ADDAWk euskarara egindako itzulpen ez-ofiziala da hau. Akatsak izan ditzake: dokumentu ofizial eta arauemaile bakarra W3Cren Web Content Accessibility Guidelines (WCAG) 2.2 jarraibideen ingelesezko jatorrizkoa da. Gaztelaniaz ere irakur dezakezu.
Erabiltzailearentzat konpromiso juridikoak edo finantza-transakzioak dakartzaten web-orrietan, datuak biltegiratzeko sistemetan erabiltzaileak kontrola ditzakeen datuak aldatzen edo ezabatzen dituztenetan, edo erabiltzaileak proba bati emandako erantzunak bidaltzen dituztenetan, kasu hauetako bat gutxienez betetzen da:
Itzulgarria: Bidalketa itzulgarria da.
Berrikusia: Informazioa egiaztatzen da datuak sartzean egindako erroreak detektatzeko, eta erabiltzaileari horiek zuzentzeko aukera ematen zaio.
Berretsia: Informazioa berrikusteko, berresteko eta zuzentzeko mekanismo bat ematen da, datuen bidalketa amaitu aurretik.
Betetze-irizpide honen xedea da desgaitasuna duten erabiltzaileei laguntzea ondorio larriak saihesten, desegin ezin den ekintza bat egitean errore bat egiten badute. Adibidez, itzultzen ez den hegazkin-txartel bat erostea edo burtsan akzioak erosteko agindu bat sinatzea ondorio larriak izan ditzaketen finantza-transakzioak dira. Erabiltzaileak errore bat egiten badu bidaiaren data aukeratzean, baliteke aldatu ezin den beste data baterako txartel batekin geratzea. Erabiltzailea nahastu bada erosi nahi duen akzio kopurua aukeratzean, baliteke nahi zituenak baino askoz gehiago erostea. Bi erroreek berehalako transakzioak dakartzate, gero aldatu ezin direnak, eta horrek ondorio oso garestiak izan ditzake. Era berean, erabiltzaileek nahi gabe alda edo ezaba dezakete datu-base batean gordetako informazioa, gero berriro atzitu beharko dutena; adibidez, bidaia-agentzien gune bateko bidaiari-profila. Jarraibide honetan proba baten datuak sartzen dira, probak baliozkoak izan daitezen erabiltzaileek ez baitute izan behar erantzunak aldatzeko aukerarik behin bidalita. Horregatik, ezinbestekoa da erabiltzaileak ziur egotea datu zuzenak bidali dituztela.
Desgaitasuna duten erabiltzaileek joera handiagoa izan dezakete erroreak egiteko. Irakurtzeko arazoak dituzten pertsonek sarritan nahasten dituzte zenbakiak eta letrak, eta arazo motorrak dituzten pertsonek batzuetan oker sakatzen dute tekla datuak sartzean. Ekintzak desegiteko aukera emateak erabiltzaileei ondorio larriak izan ditzaketen erroreak zuzentzeko aukera ematen die. Informazioa berrikusteko eta zuzentzeko aukera emateak erabiltzaileari erroreak detektatzeko aukera ematen dio, ondorio larriak dituen ekintza bat egin aurretik.
Erabiltzaileak kontrola ditzakeen datuak erabiltzaileek ezagutzeko direnak dira (adibidez, erabiltzailearen kontuko izena eta helbidea). Ez ditu barne hartzen Interneteko erregistroak eta bilatzaileen jarraipen-datuak bezalakoak.
Ondorio larriak dakartzaten erroreak saihesteko bitartekoak emateak erroreak egiteko joera handiagoa izan dezaketen desgaitasuna duten erabiltzaileei laguntzen die.
Erosketa-agindu bat berrestea.
Txikizkako saltoki baten webguneak sarean erosketak egiteko aukera eskaintzen du. Erosketa bat egiten denean, aginduaren informazioa erakusten da (erositako produktu kopurua, entrega-helbidea eta ordainketa modua barne), erabiltzaileak agindua berrikusi eta, behar izanez gero, zuzendu ahal izan dezan. Erabiltzaileak agindua berresteko edo beharrezko aldaketak egiteko aukera du.
Akzioen salerosketa.
Finantza-zerbitzuetako webgune batek Internet bidez akzioak erosteko eta saltzeko aukera ematen die erabiltzaileei. Erabiltzaile batek akzioak erosteko edo saltzeko agindu bat bidaltzen duenean, sistemak egiaztatzen du merkatua oraindik irekita dagoen ala ez. Ordutegitik kanpo badago, erabiltzaileari jakinaraziko zaio transakzioa ordutegitik kanpo egingo dela, ohiko transakzio-ordutegitik kanpo jarduteak zer arrisku dituen esango zaio eta agindua bertan behera uzteko edo berresteko aukera emango zaio.
Gaztelaniazko bideoa, euskarazko azpitituluekin. Ikusi YouTuben (WCAG 3.3.4 Erroreak saihestea (legezkoak, finantzarioak, datuak))
W3Ck betetze-irizpide honi lotzen dizkion teknika nahikoak, teknika gomendatuak eta ohiko akatsak, ADDAWk itzuliak. Teknika nahiko bat bakarrik nahikoa da adierazitako egoeran irizpidea betetzeko; gomendatuek gutxienekoa baino harago egiten dute; akatsek irizpidea betetzen ez duten egoerak deskribatzen dituzte.
Ikusi erreferentzia Teknikak eta hutsegiteak (W3C, ingelesez)