ADDAWk euskarara egindako itzulpen ez-ofiziala da hau. Akatsak izan ditzake: dokumentu ofizial eta arauemaile bakarra W3Cren Web Content Accessibility Guidelines (WCAG) 2.2 jarraibideen ingelesezko jatorrizkoa da. Gaztelaniaz ere irakur dezakezu.
Web-orri multzo baten barruan funtzionaltasun bera duten osagaiak modu koherentean identifikatzen dira.
Betetze-irizpide honen xedea da ziurtatzea web-orri multzo jakin batean askotan errepikatuta agertzen diren osagai funtzionalak modu koherentean identifikatu ahal izatea. Pantaila-irakurgailuak erabiltzen dituzten pertsonek webgune bat erabiltzean duten estrategietako bat da orri desberdinetan ager daitezkeen funtzioak ezagutzean asko fidatzea. Funtzio berberek orri desberdinetan etiketa desberdinak badituzte, askoz zailagoa izango da gunean nabigatzea. Gainera, nahasgarria izan daiteke eta karga kognitiboa handitu dezake muga kognitiboak dituzten pertsonentzat. Horregatik, oso lagungarria da etiketa koherenteak erabiltzea.
Koherentzia hori testu-alternatibei ere aplikatu behar zaie. Ikonoek edo testuak ez diren elementuek funtzio bera badute, haien testu alternatiboek ere koherenteak izan behar dute.
Gune bateko orri baten funtzionaltasuna ikasten duten pertsonek nahi dituzten funtzioak aurki ditzakete beste orri batzuetan, bertan badaude.
Testua ez den edukia modu koherentean erabiltzen denean funtzionaltasun bera duten osagaiak identifikatzeko, irakurtzeko edo testu-alternatibak hautemateko zailtasunak dituzten pertsonek webarekin elkarreragin dezakete testu-alternatiben mende egon gabe.
Testu-alternatiben mende dauden pertsonek esperientzia aurreikusgarriagoa izan dezakete. Osagaia ere aurki dezakete, orri desberdinetan etiketa koherentea badu.
1. adibidea: dokumentu baten ikonoa
Dokumentu baten ikonoa erabiltzen da gune bateko orri guztietan dokumentuak deskargatzeko aukera adierazteko. Ikonoaren testu-alternatiba beti 'Deskargatu' hitzarekin hasten da, eta ondoren dokumentuaren izenburu laburtua dator. Dokumentu bakoitzaren izena identifikatzeko testu-alternatiba desberdinak erabiltzea testu-alternatiben erabilera koherentea da.
2. adibidea: egiaztapen-marka
Egiaztapen-marka duen ikonoak 'onartua' esan nahi du orri batean, baina beste orri batean 'barne hartua' esan nahi du. Funtzio desberdinak dituenez, ikono berak testu-alternatiba desberdinak ditu.
3. adibidea: beste orri batzuetarako erreferentzia koherenteak
Webgune batek artikuluak argitaratzen ditu sarean. Artikulu bakoitza hainbat orritan zabaltzen da, eta orri bakoitzak artikuluaren lehen orrirako, hurrengo orrirako eta aurreko orrirako esteka bat du. Hurrengo orrirako erreferentziek '2. orria', '3. orria', '4. orria' eta abar esaten badute, etiketak ez dira berdinak, baina koherenteak dira. Beraz, erreferentzia horiek betetze-irizpide hau betetzen dute.
4. adibidea: antzeko funtzioak dituzten ikonoak
Merkataritza elektronikoko aplikazio batek inprimagailu baten ikonoa erabiltzen du, erabiltzaileari ordainagiriak eta fakturak inprimatzeko aukera ematen diona. Aplikazioaren zati batean, inprimagailuaren ikonoak 'Inprimatu ordainagiria' etiketa du eta ordainagiriak inprimatzeko erabiltzen da; beste zati batean, berriz, 'Inprimatu faktura' etiketa du eta fakturak inprimatzeko erabiltzen da. Etiketak koherenteak dira ('Inprimatu x'), baina testuak desberdinak dira, ikonoen funtzio desberdinak islatzeko. Beraz, adibide honek betetze-irizpidea betetzen du.
5. adibidea: Gorde ikonoa
Beti 'gorde' ikono bat erabiltzen da gune bateko hainbat orritan dokumentua gordetzeko funtzioa ematen denean.
6. adibidea: akats baten adibidea
Orri bateko formularioak 'bilatu' botoi bat du, eta beste orri batean botoiak 'aurkitu' dio. Bi formularioek termino bat sartzeko eremu bat dute, eta sartutako terminoarekin lotutako gaiak zerrendatzen dituzte. Kasu honetan, botoiek funtzio bera dute, baina etiketak ez dira koherenteak.
Gaztelaniazko bideoa, euskarazko azpitituluekin. Ikusi YouTuben (WCAG 3.2.4 Identifikazio koherentea)
W3Ck betetze-irizpide honi lotzen dizkion teknika nahikoak, teknika gomendatuak eta ohiko akatsak, ADDAWk itzuliak. Teknika nahiko bat bakarrik nahikoa da adierazitako egoeran irizpidea betetzeko; gomendatuek gutxienekoa baino harago egiten dute; akatsek irizpidea betetzen ez duten egoerak deskribatzen dituzte.
Testu-alternatiba «koherenteak» ez dira beti «berdin-berdinak». Adibidez, web-orri baten amaieran gezi grafiko bat egon daiteke, hurrengo web-orrira estekatzen duena. Testu-alternatibak «Joan 4. orrira» esan dezake. Jakina, ez litzateke egokia testu-alternatiba bera zehatz-mehatz errepikatzea hurrengo web-orrian. Egokiagoa litzateke «Joan 5. orrira» esatea. Testu-alternatiba horiek berdin-berdinak ez badira ere, koherenteak lirateke, eta, beraz, betetze-irizpide hau beteko lukete.
Testua ez den eduki-elementu bera funtzio desberdinak betetzeko erabil daiteke. Kasu horietan, testu-alternatiba desberdinak behar dira, eta erabili egin behar dira. Ohikoa da horren adibideak aurkitzea egiaztapen-markak, gurutzeak eta trafiko-seinaleak bezalako ikonoen erabileran. Haien funtzioak desberdinak izan daitezke web-orriaren testuinguruaren arabera. Egiaztapen-markaren ikono batek «onartua», «osatua» edo «barne hartua» gisa funtziona dezake, batzuk aipatzearren, egoeraren arabera. Web-orri guztietan «egiaztapen-marka» testu-alternatiba gisa erabiltzeak ez die erabiltzaileei laguntzen ikonoaren funtzioa ulertzen. Testu-alternatiba desberdinak erabil daitezke testua ez den eduki berak hainbat funtzio betetzen dituenean.
Ikusi erreferentzia Teknikak eta hutsegiteak (W3C, ingelesez)