertikalki korritu beharko luke soilik testua irakurtzeko. Bigarren zutabea irakurtzeko, erabiltzaileak eskuinera korritu beharko luke eta zutabeak pantailaren zabalera osoa har dezan egin, eta horrela testua irakurri ahal izango luke korritze horizontal gehiagorik behar izan gabe.

1.4.8 betetze-irizpidearen onura zehatzak:

Betetze-irizpide honek ikusmen urria duten erabiltzaileei laguntzen die, testua aurkezpenaren ezaugarriek desbideratu gabe ikusteko aukera ematen baitie. Testua irakurgarriagoa egiten zaien moduan konfiguratzeko aukera ematen die, testu-blokeen kolorea eta tamaina kontrolatzeko aukera emanez.

Betetze-irizpide honek zailtasun kognitiboak, hizkuntza-zailtasunak eta ikaskuntza-zailtasunak dituzten pertsonei laguntzen die testuak hautematen eta testu-blokeetan ez galtzen.

  • Zailtasun kognitibo jakin batzuk dituzten pertsonek hobeto irakur ditzakete testuak aurreko planoko eta hondoko kolore-konbinazioak beraiek aukeratzen dituztenean.

  • Zailtasun kognitibo jakin batzuk dituzten pertsonek hobeto koka daitezke testu-blokeak estuak direnean eta lerroen eta paragrafoen arteko tartea konfigura dezaketenean.

  • Zailtasun kognitibo jakin batzuk dituzten pertsonek errazago irakur ditzakete testuak hitzen arteko tartea erregularra denean.

1.4.8 betetze-irizpidearen adibideak

Irudi hauetan, paragrafo bateko testuaren adibideak ageri dira, espazio bakarrarekin, espazio eta erdiarekin eta espazio bikoitzarekin.

Hau espazio bakarreko testuaren adibide bat da. Ez dago tarterik testu-lerroen artean.Hau espazio eta erdiko testuaren adibide bat da. Testu-lerro bakoitzaren artean testu-lerro baten altueraren erdiaren pareko tartea dago.Hau espazio bikoitzeko testuaren adibide bat da. Testu-lerro bakoitzaren artean testu-lerro baten altueraren pareko tartea dago.

Zeinuen adibideak dira 'A', '→' (gezi baten ikurra) eta 'さ' (japonierazko karaktere bat).

Bideo azalpena

Gaztelaniazko bideoa, euskarazko azpitituluekin. Ikusi YouTuben (WCAG 1.4.8 Aurkezpen bisuala)

Irizpide hau betetzeko teknikak

W3Ck betetze-irizpide honi lotzen dizkion teknika nahikoak, teknika gomendatuak eta ohiko akatsak, ADDAWk itzuliak. Teknika nahiko bat bakarrik nahikoa da adierazitako egoeran irizpidea betetzeko; gomendatuek gutxienekoa baino harago egiten dute; akatsek irizpidea betetzen ez duten egoerak deskribatzen dituzte.

Teknika nahikoak

Argibideak: Betetze-irizpide honek hainbat zati dituenez, betekizun hauetako bakoitza bete behar da, bakoitzerako zerrendatutako tekniketako bat erabiliz.

Lehen betekizuna: erabiltzaileak aurreko planoko eta hondoko koloreak hauta ditzakeela ziurtatzeko teknikak

Bigarren betekizuna: zabalerak 80 karaktere edo glifo (CJK badira, 40) gainditzen ez dituela ziurtatzeko teknikak

Hirugarren betekizuna: testua justifikatuta ez dagoela (aldi berean ezkerreko eta eskuineko marjinetara lerrokatuta) ziurtatzeko teknikak

Laugarren betekizuna: paragrafoen barruko lerroartea gutxienez tarte eta erdikoa dela eta paragrafoen arteko tartea lerroartea baino gutxienez 1,5 aldiz handiagoa dela ziurtatzeko teknikak

Bosgarren betekizuna: testuaren tamaina laguntza-teknologiarik gabe ehuneko 200eraino alda daitekeela ziurtatzeko teknikak, erabiltzaileak pantaila osoko leiho batean testu-lerro bat irakurtzeko horizontalki desplazatu behar izan ez dezan

Ohiko akatsak

Ikusi WCAG teknika guztiak euskaraz

Ikusi erreferentzia Teknikak eta hutsegiteak (W3C, ingelesez)