ADDAWk euskarara egindako itzulpen ez-ofiziala da hau. Akatsak izan ditzake: dokumentu ofizial eta arauemaile bakarra W3Cren Web Content Accessibility Guidelines (WCAG) 2.2 jarraibideen ingelesezko jatorrizkoa da. Gaztelaniaz ere irakur dezakezu.
Web-orri batean sekuentzialki nabiga badaiteke eta nabigazio-sekuentziak haren esanahian edo funtzionamenduan eragina badu, fokua jaso dezaketen osagaiek esanahia eta eragingarritasuna gordetzen dituen ordena batean jasotzen dute fokua.
Betetze-irizpide honen asmoa da bermatzea erabiltzaileek edukian zehar sekuentzialki nabigatzen dutenean informazioa esanahiarekin koherentea den eta teklatuarekin eragin daitekeen ordena batean aurkitzen dutela. Horrek nahasmena murrizten du, erabiltzaileari edukiaren eredu mental koherente bat osatzeko aukera ematen baitio. Edukiko erlazio logikoak islatzen dituzten ordena desberdinak egon daitezke. Adibidez, taula bateko osagaietan zehar errenkadaz errenkada edo zutabez zutabe mugitzeak edukiko erlazio logikoak islatzen ditu. Edozein ordenak bete dezake betetze-irizpide hau.
Web-edukiaren nabigazio-ordena sekuentziala nola zehazten den edukiaren teknologiak definitzen du. Adibidez, HTML soilak nabigazio sekuentziala tabulazio-ordenaren bidez definitzen du. HTML dinamikoak (DHTML) nabigazio-sekuentzia alda dezake scriptak tabindex atributuarekin batera erabiliz, elementu gehigarriei fokua jasotzeko aukera emateko. Scriptik edo tabindex atributurik erabiltzen ez bada, nabigazio-ordena edukiaren fluxuan agertzen den bera da. (Ikus HTML 4.01 espezifikazioa, 17.11 atala, «Elementu bati fokua ematea».)
Betetze-irizpide honetan kontuan hartzen den nabigazio sekuentzialari dagokion motakoa ez den teklatu bidezko nabigazioaren adibide bat da gezi-teklak zuhaitz-egitura batean nabigatzeko erabiltzea. Erabiltzaileak gora eta behera gezi-teklak erabil ditzake nodo batetik bestera mugitzeko. Ezkerreko gezi-tekla sakatuta nodo hori zabal dezake, eta beherako gezi-tekla sakatuta, zabaldutako nodo berriak korritu. Nabigazio-sekuentzia hori da zuhaitz-formako egitura batean espero dena: nodoak zabaldu edo tolestu ahala, nabigazio-sekuentziari gehitzen zaizkio edo handik kentzen dira.
Fokuaren ordena ez da zertan izan programazio bidez zehaztutako irakurketa-ordenaren berdina (ikus 1.3.2 betetze-irizpidea), betiere erabiltzaileak web-orria hala ere ulertu eta eragin badezake. Edukia irakurtzeko hainbat ordena logiko posible daudenez, fokuaren ordena horietako edozeinekin bat etor daiteke. Hala ere, aurkezpen jakin baten ordena programazio bidez zehaztutako ordenaren desberdina denean, aurkezpen horien erabiltzaileei zaila egin dakieke orria ulertzea eta erabiltzea. Egileek erabiltzaile horiek guztiak kontuan hartu behar dituzte beren web-orriak diseinatzean.
Adibidez, pantaila-irakurgailu baten erabiltzaileak programazio bidez zehaztutako irakurketa-ordenarekin elkarreragiten du; aldiz, ikusten duen eta teklatua erabiltzen duen erabiltzaile batek orriaren aurkezpen bisualarekin elkarreragiten du. Kontuz ibili behar da fokuaren ordenak bi erabiltzaileentzat zentzua izan dezan eta haietako inork ez dezan sentitu elementu batetik bestera ausaz jauzi egiten duela.
Teknika hauek mesede egiten diete dokumentuetan sekuentzialki nabigatzen duten eta fokuaren ordena irakurketa-ordenarekin koherentea izatea espero duten teklatuaren erabiltzaileei.
Orria erabiltzeko teklatua erabili behar duten mugikortasun murriztuko pertsonek onura ateratzen dute fokuaren ordena logiko eta erabilgarri batetik.
Irakurtzeko zailtasunak dituzten pertsonak desorientatu egin daitezke tabulazioak ustekabeko leku batera eramaten dituenean. Fokuaren ordena logiko batetik onura ateratzen dute.
