ADDAWk euskarara egindako itzulpen ez-ofiziala da hau. Akatsak izan ditzake: dokumentu ofizial eta arauemaile bakarra W3Cren Web Content Accessibility Guidelines (WCAG) 2.2 jarraibideen ingelesezko jatorrizkoa da. Gaztelaniaz ere irakur dezakezu.
Web-orriek ez dute segundo batean hiru aldiz baino gehiagotan distira egiten duen ezer, edo distira distira orokorraren eta distira gorriaren atalaseen azpitik dago.
Oharra: Irizpide hau betetzen ez duen edozein edukik erabiltzaileak orria bere osotasunean erabiltzeko duen gaitasuna oztopa dezakeenez, web-orriko eduki guztiak (beste betetze-irizpide batzuk betetzen dituen ala ez kontuan hartu gabe) irizpide hau bete behar du.
Betetze-irizpide honen asmoa da erabiltzaileek webgunera sarbide osoa izatea, fotosentsibilitateak eragindako krisi konbultsiborik izan gabe.
Fotosentsibilitateak eragindako nahasmendu konbultsiboak dituzten erabiltzaileek krisiak izan ditzakete maiztasun jakin batez hainbat aldiz distira egiten duen edukiaren ondorioz. Pertsona batzuk are sentikorragoak dira distira gorriekiko beste koloreetakoekiko baino; horregatik, proba berezi bat ematen da gorri saturatuko distiretarako. Jarraibide hauek telebista-industriarako jarraibideetan oinarrituta daude, ordenagailu-pantailetara egokituta; pantaila horietan, edukia distantzia txikiagotik ikusten da (ikus-angelu handiagoarekin).
Distira monitoreak eragin dezake, ordenagailuak irudi bat prozesatzean, edo prozesatzen den edukiak. Egileak ez du lehen bien gaineko kontrolik: monitorearen eta ordenagailuaren diseinuaren eta abiaduraren mende daude. Irizpide honen asmoa da distira-atalasea gainditzen duen distira edukiak berak ez eragitea. Adibidez, edukiak bideo bat edo irudi animatuak izan ditzake, distira estroboskopiko sorta batekin edo segidan bizkor gertatzen diren leherketen lehen planoekin.
Betetze-irizpide honek WCAG 1.0 jarraibideetako irizpide askoz murriztaileago bat ordezkatzen du; hark ez zuen inolako keinurik onartzen (ezta pixel bakar batena ere) maiztasun-tarte zabal batean (3 eta 50 Hz artean). Betetze-irizpide hau Erresuma Batuan eta beste leku batzuetan telebistarako gaur egun dauden espezifikazioetan oinarritzen da, eta ordenagailu-pantailetan ikusteko egokitu da. 1024 x 768 pantaila erabiltzen da ebaluaziorako erreferentziazko pantaila-bereizmen gisa. 341 x 256 pixeleko blokeak 10 graduko ikuspegia adierazten du ikusteko distantzia normal batean. (10 graduko eremua jatorrizko espezifikazioetatik hartu da, eta begiaren ikusmenaren erdiko zatia adierazten du, hau da, pertsonak argi-estimuluekiko sentikorrenak diren eremua.)
Aldi berean eta elkarren ondoan gertatzen diren distiren eremu konbinatua da aldi berean distira egiten duen azalera osoa. 10 graduko ikus-angeluaren barruan aldi berean keinuka ari den eremu jarraitua batuz kalkulatzen da.
Oharra: «Keinuka egon» eta «distira egin» terminoek eduki berari erreferentzia egin diezaiokete batzuetan.
«Keinuka egon» esapideak distrakzio-arazo bat eragiten duen edukiari egiten dio erreferentzia. Keinua denbora laburrez onar daiteke, betiere gelditzen bada (edo gelditu badaiteke).
«Distira egin» esapideak krisi, espasmo edo konbultsio bat eragin dezakeen edukiari egiten dio erreferentzia (segundoko 3 aldiz baino gehiago gertatzen bada eta behar bezain handia eta argitsua bada). Hori ezin da onartu segundo batez ere, krisi bat eragin baitezake. Distira gelditzea ere ez da aukera bat, konbultsioa hain azkar gerta baitaiteke non erabiltzaile gehienek ezingo luketen itzali.
Keinua ez da normalean segundoko 3 aldiz edo gehiagoko abiaduran gertatzen, baina gerta daiteke. Keinua segundoko 3 aldiz baino azkarrago gertatzen bada, distiratzat ere hartuko litzateke.
Distira egiten duen materiala ikustean konbultsioak izaten dituzten pertsonek webgune bateko eduki guztia ikusi ahal izango dute, krisiak izateko arriskurik gabe eta beren esperientzia testu-alternatiben edukira mugatu beharrik gabe. Horien artean daude epilepsia fotosentikorra eta fotosentsibilitateko beste nahasmendu batzuk dituzten pertsonak.
Webgune batek metraileta baten tiro-distiren bideo bat du, baina distira egiten duen irudiaren tamaina pantailaren zati txiki batera mugatzen du, onartutako atalasetik behera.
Tximista oso argitsuen eszena bat duen film bat editatu egiten da, tximistek segundo bateko tartean hiru aldiz bakarrik distira egin dezaten.
Gaztelaniazko bideoa, euskarazko azpitituluekin. Ikusi YouTuben (WCAG 2.3.1 Hiru distira edo gutxiago, atalasetik behera)
W3Ck betetze-irizpide honi lotzen dizkion teknika nahikoak, teknika gomendatuak eta ohiko akatsak, ADDAWk itzuliak. Teknika nahiko bat bakarrik nahikoa da adierazitako egoeran irizpidea betetzeko; gomendatuek gutxienekoa baino harago egiten dute; akatsek irizpidea betetzen ez duten egoerak deskribatzen dituzte.
Ikusi erreferentzia Teknikak eta hutsegiteak (W3C, ingelesez)