ADDAWk euskarara egindako itzulpen ez-ofiziala da hau. Akatsak izan ditzake: dokumentu ofizial eta arauemaile bakarra W3Cren Web Content Accessibility Guidelines (WCAG) 2.2 jarraibideen ingelesezko jatorrizkoa da. Gaztelaniaz ere irakur dezakezu.
Aldi berean hainbat elkarreragin-puntu erabiltzen dituzten edo keinu-ibilbide batean oinarritzen diren funtzionaltasun guztiak puntu bakar batekin ere erabili ahal izan behar dira, ibilbide bati jarraitzera behartu gabe (salbu eta puntu anitzak edo ibilbidea erabiltzea guztiz funtsezkoa bada).
Betetze-irizpide honen helburua da bermatzea edukia hainbat erakusle-gailurekin, gaitasunekin eta laguntza-teknologiarekin kontrolatu daitekeela. Pertsona batzuek ezin dituzte keinuak zehaztasunez egin, edo sarrera-gailu espezializatu edo egokitu bat erabil dezakete, hala nola buruko erakuslea, begien jarraipen-sistema bat edo ahotsez kontrolatutako sagu-emuladore bat. Erakusteko metodo batzuek ez dute puntu anitzeko keinuak edo ibilbidean oinarritutakoak egiteko gaitasunik edo zehaztasunik.
Ibilbidean oinarritutako keinua amaierako puntuak bakarrik garrantzitsuak ez diren elkarreragin bat da. Tarteko puntu batetik igarotzeak (normalean keinuaren hasieratik hurbil) ere haren esanahian eragiten badu, ibilbidean oinarritutako keinua da. Erabiltzaileak erakusle-gailu bat erabiltzen du (hasierako puntua), eta mugimendu bat egiten du, gutxienez tarteko puntu batetik igarotzen dena, erakuslea askatu aurretik (amaierako puntua). Tarteko puntuak zehazten du keinuak ibilbide jakin bat eskatzen duela, nahiz eta ibilbide osoa zehaztuta ez egon.

1. irudia: Ibilbidean oinarritutako keinu batean, erakuslearen mugimendu bat hasten da, eta amaierako puntuaren aurretik gutxienez tarteko puntu batetik igarotzen da. Amaierako puntua jarraipen bat izan daiteke edo hainbat mugimendu ahalbidetu ditzake.
Ibilbidean oinarritutako keinuen adibideak dira irristatzea, elkarreraginaren norabidearen araberakoak diren graduatzaileak eta karruselak, eta aurrez zehaztutako ibilbide bati jarraitzen dioten beste keinu batzuk, hala nola forma jakin bat marraztea. Ibilbide horiek hatzarekin edo arkatz batekin marraz daitezke ukipen-pantaila, tableta grafiko edo ukipen-panel batean, edo sagu, joystick edo antzeko beste erakusle-gailu batekin.
Arrastatzea mugimendu bat da, non erabiltzaileak objektu bat hartzen duen erakusle batekin (saguaren kurtsorea edo hatz bat, adibidez) eta beste posizio batera eramaten duen. Hasierako puntutik amaierako punturako mugimendu horrek ez du eskatzen erabiltzaileak ibilbide edo norabide jakin bati jarraitzea. Beraz, arrastatzea ez da ibilbidean oinarritutako keinua. Aldiz, ibilbidean oinarritutako erakusle-keinu batek tarteko puntu batetik igarotzea eskatzen du, eta hori modu teknikoa da adierazteko keinuaren norabideak eta, agian, abiadurak agindu jakin bat jakinarazten diotela sistemari.

2. irudia: Forma libreko keinu batek ez du ibilbide jakinik eskatzen amaierako puntuaren aurretik; hasierako puntua eta (aukeran) amaierako puntua bakarrik dira garrantzitsuak.
Oharra: Erakusle baten edozein mugimendu zaila edo ezinezkoa izan daiteke mugimendu zehatzak egin ezin dituen norbaitentzat; beraz, elkarreragiteko modu alternatiboak gomendatzen dira beti. Betetze-irizpide hau ibilbidean oinarritutako keinuetara mugatzen da, zaila edo ezinezkoa izan daitekeelako forma libreko ibilbideentzat alternatiba bat ematea.
Puntu anitzeko keinuen adibideak dira bi hatzez atximurka zooma egitea, hatz bat pantailan pausatuta dagoela bigarren hatz batek ukitzen duen sakatze zatitua, edo bi edo hiru hatzez egindako ukitu edo irristatze bat. Erabiltzaileek zaila edo ezinezkoa izan dezakete keinu horiek egitea hatz bakarrarekin edo erakusle-gailu batekin idazten eta seinalatzen badute.
Egileek ziurtatu behar dute haien edukia puntu anitzeko keinurik edo ibilbidean oinarritutako keinurik gabe erabil daitekeela. Puntu anitzeko keinuak edo ibilbidean oinarritutako keinuak erabil daitezke, betiere funtzionaltasuna beste metodo baten bidez ere erabil badaiteke, hala nola ukitu, klik, ukitu bikoitz, klik bikoitz, sakatze luze edo klik egin eta eutsi baten bidez.
