Addaw, joan hasierara Egin dohaintza
wcag2.0

Irizpidea 3.2.4 - Identifikazio koherentea (AA)

ADDAWk euskarara egindako itzulpen ez-ofiziala da hau. Akatsak izan ditzake: dokumentu ofizial eta arauemaile bakarra W3Cren Web Content Accessibility Guidelines (WCAG) 2.2 jarraibideen ingelesezko jatorrizkoa da. Gaztelaniaz ere irakur dezakezu.

Web-orri multzo baten barruan funtzionaltasun bera duten osagaiak modu koherentean identifikatzen dira.

Betetze-irizpide honen helburua

Betetze-irizpide honen xedea da ziurtatzea web-orri multzo jakin batean askotan errepikatuta agertzen diren osagai funtzionalak modu koherentean identifikatu ahal izatea. Pantaila-irakurgailuak erabiltzen dituzten pertsonek webgune bat erabiltzean duten estrategietako bat da orri desberdinetan ager daitezkeen funtzioak ezagutzean asko fidatzea. Funtzio berberek orri desberdinetan etiketa desberdinak badituzte, askoz zailagoa izango da gunean nabigatzea. Gainera, nahasgarria izan daiteke eta karga kognitiboa handitu dezake muga kognitiboak dituzten pertsonentzat. Horregatik, oso lagungarria da etiketa koherenteak erabiltzea.

Koherentzia hori testu-alternatibei ere aplikatu behar zaie. Ikonoek edo testuak ez diren elementuek funtzio bera badute, haien testu alternatiboek ere koherenteak izan behar dute.

3.2.4 betetze-irizpidearen onura zehatzak:

  • Gune bateko orri baten funtzionaltasuna ikasten duten pertsonek nahi dituzten funtzioak aurki ditzakete beste orri batzuetan, bertan badaude.

  • Testua ez den edukia modu koherentean erabiltzen denean funtzionaltasun bera duten osagaiak identifikatzeko, irakurtzeko edo testu-alternatibak hautemateko zailtasunak dituzten pertsonek webarekin elkarreragin dezakete testu-alternatiben mende egon gabe.

  • Testu-alternatiben mende dauden pertsonek esperientzia aurreikusgarriagoa izan dezakete. Osagaia ere aurki dezakete, orri desberdinetan etiketa koherentea badu.

3.2.4 betetze-irizpidearen adibideak

Bideo azalpena

Gaztelaniazko bideoa, euskarazko azpitituluekin. Ikusi YouTuben (WCAG 3.2.4 Identifikazio koherentea)

Irizpide hau betetzeko teknikak

W3Ck betetze-irizpide honi lotzen dizkion teknika nahikoak, teknika gomendatuak eta ohiko akatsak, ADDAWk itzuliak. Teknika nahiko bat bakarrik nahikoa da adierazitako egoeran irizpidea betetzeko; gomendatuek gutxienekoa baino harago egiten dute; akatsek irizpidea betetzen ez duten egoerak deskribatzen dituzte.

Teknika nahikoak

Testu-alternatiba «koherenteak» ez dira beti «berdin-berdinak». Adibidez, web-orri baten amaieran gezi grafiko bat egon daiteke, hurrengo web-orrira estekatzen duena. Testu-alternatibak «Joan 4. orrira» esan dezake. Jakina, ez litzateke egokia testu-alternatiba bera zehatz-mehatz errepikatzea hurrengo web-orrian. Egokiagoa litzateke «Joan 5. orrira» esatea. Testu-alternatiba horiek berdin-berdinak ez badira ere, koherenteak lirateke, eta, beraz, betetze-irizpide hau beteko lukete.

Testua ez den eduki-elementu bera funtzio desberdinak betetzeko erabil daiteke. Kasu horietan, testu-alternatiba desberdinak behar dira, eta erabili egin behar dira. Ohikoa da horren adibideak aurkitzea egiaztapen-markak, gurutzeak eta trafiko-seinaleak bezalako ikonoen erabileran. Haien funtzioak desberdinak izan daitezke web-orriaren testuinguruaren arabera. Egiaztapen-markaren ikono batek «onartua», «osatua» edo «barne hartua» gisa funtziona dezake, batzuk aipatzearren, egoeraren arabera. Web-orri guztietan «egiaztapen-marka» testu-alternatiba gisa erabiltzeak ez die erabiltzaileei laguntzen ikonoaren funtzioa ulertzen. Testu-alternatiba desberdinak erabil daitezke testua ez den eduki berak hainbat funtzio betetzen dituenean.

Ohiko akatsak

Ikusi WCAG teknika guztiak euskaraz

Ikusi erreferentzia Teknikak eta hutsegiteak (W3C, ingelesez)