ADDAWk euskarara egindako itzulpen ez-ofiziala da hau. Akatsak izan ditzake: dokumentu ofizial eta arauemaile bakarra W3Cren Web Content Accessibility Guidelines (WCAG) 2.2 jarraibideen ingelesezko jatorrizkoa da. Gaztelaniaz ere irakur dezakezu.
Edukiak ez du behartzen pantailaren orientazio bakar batean ikusi eta erabili ahal izatera, hala nola formatu bertikalean edo horizontalean, salbu eta funtsezkoa bada
Betetze-irizpide honen helburua da ziurtatzea edukia erabiltzaileak nahiago duen orientazioan (bertikalean edo horizontalean) erakusten dela. Webgune eta aplikazio batzuek automatikoki ezartzen dute pantaila ikusteko orientazio jakin bat eta hartara mugatzen dute, eta espero dute erabiltzaileek gailua biratuz erantzutea bat etor dadin; baina horrek arazoak sor ditzake. Erabiltzaile batzuek gailuak orientazio finko batean muntatuta dituzte (adibidez, gurpil-aulki elektriko baten besoan). Beraz, webguneek eta aplikazioek bi orientazioak onartu behar dituzte murrizketarik gabe. Pantailaren tamainaren ondorioz edukian edo funtzionaltasunean gertatzen diren aldaketak ez daude irizpide honen barruan; irizpide hau orientazio-murrizketetan zentratzen da.
Historikoki, gailuek orientazio finkoko pantaila izan ohi zuten, eta eduki guztia pantaila-orientazio horrekin bat etor zedin sortzen zen. Gaur egun, gailu mugikor gehienek eta beste gailu askok (adibidez, monitoreek) hardware-mailan dute ikusteko orientazio lehenetsia dinamikoki doitzeko gaitasuna, sentsorearen informazioaren arabera. Betetze-irizpide honen helburua da egileek inoiz ez mugatzea edukiaren orientazioa, eta horrela ziurtatzea beti bat datorrela gailuaren ikusteko orientazioarekin.
Garrantzitsua da bereiztea, alde batetik, egileak edukia orientazio jakin batera ez mugatzeko duen erantzukizuna eta, bestetik, ikusteko orientazioaren blokeoa gobernatzen duen gailuaren konfigurazio espezifikoa.
Gailu eramangarri askok etengailu mekaniko bat edo sistema-konfigurazio bat (edo biak) eskaintzen dituzte, erabiltzaileari gailuaren pantaila orientazio jakin batean blokeatzeko aukera ematen diotenak. Erabiltzaile batek gailu osoa orientazio batean blokeatzea erabakitzen badu, aplikazio guztiek konfigurazio hori jasotzea eta edukia horren arabera erakustea espero da.
Betetze-irizpide honek gailuaren 'orientazio-blokeoa' konfigurazioa osatzen du. Ikusteko orientazioa mugatzen ez duen web-orri batek beti onartuko du sistema-mailako orientazio-konfigurazioa, sistemaren konfigurazioa erabiltzaile-agenteak jasotzen baitu. Bestela, gailu-mailan orientazio-blokeorik ezarri ez bada, erabiltzaile-agenteak orria gailuaren orientazioaren arabera erakutsi behar du (dela orientazio lehenetsia, dela gailuaren edozein sentsorek zehaztutako uneko orientazioa).
Funtsezkotzat jotzen diren gauzetarako salbuespena egoera hauetan zentratzen da: edukia orientazio jakin batean soilik ulertuko litzatekeenean, edo teknologiak orientazio posibleak mugatzen dituenean. Edukia orientazio bakarrean eskuragarri dagoen ingurune jakin baterako bada (telebista bat, adibidez), edukiak orientazioa muga dezake. Errealitate birtuala bezalako teknologiek betaurrekoen barruko pantailak erabiltzen dituzte, eta pantaila horiek ezin dute orientazioa aldatu erabiltzailearen begiekiko.
1. adibidea: lineako bideo-gunea
Bideo bat modu bertikalean edo horizontalean erakusten da, erabiltzaileak aukeratutako orientazioaren arabera.
2. adibidea: mezularitza-webgunea
Mezularitza-webgune batek mezuak bi orientazioetan erakuts ditzake, bertikalean eta horizontalean.
3. adibidea: liburu elektronikoak irakurtzeko web-aplikazioa
Liburu elektronikoak irakurtzeko web-aplikazio batek liburu baten edukia erakuts dezake, bai orientazio bertikalean, bai horizontalean.
4. adibidea: txekeak banku-aplikazioan gordailutzea
Orientazioa funtsezkoa den adibide bat izan liteke gailua modu horizontalean egotea eskatzen duen banku-aplikazio bat, gordailutzeko txeke baten irudia erraz eta zehatz ateratzeko. Paperezko formulario horiek, normalean, altuak baino bi aldiz zabalagoak izaten dira, gutxi gorabehera.
5. adibidea: piano-aplikazioa
Orientazioa funtsezkoa den adibide bat izan liteke gailua modu horizontalean egotea eskatzen duen piano-aplikazio bat, behar adina leku izateko funtzionalki erabilgarriak izango diren piano-tekla nahikorentzat. Piano-aplikazio batek teklen arteko ezaugarri fisiko erlatiboak gorde behar dituen piano-teklatu fisiko bat emulatzen duenez, tekla gutxiegi egongo lirateke eskuragarri, edo teklak estuegiak izango lirateke.
Gaztelaniazko bideoa, euskarazko azpitituluekin. Ikusi YouTuben (WCAG 1.3.4 Orientazioa)
W3Ck betetze-irizpide honi lotzen dizkion teknika nahikoak, teknika gomendatuak eta ohiko akatsak, ADDAWk itzuliak. Teknika nahiko bat bakarrik nahikoa da adierazitako egoeran irizpidea betetzeko; gomendatuek gutxienekoa baino harago egiten dute; akatsek irizpidea betetzen ez duten egoerak deskribatzen dituzte.
Ikusi erreferentzia Teknikak eta hutsegiteak (W3C, ingelesez)