Betetze-irizpide hau egileak emandako edukiko keinuei aplikatzen zaie, ez sistema eragileak, erabiltzaile-agenteak edo laguntza-teknologiak definitutako keinuei. Sistema eragilearen keinuen adibide izango lirateke beherantz irristatzea sistemaren jakinarazpenak ikusteko eta integratutako laguntza-teknologien (LT) keinuak. Erabiltzaile-agenteak inplementatutako keinuen adibide izango lirateke nabigatzaileek orrien historian nabigatzeko inplementatzen dituzten irristatze horizontalak, edo orriko edukia desplazatzeko irristatze bertikalak.
Batzuetan, osagai batek ibilbidean oinarritutako keinu bat eskatzen du ukipen-pantailako gailuetan, baina ez saguarekin. Har dezagun adibide gisa graduatzaile generiko bat:
Ukipen-pantailako gailuek keinu lehenetsiak aplika ditzaketenez, garrantzitsua da haiekin probatzea ziur ez badago osagai jakin batek ibilbidean oinarritutako keinu bat eskatzen duen ala ez.
Ukipen-pantaila duten gailuetan, nabigatzaileek keinu lehenetsiak izaten dituzte normalean, eta horiek eragina izan dezakete ibilbidean oinarritutako keinu bat behar den ala ez. Adibidez, ukipen-pantaila duen gailu bateko web-nabigatzaile batean, keinu bertikal bat hauteman liteke orria desplazatzeko. Erabiltzaile batek hatza graduatzaile batean jartzen badu eta gorantz mugitzen badu (beherantz desplazatzeko), baliteke horrek graduatzailea ez aktibatzea (inplementazioaren arabera). Hala ere, erabiltzailea lehenengo horizontalki mugitzen bada, graduatzaileak keinu hori har lezake eta mugimendu bertikala alde batera utzi, eta ibilbidean oinarritutako keinu bat izango litzateke. Ukipen-pantaila duten gailuak irisgarritasunarekin bateragarritzat hartzen badira, elkarreragin mota horiek ukipen-pantaila batekin probatu behar dira, sagua antzera erabiltzeak ez bailuke nabigatzailearen portaera bera eragingo.
Betetze-irizpide honek ez du eskatzen funtzionaltasun guztia erakusle-gailuen bidez eskuragarri egotea, baina erakusle-gailuentzat eskuragarri badago, ez du ibilbidean oinarritutako keinurik eskatu behar. Eduki-egileek, oro har, teklatu-aginduak edo erakuslean oinarritzen ez diren beste mekanismo batzuk eman behar dituzten arren keinu konplexuen ekintza baliokideak egiteko (ikus 2.1.1 betetze-irizpidea, Teklatua), hori ez da nahikoa betetze-irizpide hau betetzeko. Izan ere, erabiltzaile batzuk erakusle-gailuen mende daude erabat, edo erakuslearen sarrera sinpleak alternatibak baino askoz errazagoak iruditzen zaizkie egiteko eta ulertzeko. Adibidez, buruz kontrolatutako erakusle baten mende dagoen erabiltzaile batek erosoagoa izango luke kontrol batean klik egitea pantailako teklatu bat aktibatzea baino laster-tekla bat emulatzeko, eta tekla-segida bat (edo keinu-segida bat) buruz ikasteko zailtasunak dituen pertsona batek askoz errazagoa izan dezake etiketa duen kontrol batean klik egitea, besterik gabe. Beraz, erakuslean oinarritutako mekanismo bat edo gehiago onartzen badira, haien onurak erabiltzaileentzat eskuragarri egon behar dira puntu bakarreko ekintza sinpleen bidez.
Erakusle bakarreko eragiketen artean daude ukituak eta klikak, ukitu bikoitzak eta klik bikoitzak, sakatze luzeak, irristatzeak, arrastatzeak eta ibilbidean oinarritutako keinuak. «Atximurkatu zooma egiteko» edo bi hatzez irristatzea bezalako keinuak puntu anitzeko keinuak dira, bi erakusle-sarrera edo gehiago eskatzen baitituzte, kasu honetan bi hatz ukipen-pantaila batean.
Salbuespen bat egiten da berez ibilbide konplexuetan edo puntu anitzeko keinuetan oinarritutako funtzionaltasunarentzat. Adibidez, zure sinadura sartzea berez ibilbidean oinarritua izan daiteke (nahiz eta ez nahitaez zerbait berrestea edo zure identitatea berrestea).
Edozein norabidetan arrastatzea dakarten keinuak ez daude betetze-irizpide honen eremuan, arrastatze-eragiketa batean hasierako eta amaierako puntuak bakarrik baitira garrantzitsuak. Hala ere, keinu horiek kontrol motor fina eskatzen dute. Egileak arrastatzea eskatzen ez duten metodo alternatiboak ematera animatzen dira; adibidez, arrastatu eta jaregiteko eragiketa bat ere egin daiteke elementu bat hautatuz (ukitu batekin edo teklatuarekin elkarreraginez) eta, bigarren urrats gisa, haren helmuga hautatuz.
Gaztelaniazko bideoa, euskarazko azpitituluekin. Ikusi YouTuben (WCAG 2.5.1 Erakuslearen keinuak)
W3Ck betetze-irizpide honi lotzen dizkion teknika nahikoak, teknika gomendatuak eta ohiko akatsak, ADDAWk itzuliak. Teknika nahiko bat bakarrik nahikoa da adierazitako egoeran irizpidea betetzeko; gomendatuek gutxienekoa baino harago egiten dute; akatsek irizpidea betetzen ez duten egoerak deskribatzen dituzte.
Ikusi erreferentzia Teknikak eta hutsegiteak (W3C, ingelesez)