ADDAWk euskarara egindako itzulpen ez-ofiziala da hau. Akatsak izan ditzake: dokumentu ofizial eta arauemaile bakarra W3Cren Web Content Accessibility Guidelines (WCAG) 2.2 jarraibideen ingelesezko jatorrizkoa da. Gaztelaniaz ere irakur dezakezu.
Fokua orriko osagai batera teklatu-interfaze baten bidez eraman badaiteke, fokua osagai horretatik teklatu-interfazea soilik erabiliz atera daiteke, eta gezi-teklak edo tabulazio-teklak baino zerbait gehiago behar bada, fokua mugitzeko metodo egokiaren berri ematen zaio erabiltzaileari.
Oharra: Irizpide hau betetzen ez duen edozein edukik erabiltzaileak orria osorik erabiltzeko duen gaitasuna oztopa dezakeenez, web-orriko eduki guztiak (beste betetze-irizpide batzuk betetzen dituen ala ez kontuan hartu gabe) irizpide hau bete behar du.
Betetze-irizpide honen asmoa da ziurtatzea edukiak ez duela teklatu-fokua 'harrapatzen' web-orri bateko edukiaren ataletan. Arazo hori ohikoa da orri batean formatu anitz konbinatzen direnean eta osagarriek edo txertatutako aplikazioek prozesatzen dituztenean.
Baliteke web-orriaren funtzionaltasunak fokua edukiaren azpiatal batera mugatzea uneren batean, betiere erabiltzaileak badaki egoera horretatik nola irten eta fokua nola 'askatu'.
Weba erabiltzeko teklatuaren edo teklatu-interfaze baten mende dauden pertsonak, pertsona itsuak eta zailtasun fisikoak dituztenak barne.
Egutegia duen aplikazio bat
Web-aplikazio batek erabiltzaileei beren egutegiko oharrak teklatuaren bidez gehitzeko, ezabatzeko eta eguneratzeko aukera ematen die. Aplikazioko kontrolak web-orriko tabulazio-ordenaren parte dira, eta, horri esker, erabiltzaileek fokua aplikazioaren kontroletan jar dezakete, bai eta ondoren datozen esteka edo kontrol guztietan ere.
Puzzle bat duen applet bat
Erabiltzaileak tabulazio-tekla erabiltzen duenean fokua appletean jartzeko, appletak kudeatzen ditu hurrengo tabulazioak eta tekla-sakatzeak. Appletetik nola irten azaltzen duten argibideak ematen dira appletaren aurretik eta applet beraren barruan.
Elkarrizketa-koadro modal bat
Web-aplikazio batek elkarrizketa-koadro bat erakusten du. Elkarrizketa-koadroaren behealdean bi botoi daude: Utzi eta Ados. Elkarrizketa-koadroa ireki denean, fokua elkarrizketa-koadroan harrapatuta dago; koadroko azken kontroletik tabulatzean, fokua koadroko lehen kontrolera pasatzen da. Elkarrizketa-koadroa Utzi botoia edo Ados botoia aktibatuta ixten da.
Gaztelaniazko bideoa, euskarazko azpitituluekin. Ikusi YouTuben (WCAG 2.1.2 Teklatu-fokuarentzako tranparik ez)
W3Ck betetze-irizpide honi lotzen dizkion teknika nahikoak, teknika gomendatuak eta ohiko akatsak, ADDAWk itzuliak. Teknika nahiko bat bakarrik nahikoa da adierazitako egoeran irizpidea betetzeko; gomendatuek gutxienekoa baino harago egiten dute; akatsek irizpidea betetzen ez duten egoerak deskribatzen dituzte.
Ikusi erreferentzia Teknikak eta hutsegiteak (W3C, ingelesez)