ADDAWk euskarara egindako itzulpen ez-ofiziala da hau. Akatsak izan ditzake: dokumentu ofizial eta arauemaile bakarra W3Cren Web Content Accessibility Guidelines (WCAG) 2.2 jarraibideen ingelesezko jatorrizkoa da. Gaztelaniaz ere irakur dezakezu.
Erabiltzaile-interfazeko edozein osagairen egoera aldatzeak ez du automatikoki testuinguru-aldaketarik eragiten, salbu eta erabiltzaileari portaera horren berri eman bazaio osagaia erabili aurretik.
Betetze-irizpide honen xedea da bermatzea datuak sartzeak edo formulario-kontrol bat hautatzeak ondorio aurreikusgarriak dituela. Erabiltzaile-interfazeko edozein osagairen konfigurazioa aldatzeak esan nahi du kontrolaren egoeraren bat aldatzea, eta egoera horrek iraun egingo du erabiltzaileak harekin elkarreragiten ez duenean ere. Beraz, kontrol-lauki bat hautatzen denean edo testu-eremu batean idazten denean, haren konfigurazioa aldatzen da, baina ez esteka edo botoi bat aktibatzen denean. Testuinguru-aldaketek nahas ditzakete aldaketak erraz hautematen ez dituzten erabiltzaileak edo aldaketek arreta galarazten dietenak. Testuinguru-aldaketak egokiak dira soilik argi dagoenean erabiltzailearen ekintzei erantzunez gertatuko direla.
Oharra: Betetze-irizpide honek kontrol baten konfigurazioa aldatzeak eragindako testuinguru-aldaketak hartzen ditu barne. Esteketan edo fitxa-kontrol bateko fitxetan klik egitea kontrola aktibatzea da, ez kontrol horren konfigurazioa aldatzea.
Betetze-irizpide honek desgaitasuna duten erabiltzaileei laguntzen die, eduki interaktiboa aurreikusgarriagoa egiten baitu. Ustekabeko testuinguru-aldaketek hain desorientatu ditzakete ikusmen-arazoak edo muga kognitiboak dituzten erabiltzaileak, ezen ezinezkoa egiten zaien edukia erabiltzea.
Testuinguru-aldaketak hauteman ezin dituzten pertsonek aukera gehiago dituzte webgune batean nabigatzean desorientatzeko. Adibidez:
Itsuek edo ikusmen gutxi dutenek zailtasunak izan ditzakete testuinguru bisualean aldaketa bat noiz gertatu den jakiteko, adibidez leiho berri bat irekitzen denean. Kasu horretan, testuingurua aldatuko dela erabiltzaileei aldez aurretik jakinarazteak txikiagotu egiten du erabiltzaileak sentitu dezakeen nahasmena, atzera egiteko botoiak espero bezala funtzionatzen ez duela ohartzen denean.
Ikusmen urria, adimen-urritasuna, irakurtzeko arazoak edo arrasto bisualak interpretatzeko zailtasunak dituzten pertsona batzuek onura ateratzen dute testuinguru-aldaketak hautemateko aukera ematen dien informazio gehigarria eransten bada.
Formulario batek web-agenda batean sarrerak sortzeko aukera ematen du. Gaia, ordua eta tokia adierazteko ohiko eremuez gain, botoi sorta bat dago sortu nahi den sarrera mota hautatzeko. Sarrerak bilera, ohar edo oroigarri motakoak izan daitezke. Erabiltzaileak bilerarako botoia aukeratzen badu, eremu gehigarriak agertzen dira orrian bilera horretako parte-hartzaileen izenak sartzeko. Beste eremu batzuk agertzen dira oroigarrirako botoia aukeratzen bada. Sarrera-sistemaren zati batzuk baino ez direnez aldatzen eta egitura orokorrak bere horretan jarraitzen duenez, oinarrizko testuingurua berbera da erabiltzailearentzat.
Formulario batek herrialde jakin bateko telefono-zenbakiak adierazten dituzten eremuak ditu. Zenbaki guztiek hiru digituko eremu-kode bat dute, ondoren hiru digituko aurrezenbaki bat eta, azkenik, lau digituko zenbaki bat, eta telefono-zenbakiaren zati bakoitza eremu bereizi batean sartzen da. Erabiltzaileak eremu bateko datuak sartzen amaitu eta hurrengo eremuko lehen digitua sartzen duenean, fokua automatikoki hurrengo eremura mugitzen da. Telefono-eremuen portaera hori formularioaren hasieran deskribatzen zaio erabiltzaileari.
Gaztelaniazko bideoa, euskarazko azpitituluekin. Ikusi YouTuben (WCAG 3.2.2 Datuak sartzean)
W3Ck betetze-irizpide honi lotzen dizkion teknika nahikoak, teknika gomendatuak eta ohiko akatsak, ADDAWk itzuliak. Teknika nahiko bat bakarrik nahikoa da adierazitako egoeran irizpidea betetzeko; gomendatuek gutxienekoa baino harago egiten dute; akatsek irizpidea betetzen ez duten egoerak deskribatzen dituzte.
G80: Bidaltze-botoi bat erabiltzea testuinguru-aldaketa bat abiarazteko, honako teknika hauetako bat erabiliz:
Ikusi erreferentzia Teknikak eta hutsegiteak (W3C, ingelesez)