ADDAWk euskarara egindako itzulpen ez-ofiziala da hau. Akatsak izan ditzake: dokumentu ofizial eta arauemaile bakarra W3Cren Web Content Accessibility Guidelines (WCAG) 2.2 jarraibideen ingelesezko jatorrizkoa da. Gaztelaniaz ere irakur dezakezu.
Markaketa-lengoaiak erabiliz inplementatutako edukietan, elementuek irekiera- eta itxiera-etiketa osoak dituzte; elementuak beren espezifikazioen arabera habiaratuta daude; elementuek ez dute atributu bikoizturik, eta IDak bakarrak dira, salbu eta espezifikazioek ezaugarri horiek onartzen dituztenean.
Oharra: Ez dira osotzat hartzen eratzeko funtsezkoa den karaktereren bat falta zaien irekiera- eta itxiera-etiketak, hala nola 'handiagoa' ikurra, ezta atributu baten balioan irekiera- edo itxiera-komatxoak falta dituztenak ere.
Betetze-irizpide honen xedea da ziurtatzea erabiltzaile-aplikazioek, laguntza-teknologiak barne, edukia behar bezala interpretatu eta prozesatu dezaketela. Edukia ezin bada datu-egitura batean prozesatu, erabiltzaile-aplikazio desberdinek modu desberdinean aurkez dezakete, edo guztiz ezgai izan daitezke hura prozesatzeko. Erabiltzaile-aplikazio batzuek 'konponketa-teknikak' erabiltzen dituzte gaizki kodetutako edukia prozesatzeko.
Konponketa-teknikak erabiltzaile-aplikazio batetik bestera aldatzen direnez, egileek ezin dute bere gain hartu edukia behar bezala prozesatuko dela datu-egitura batean edo erabiltzaile-aplikazio espezializatuek, laguntza-teknologiak barne, zuzen prozesatuko dutela, salbu eta edukiak teknologia bakoitzaren gramatika formalean definitutako arauak errespetatzen baditu. Markaketa-lengoaietan, elementuen eta atributuen sintaxi-erroreek eta irekiera- eta itxiera-marken habiaratze okerrak erabiltzaile-aplikazioei edukia modu fidagarrian prozesatzea eragozten dieten erroreak sortzen dituzte. Horregatik, betetze-irizpideak eskatzen du edukia gramatika formalaren arauak soilik erabiliz prozesatu ahal izatea.
Oharra: 'Ondo eratua' kontzeptua irizpide honek eskatzen duenetik hurbil dago. Hala ere, prozesatzeko eskakizun zehatzak aldatu egiten dira markaketa-lengoaia batetik bestera, eta XMLn oinarritzen ez diren lengoaia gehienek ez dituzte esplizituki definitzen ondo eratutzat hartzeko arauak. Beraz, betetze-irizpidean zehatzagoa izan behar da, markaketa-lengoaia gehienei aplikagarria izan dakien. 'Ondo eratua' terminoa XMLn soilik dagoenez definituta, eta HTML baliodunak ez duenez ondo eratutako koderik eskatzen (itxiera-etiketa batzuk aukerakoak baitira), terminoa ez da erabiltzen betetze-irizpide honetan.
Web-orriek irekiera- eta itxiera-etiketa osoak dituztela eta espezifikazioaren arabera habiaratuta daudela kontrolatzeak laguntzen du ziurtatzen laguntza-teknologiek edukia zuzen prozesatzen dutela.
Gaztelaniazko bideoa, euskarazko azpitituluekin. Ikusi YouTuben (WCAG 4.1.1 Prozesamendua)
W3Ck betetze-irizpide honi lotzen dizkion teknika nahikoak, teknika gomendatuak eta ohiko akatsak, ADDAWk itzuliak. Teknika nahiko bat bakarrik nahikoa da adierazitako egoeran irizpidea betetzeko; gomendatuek gutxienekoa baino harago egiten dute; akatsek irizpidea betetzen ez duten egoerak deskribatzen dituzte.
Web-orriak prozesatu daitezkeela bermatzea, honako teknika hauetako bat erabiliz:
Ikusi erreferentzia Teknikak eta hutsegiteak (W3C, ingelesez)