Addaw, joan hasierara Egin dohaintza
wcag2.0

Irizpidea 3.1.2 - Zatien hizkuntza (AA)

ADDAWk euskarara egindako itzulpen ez-ofiziala da hau. Akatsak izan ditzake: dokumentu ofizial eta arauemaile bakarra W3Cren Web Content Accessibility Guidelines (WCAG) 2.2 jarraibideen ingelesezko jatorrizkoa da. Gaztelaniaz ere irakur dezakezu.

Edukiko pasarte edo esaldi bakoitzaren hizkuntza programazio bidez zehatz daiteke, izen bereziak, termino teknikoak, hizkuntza zehaztugabeko hitzak eta inguruko testuaren berezko parte bihurtu diren hitzak edo esaldiak izan ezik.

Betetze-irizpide honen helburua

Betetze-irizpide honen asmoa da bermatzea erabiltzaile-agenteek hainbat hizkuntzatan idatzitako edukia behar bezala aurkez dezaketela, erabiltzaileari testua ulertzeko aukera ematen dioten laguntza-teknologiek hizkuntza bakoitzeko ezagutza eta baliabide egokiak erabil ditzaten. Hori nabigatzaile bisualei zein pantaila-irakurgailuei, braille-sistemei eta nabigatzaile hiztunei aplikatzen zaie.

Bai laguntza-teknologiek, bai ohiko erabiltzaile-agenteek testua fideltasun handiagoz prozesa dezakete testuko pasarte bakoitzaren hizkuntza zehazten bada. Pantaila-irakurgailuek zehaztutako hizkuntzaren ahoskera-arauak erabil ditzakete. Nabigatzaile bisualek karaktereak modu egokian erakuts ditzakete. Hori bereziki garrantzitsua da ezkerretik eskuinera irakurtzen den hizkuntza batetik eskuinetik ezkerrera irakurtzen den batera igarotzen denean, edo beste alfabeto bat erabiltzen duen hizkuntza batera igarotzen denean. Web-orrian erabilitako hizkuntza guztiak ezagutzen dituzten desgaitasuna duten erabiltzaileek hobeto ulertuko dute edukia testua ozen irakurtzen denean.

Esaldi edo testu-pasarte baterako beste hizkuntzarik zehazten ez denean, haren hizkuntza web-orriaren hizkuntza lehenetsia da (ikus 3.1.1 betetze-irizpidea). Beraz, hizkuntza bakarrean idatzitako dokumentuetako eduki guztiaren hizkuntza programazio bidez zehatz daiteke.

Badira hizkuntza bateko hitzak edo esaldiak, maiz erabiltzeagatik beste hizkuntza baten parte bihurtu direnak. Adibidez, «gourmet» frantsesezko hitz bat da, gaztelaniak bereganatu duena; gaztelaniazko hiztegietan agertzen da, eta gaztelaniaz irakurtzeko programatutako pantaila-irakurgailuek behar bezala ahoskatzen dute. Beraz, gaztelaniazko testu bateko pasarte batek «gourmet» hitza badu, haren hizkuntza frantsesa dela zehaztu ez arren, betetze-irizpide hau beteko du. Askotan, testuaren hizkuntza hitz bakar batean aldatzen dela dirudienean, hitz hori inguruko testuaren hizkuntzaren parte bihurtu da. Egoera hori hain ohikoa denez hizkuntza batzuetan, hitz solteak haiek dituen testuaren hizkuntzaren partetzat hartu behar dira, hizkuntza-aldaketa bat eragiteko asmoa begi-bistakoa ez bada behintzat. Hizkuntza-aldaketaren nahitasunari buruz zalantzak badaude, aztertu behar da hitza modu berean ahoskatzen den (intonazioa edo azentua izan ezik) inguruko testuaren hizkuntzan.

