ADDAWk euskarara egindako itzulpen ez-ofiziala da hau. Akatsak izan ditzake: dokumentu ofizial eta arauemaile bakarra W3Cren Web Content Accessibility Guidelines (WCAG) 2.2 jarraibideen ingelesezko jatorrizkoa da. Gaztelaniaz ere irakur dezakezu.
Testuinguruaren araberako laguntza ematen da
Betetze-irizpide honen xedea da erabiltzaileei erroreak saihesten laguntzea. Desgaitasuna duten erabiltzaile batzuek desgaitasunik ez duten pertsonek baino joera handiagoa izan dezakete erroreak egiteko. Testuinguruaren araberako laguntza emanez gero, erabiltzaileek ulertzen dute eragiketa bat nola egin, egiten ari direna bistatik galdu gabe.
Testuinguruaren araberako laguntza etiketa funtzionaltasun osoa deskribatzeko nahikoa ez denean soilik eman behar da. Testuinguruaren araberako laguntza dagoela agerikoa izan behar da erabiltzaileentzat, eta behar dutenean atzitu ahal izan behar dute.
Edukiaren egileak eman behar du laguntza-testua, edo erabiltzaile-aplikazioak eman behar du, teknologia bakoitzari dagokion software bidez zehaztutako informazioan oinarrituta.
Datuak sartzeko laguntzak onura ekartzen die idazteko eta irakurtzeko arazoak eta adimen-urritasuna dituzten pertsonei, sarritan zailtasunak izaten baitituzte formularioetan edo testua sartzea eskatzen duten beste leku batzuetan testuak idazteko.
Gainera, laguntza mota horrek onura ekartzen die zahartzen ari diren eta testuak sartzeko eta/edo sagua erabiltzeko zailtasunak dituzten pertsonei.
Lineako lan-eskaera
Galdera batzuk zailak izan daitezke lan-eskatzaile berriek ulertzeko. Galderen ondoan agertzen den laguntza-esteka batek galdera bakoitzerako argibideak eta azalpenak ematen ditu.
Gaztelaniazko bideoa, euskarazko azpitituluekin. Ikusi YouTuben (WCAG 3.3.5 Laguntza)
W3Ck betetze-irizpide honi lotzen dizkion teknika nahikoak, teknika gomendatuak eta ohiko akatsak, ADDAWk itzuliak. Teknika nahiko bat bakarrik nahikoa da adierazitako egoeran irizpidea betetzeko; gomendatuek gutxienekoa baino harago egiten dute; akatsek irizpidea betetzen ez duten egoerak deskribatzen dituzte.
Ikusi erreferentzia Teknikak eta hutsegiteak (W3C, ingelesez)