ADDAWk euskarara egindako itzulpen ez-ofiziala da hau. Akatsak izan ditzake: dokumentu ofizial eta arauemaile bakarra W3Cren Web Content Accessibility Guidelines (WCAG) 2.2 jarraibideen ingelesezko jatorrizkoa da. Gaztelaniaz ere irakur dezakezu.
Autentifikatutako saio bat iraungitzen denean, erabiltzaileak jarduerarekin jarrai dezake, daturik galdu gabe, berriro identifikatu ondoren.
Betetze-irizpide honen asmoa da erabiltzaileei autentifikatutako transakzioak osatzeko aukera ematea, transakzio horiek jarduerarik ezagatiko denbora-mugak edo erabiltzailea transakzio bat osatzen ari den bitartean deskonektatzea eragin dezaketen beste egoera batzuk dituztenean.
Segurtasun-arrazoiengatik, webgune askok autentifikazio-denbora muga bat ezartzen dute jarduerarik gabeko denbora-tarte baten ondoren. Muga horiek arazoak sor diezazkiekete desgaitasuna duten pertsonei, denbora gehiago behar izan ohi baitute jarduera osatzeko.
Beste webgune batzuek pertsona baten saioa deskonektatuko dute pertsona hori beste ekipo batetik webgunera konektatzen bada, edo webguneari zalantzak sortzen dizkioten beste jarduera batzuk gertatzen badira pertsona hasieran konektatu zen bera den ala ez. Erabiltzaileak eragiketa baten erdian deskonektatzen direnean, garrantzitsua da berriro autentifikatzeko eta transakzioarekin jarraitzeko aukera ematea, dagoeneko sartutako datuak galdu gabe.
Betetze-irizpide honek jarduera bat osatzeko denbora gehigarria behar duten erabiltzaileei egiten die mesede. Muga kognitiboak dituzten pertsonek poliki irakur dezakete, eta denbora gehigarria behar izan dezakete galdetegi bat irakurtzeko eta erantzuteko. Pantaila-irakurgailu baten bidez elkarreragiten duten erabiltzaileek denbora gehigarria behar izan dezakete formulario konplexu batean nabigatzeko eta hura betetzeko. Zailtasun motorrak dituen edo sarrera-gailu alternatibo batekin nabigatzen duen norbaitek denbora gehigarria behar izan dezake nabigatzeko edo formulario bat betetzeko.
Keinu-hizkuntzako interprete bat soinuzko edukia erabiltzaile gor bati kontatzen ari den egoeretan, denbora-mugen gaineko kontrola ere garrantzitsua da.
Erosketa-webgune batean identifikatzea
Eskuak erabiltzeko muga handiak dituen erabiltzaile bat erosketa-webgune batera konektatuta dago. Hainbeste denbora behar du bere kreditu-txartelaren datuak sartzeko, ezen epea agortu egiten baita erosketa egiten ari den bitartean. Formularioa bidaltzen duenean, webguneak beste formulario bat duen pantaila bat itzultzen du, erabiltzaile-datuak berriro sartzeko. Erabiltzailea berriro identifikatzen denean, erosketa-prozesua informazio berarekin eta egoera berean leheneratzen da. Erabiltzaileak ez du aurrez sartutako daturik galduko; izan ere, erabiltzailearen saioa agortu bazen ere, zerbitzariak sartutako informazioa onartu eta aldi baterako gorde zuen, eta erabiltzailea zegoen egoera berera itzuli zuen
Posta-programa batean identifikatzea
Posta elektronikoko programa batek 30 minutuko iraupena du erabiltzailearen identifikaziorako. Programak epea iraungi baino minutu batzuk lehenago ohartarazten dio erabiltzaileari, eta leiho bat irekitzeko esteka bat ematen du, berriro identifikatu ahal izan dadin. Leiho nagusia bere horretan mantentzen da idazten ari zen mezuarekin, eta, identifikazioa berritu ondoren, erabiltzaileak bere mezua bidal dezake.
Denbora-muga duen galdetegi bat
Orri bakarreko galdetegi luze batek hasieran jakinarazten du saioa 15 minutura amaituko dela. Halaber, erabiltzaileari jakinarazten dio galdetegia edozein unetan gorde daitekeela eta geroago osatu. Orriaren barruan, formularioa partzialki gordetzeko hainbat botoi daude. Gainera, JavaScript irisgarritasunarekin bateragarriak diren eta fidagarritzat jotzen diren eduki-teknologien zerrendan dagoenez, erabiltzaileak aukera dezake, saioa iraungitzear dagoenean, leiho gainerakor baten bidez abisua jasotzea.
Gaztelaniazko bideoa, euskarazko azpitituluekin. Ikusi YouTuben (WCAG 2.2.5 Berriro autentifikatzea)
W3Ck betetze-irizpide honi lotzen dizkion teknika nahikoak, teknika gomendatuak eta ohiko akatsak, ADDAWk itzuliak. Teknika nahiko bat bakarrik nahikoa da adierazitako egoeran irizpidea betetzeko; gomendatuek gutxienekoa baino harago egiten dute; akatsek irizpidea betetzen ez duten egoerak deskribatzen dituzte.
Datuak galdu gabe jarraitzeko aukerak eskaintzea, honako teknika hauetako bat erabiliz:
Ikusi erreferentzia Teknikak eta hutsegiteak (W3C, ingelesez)