Lanbide gehienek maiz eskatzen dute beste hizkuntza batzuetan jatorria izan dezaketen termino teknikoak erabiltzea. Termino horiek, oro har, ez daude hizkuntza guztietara itzulita. Termino teknikoen izaera unibertsalak profesionalen arteko komunikazioa ere errazten du.

Termino tekniko ohikoen adibide batzuk hauek dira: Homo sapiens, Alpha Centauri, hertz eta habeas corpus.

Hizkuntza batetik besterako pasarteak identifikatzea garrantzitsua da hainbat arrazoirengatik:

3.1.2 betetze-irizpidearen onura zehatzak:

Betetze-irizpide honek hauei laguntzen die:

  • pantaila-irakurgailuak edo testua ahots sintetiko bihurtzen duten beste teknologia batzuk erabiltzen dituzten pertsonei;

  • idatzizko edukia jariotasunez eta zehaztasunez irakurtzeko zailtasunak dituzten pertsonei, adibidez, karaktereak eta alfabetoak ezagutzeko, hitzak deskodetzeko edo hitzak eta esaldiak ulertzeko zailtasunak dituztenei;

  • ahots-sintesiko programak erabiltzen dituzten eta zailtasun kognitibo, hizkuntza-zailtasun eta ikaskuntza-zailtasun jakin batzuk dituzten pertsonei;

  • multimedia-aurkezpen sinkronizatuetako edukiaren soinu-pistan hizkuntza-aldaketak ezagutzeko azpitituluen mende dauden pertsonei.

3.1.2 betetze-irizpidearen adibideak

  1. Alemanezko esapide bat euskarazko esaldi baten barruan

    «Alemaniako Errepublika Demokratikoa 'Treppenwitz der Weltgeschichte' bat besterik ez zela esaten zuen» esaldian, 'Treppenwitz der Weltgeschichte' alemanezko esapidea alemanez dagoela markatuta dago. Markaketa-lengoaiaren arabera, euskara dokumentu osoaren hizkuntza gisa marka daiteke, kontrakoa zehazten den lekuetan izan ezik, edo paragrafo-mailan marka daiteke. Pantaila-irakurgailu batek alemanezko esapidea aurkitzen duenean, euskarazko ahoskera-arauetatik alemanezkoetara aldatuko du, hitzak behar bezala ahoskatzeko.

  2. Beste hizkuntza batzuetarako estekak

    HTMLko web-orri batek orriaren beste hizkuntza batzuetako bertsioetarako estekak ditu (adibidez, Deutsch, Français, Nederlands, English, etab.). Esteka bakoitzeko testua hizkuntzaren izena da, dagokion hizkuntzan. Esteka bakoitzaren hizkuntza lang atributu baten bidez identifikatzen da.

  3. Frantsesezko esaldi batean erabilitako «podcast» hitza

    Hurrengo pasartean, «podcast» inguruko testuaren hizkuntzaren parte denez, ez da beharrezkoa hizkuntza-aldaketa bat adieraztea: 'À l'occasion de l'exposition 'Energie éternelle. 1500 arts d'art indien', le Palais des Beaux-Arts de Bruxelles a lancé son premier podcast. Vous pouvez télécharger ce podcast au format M4A et MP3'.

Bideo azalpena

Gaztelaniazko bideoa, euskarazko azpitituluekin. Ikusi YouTuben (WCAG 3.1.2 Zatien hizkuntza)

Irizpide hau betetzeko teknikak

W3Ck betetze-irizpide honi lotzen dizkion teknika nahikoak, teknika gomendatuak eta ohiko akatsak, ADDAWk itzuliak. Teknika nahiko bat bakarrik nahikoa da adierazitako egoeran irizpidea betetzeko; gomendatuek gutxienekoa baino harago egiten dute; akatsek irizpidea betetzen ez duten egoerak deskribatzen dituzte.

Teknika nahikoak

Ikusi WCAG teknika guztiak euskaraz

Ikusi erreferentzia Teknikak eta hutsegiteak (W3C, ingelesez)