ADDAWk euskarara egindako itzulpen ez-ofiziala da hau. Akatsak izan ditzake: dokumentu ofizial eta arauemaile bakarra W3Cren Web Content Accessibility Guidelines (WCAG) 2.2 jarraibideen ingelesezko jatorrizkoa da. Gaztelaniaz ere irakur dezakezu.
Ataletako izenburuak erabiltzen dira edukia antolatzeko.
1. oharra: «Izenburuak» zentzu orokorrean erabiltzen da, eta tituluak eta eduki mota desberdinei izenburuak gehitzeko beste modu batzuk hartzen ditu barne.
2. oharra: Betetze-irizpide hau edukiari berari dagokio, ez erabiltzaile-interfazeko osagaiei. Erabiltzaile-interfazeko osagaiak 4.1.2 betetze-irizpidean jorratzen dira.
Betetze-irizpide honen asmoa da web-orri bateko zatietarako izenburuak ematea, orria ataletan banatuta dagoenean. Adibidez, dokumentu luzeak kapitulutan banatu ohi dira; kapituluak gaietan, eta gaiak hainbat ataletan; atalak paragrafoetan, eta abar. Horrelako banaketak daudenean, haiek aurkezten dituzten izenburuak behar dira. Horrek argi adierazten du edukiaren antolaketa, haren nabigazioa errazten du eta edukia ulertzen laguntzen duen «mapa» mental bat ematen du. Beste elementu batzuek izenburuak osa ditzakete aurkezpena hobetzeko (adibidez, lerro horizontalak edo koadroak), baina aurkezpen bisuala ez da nahikoa dokumentu bateko atalak identifikatzeko.
Xedapen hau AAA mailan sartuta dago, ezin delako eduki mota guztietan aplikatu eta ez delako beti posible izenburuak txertatzea. Adibidez, dokumentu bat webera igotzen denean, ezin dira txertatu egileak jatorrizko dokumentuan sartu ez zituen izenburuak. Gutun luze batek hainbat gai jorra ditzake, baina oso arraroa litzateke gutun bati izenburuak jartzea. Hala ere, dokumentu bat izenburuak dituzten ataletan bereiz badaiteke, nabigazioa zein ulermena erraztuko lirateke.
Pertsona itsuek jakin ahal izango dute noiz igaro diren orriko atal batetik bestera eta zein den atal bakoitzaren helburua.
Ikaskuntza-arazoak dituzten pertsonek izenburuak erabili ahal izango dituzte edukiaren antolaketa orokorra errazago ulertzeko.
Edukian teklatuarekin nabigatzen duten erabiltzaileek fokua izenburu batetik bestera jauzaraz dezakete, eta horrela azkarrago aurkituko dute interesatzen zaien edukia.
Edukiaren zatiak eguneratzen diren orrietan, izenburuak erabil daitezke eguneratutako edukira bizkor iristeko.
Menu batek atal desberdinak ditu plater motetarako. Atal bakoitzak izenburu bat du: Sarrerak, Entsaladak, Zopak, Postreak.
Web-aplikazio batek elkarrekin lotutako aukeren taldetan banatutako konfigurazio-orri bat du. Atal bakoitzak aukera mota deskribatzen duen izenburu bat du.
Gaztelaniazko bideoa, euskarazko azpitituluekin. Ikusi YouTuben (WCAG 2.4.10 Ataletako izenburuak)
W3Ck betetze-irizpide honi lotzen dizkion teknika nahikoak, teknika gomendatuak eta ohiko akatsak, ADDAWk itzuliak. Teknika nahiko bat bakarrik nahikoa da adierazitako egoeran irizpidea betetzeko; gomendatuek gutxienekoa baino harago egiten dute; akatsek irizpidea betetzen ez duten egoerak deskribatzen dituzte.
Ikusi erreferentzia Teknikak eta hutsegiteak (W3C, ingelesez)