Ikusmen-desgaitasuna duten pertsonak desorientatu egin daitezke tabulazioaren fokuak ustekabeko leku batera eramaten dituenean edo elementu interaktiboaren inguruko edukia erraz aurkitu ezin dutenean.
Pantaila-handigailu bat handitze-maila altuan erabiltzen duen pertsona batek orriaren zati txiki bat baino ezin du ikusi, agian. Fokuaren ordena logikoa ez bada, erabiltzaile horrek eremu bat testuinguru okerrean interpreta dezake.
Kontrol interaktiboen zuhaitz bat duen webgune batean, erabiltzaileak gora eta behera gezi-teklak erabil ditzake nodo batetik bestera mugitzeko. Ezkerreko gezi-tekla sakatuta nodo hori zabal dezake, eta beherako gezi-tekla sakatuta, zabaldutako nodo berriak korritu.
Web-orri batek, scripten bidez, elkarrizketa-koadro ez-modal bat inplementatzen du (hau da, elkarrizketa-koadroa irekita egonda ere leiho nagusian lanean jarraitzeko aukera ematen duena). Botoi bat aktibatzen denean, koadroa irekitzen da, eta elkarrizketa-koadroko elementu interaktiboak fokuaren ordenan kokatzen dira, botoiaren ondoren berehala. Elkarrizketa-koadroa irekita dagoen bitartean, fokuaren ordena botoitik koadroko elementuetara igarotzen da, eta gero botoiaren ondoren dagoen elementu interaktibora. Elkarrizketa-koadroa ixten denean, fokua botoitik hurrengo elementura igarotzen da.
Web-orri batek, scripten bidez, elkarrizketa-koadro modal bat inplementatzen du. Botoi bat aktibatzen denean, elkarrizketa-koadro bat irekitzen da, eta fokua koadroko lehen elementu interaktibora igarotzen da. Elkarrizketa-koadroa irekita dagoen bitartean, fokua koadroko elementuetara mugatzen da. Elkarrizketa-koadroa ixten denean, fokua botoira edo botoiaren ondoko elementura itzultzen da.
HTML orri bat sortzen da, alboko nabigazio-zerrenda eduki nagusiaren ondoren kokatuta, eta gero CSS bidez aldatzen da, zerrenda orriaren ezkerraldean jartzeko. Hori egiten da fokua zuzenean eduki nagusira igaro dadin, tabindex atributua edo JavaScript erabili beharrik gabe.
Oharra: Adibide honek betetze-irizpidea betetzen duen arren, ez da nahitaez egia CSS bidezko kokapen guztiek beteko dutenik. Kokapen konplexuagoen adibide batzuek esanahia eta eragingarritasuna gorde ditzakete edo ez.
Hurrengo adibideak ez du betetze-irizpidea betetzen:
Webgune batek datuak biltzen dituen formulario bat du, eta erabiltzaileei enpresak argitaratzen dituen hainbat buletin informatibotara harpidetzeko aukera ematen die. Formularioaren datu-bilketako atalak eremu hauek ditu, besteak beste: izena, helbidea, hiria eta posta-kodea. Formularioaren beste atal batek hainbat kontrol-lauki ditu, erabiltzaileek jaso nahi dituzten buletinak adieraz ditzaten. Hala ere, tabulazio-ordenak formularioaren atal desberdinetako eremuen artean jauzi egiten du; hala, fokua izenaren eremutik kontrol-lauki batera igarotzen da, gero helbidearen eremura, eta ondoren beste kontrol-lauki batera.
Gaztelaniazko bideoa, euskarazko azpitituluekin. Ikusi YouTuben (WCAG 2.4.3 Fokuaren ordena)
W3Ck betetze-irizpide honi lotzen dizkion teknika nahikoak, teknika gomendatuak eta ohiko akatsak, ADDAWk itzuliak. Teknika nahiko bat bakarrik nahikoa da adierazitako egoeran irizpidea betetzeko; gomendatuek gutxienekoa baino harago egiten dute; akatsek irizpidea betetzen ez duten egoerak deskribatzen dituzte.
Elementuei edukiaren sekuentziei eta erlazioei jarraitzen dien ordena batean ematea fokua, honako teknika hauetako bat erabiliz:
Web-orri bat dinamikoki aldatzea, honako teknika hauetako bat erabiliz:
Ikusi erreferentzia Teknikak eta hutsegiteak (W3C, ingelesez)